Ibardingo artzain-neska

Ibardingo artzain-neska –

Urruñan ongi ezagutzen dugu zer den Ibardin eta non dagoen. Lapurdi eta Nafarroa Garaiaren arteko mugan den mendi lepoa, alde batetik Urruña eta Azkaine, eta bestaldetik Bera. Gainera hortxe dago, frantsesek eta espainiarrek  Euskal Herria banatzean eta zatitzean, inposatu diguten sasi-muga zital eta gaiztoa. 

Ibardingo artzain-neska

Denetik ikusi dugu Ibardingo bazterretan, garai latzak izan dira, oraingoak goxoagoak diren arren. 317 metrotan dago. Gaur hogei benta edo denda inguru  kokatu dira muga aldeko gain ttipian, eta alkoholak, xingarrak eta orotarikoak saltzen dituzte. Azken hamarkadan  gasolindegi bat eraiki dute Berako lurretan.

Baina bitxia bada ere, ez da Lapurdiko aldean bat ere ezagutzen, Fermin Balentzia kantari nafarrak Franco diktadorearen azken urteetan, hau da, hirurogeita hamargarren hamarkadaren lehen urteetan egin, kantatu eta zabaldu zuen “Ibardingo artzain-neska”  izeneko kantu eder, matxino eta aldarrikatzailea.  Ziur aski, gaztelaniaz egin zuelako.

Gaur Fermin Balentziaren kantu ainitz aski famatuak dira Euskal Herriaren bi aldeetan, batzuk euskaraz, besteak gaztelaniaz. Gaztelaniazko hainbat kanturen euskal itzulpenak eginak dira eta bazter guztietara dira zabaldu. Nork ez du “Nafarroak kateak ditu”, “Amaiur” edota “Tafalla” kantu ederrak ezagutzen? Nork ez ditu noizbait besta edo aldarri giro batean abestu?

Nik oraingoan, “Ibardingo artzain-neska” abestia euskaratu dut, Urruña aldean ere, horren berri ukan dezagun. Itzulpen hutsa da, ez dago kantatzeko prestaturik. Agian beste noizbait!

Ibardingo artzain-neska

“Negarrez ari da artzain-neska Ibardingo mugan, aitzinean duen guardia zibilak fusilaz mehatxatzen du. Utz nazazu beste aldeko ibarrera jaisten galdu dudan ardiaren bila! Utz nazazu pasatzen! Bestela zer izanen da nitaz galtzen badut?

Guardia zibilak muga hor dela erraiten dio, eta legeek ez diotela uzten beste herrialde batera pasatzen. Erakuts iezadazu zure pasaportea? Hemen ez dut nirekin! Erakuts iezazkidazu zure paperak! Paperik gabe sortu nintzen! 

Zuen legeak Madrilen egiten dituzue, eta ez dakizue deus galdu dudan ardiaz! Beste aldeko ibarrean bada nirea bezalako herri bat, eta herri horretan sortu nintzenez geroztik mintzatzen dudan hizkuntza bera egiten dute!

Zergatik etortzen zarete urruneko lurretatik, fusilez armaturik, jadanik gure legeak ditugun Herri honetara? Alde hemendik! Gu hemen zoriontsu bizi gara. Segi Madrilera, zuen legeak inposatzera!

Ibardingo artzain-neska negarrez ari da. Guardia zibilak bere fusilaz mehatxatzen du.”

Ibardingo artzain-neska

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

3 pentsamendu “Ibardingo artzain-neska”-ri buruz

  • Joseba Aurkenerena 2022-06-19 08:50

    Hemen duzue Xerar Urrutia Jorajuria urruñar olerkari eta kantari-egileak berriki egin duen kanta honen euskal aldaera, kantatzeko egokitua dena.

    Ibardingo artzain-neska

    Ibardingo artzain neska,
    negar betean ari da,
    beste aldeko ibarrera,
    ardi galduaren xerka.

    Guardia zibila ari da,
    mesprezuekin oihuka,
    zizparekin mehatxuka,
    ezin dela muga pasa.

    Ikus zure pasaporta!,
    beharrezkoa duzuna,
    joateko beste aldera,
    hau da guztien legea.

    Ez dut nerekin hartua,
    paperik gabe naiz sortua,
    legea Madrilekoa da,
    hemen bi aldeak, bat da.

    Bestaldean da Urruña,
    haatik hemen da Bera,
    herrialde berekoak dira,
    Euskal Herria deitua.

    Etorri zarete honera,
    zuen legeak ezartzera,
    gureak hain onak dira!,
    arbasoen herentzia.

    Utz nezazu pasatzen!,
    nik ardia dut xekatzen,
    utz nezazu pasatzen!
    Nere lurra da hemen.

    Fermin Balentzia: La pastora de ibardin
    Xerart Urrutiak egin moldapena.

  • Mikel Taberna 2022-06-19 23:06

    Eskerrik asko, Joseba, Fermin Balentziaren “La pastora de Ibardin” kantaren berri emateagatik, eta hitzak euskarara ekartzeagatik.
    Uste dudanaren arabera, 1975-80 aldera, Getzeko kantagileak Beran egun batzuk eman zituen, euskara ikastaro batean, eta egonaldi hartan bizitutakotik sortuko zuen gerora kanta hori (bai eta bertzeren bat ere; bertan ikasi bide zuen “Txantxangorria txantxate” tradiziozkoan oinarritua, adibidez).
    Kanta dexente zabaldu zen Iruñerrian gehienbat, Balentziaren orduko “eragin-eremua”, nolabait errateko, huraxe baitzen.
    Erranen nuke Bera aldean ere ez zuela orduan jende aunitzek izan kanta horren berri, eta gaur egun ere gehienentzat ezezaguna izanen dela.
    Baina urte mordoska bat geroago, Joseba Irazoki beratar artista handiaren beharrietara ailegatu zen, eta hark erabaki kantaren euskarazko ordaina egitea. Josebak hitz haiek euskarara ekarriko ote nituen eskatu zidan (suerte hori izan nuen), eta neronek nolabait itzuli eta kantatzeko egokitu nituen. Nire iduriko, Irazokik kantaren bertsio bikain bat egin zuen hitz haiek baliatuz.
    Baina, bistan denez, euskarazko bertsioa ere ez da sobera ezaguna gure artean.
    Joseba Irazoki & Belardian-ek sinaturik 2007 plazaraturiko “Pobre gara” CD-an agertu zen “Ibardingo artzaintsa” kanta.
    https://www.badok.eus/euskal-musika/joseba-irazoki/pobre-gara

    Zoritxarrez ez dut aurkitu sarean kanta aditzeko modurik. Baina CDan berean heldu dira euskarazko hitzak, honela:

    Nigarrez ari da neskatxa, lekuko mutu Ibardin
    guardia zibilak, fusilez, tiro-keinua egin
    – Ardi batek bertze aldera lasterka alde egin dit.
    Utzi pasatzen, faborez! Bertzela, gaixoa ni!

    Guardia zibilak dio muga hor dela beti
    Ezin dela pasatu ta legea ezin hautsi
    – Alde batetik bertzera, mendian goiti-beheiti,
    bi aldeetan hizkuntza berbera dugu zubi

    – Muéstreme su pasaporte! -Ez dut hunat ekarri
    – Muéstreme sus credenciales! -Hoiek gabe naiz bizi
    Ibardindik hagitz urrun ez ote dago Madril
    Legelariari berdin ardia galdu edo hil

  • Joseba Aurkenerena 2022-06-20 13:15

    Egun on, Mikel.
    Mila esker zure gutunean eman duzun informazioagatik. Ez nekien deus zuk egin euskarazko aldaeraz. Istorio hau polita da, Ibardineko bi aldeetan, Berako batek (zuk) eta Urruñako batek (Xerar Urrutiak) moldapen bana egin duzuelako. Garbi dago muga hori ez zutela euskaldunen interesak defendatzeko ezarri, inperioren agintea inposatzeko baizik. Bada tenorea inperio horiek eror eta desager daitezen, eta herri naturalak (Euskal Herria, Katalunia…) libre et uros bizi gaitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude