Huts egilea

Huts egileaEguberrietan, kostata baina zer edo zer irakurri dut. Bertzeak bertze, David Albahari idazle serbiarraren Götz eta Meyer nobela, Koro Navarrok euskaratua Pasazaite argitaletxean. Tituluko Wilhelm Götz eta Erwin Meyer SSetako bi ofizial dira, Bigarren Mundu Gerran Serbiako juduak akabatzeko ardura izan zutenak. Nobelan, narratzailea, Belgradeko literatura irakasle bat, Holokaustotik salbatu ziren gurasoen oinordekoa, saiatzen da ulertzen nolakoak ziren edo nolakoak izan zitezkeen Götz eta Meyer, zer gizaki klase; saiatzen da giltzarriren bat aurkitzen azaltzeko zerk bihurtu zituen borrero bi gizon itxuraz normal. Narratzaileak ez du esplikaziorik aurkituko, eta horrek, narrazioak aitzinak egin ahala, ia-ia eromenera eramanen du. Pasarte batean, literatura irakasle izanik, aipatzen du ikasleei lan bat eginarazi diela Hotsa eta ardaila –The sound and the fury– nobelari buruz. Itzultzaileak egoki gogorarazten duenez, William Faulknerren nobela bat da Hotsa eta ardaila, bai eta Shakespearren aipu bat ere (halere, nobelan, Faulknerrek ez dio irakurleari gaztigatzen Shakespearri hartu diola esaldia, uste baitzuen naski haren irakurle idealak berehala ezagutuko zuela esaldiaren jatorria): bizitza “idiota batek kontatutako istorioa da, hots eta ardailez betea, esanahirik gabea”, eta horixe da naski bizitza Götz eta Meyerreko narratzailearendako.

Zer den gizaki normal bat borrero edo erresistente bihurtzen duena, horixe izan du aztergai Pierre Bayard kritikari frantsesak Eguberrietan irakurri dudan bigarren liburuan, Zer izanen nintzatekeen ni, erresistentea edo borreroa?Aurais-je été résistant ou bourreau?– liburuan hain zuzen ere (horrela kontatuta, iduri luke badudala halako koherentzia bat zer irakurri hautatzeko tenorean, hurrengo liburua irakurri dudan azkenaren arabera aukeratzen dudala, saiatzen naizela lantzen ari naizen gaiei segida ematen: ez, nire bizitza ere hotsez eta ardailaz betea baitago, anabasa hutsa da, eta kasualitate hutsa izan zen liburu horrekin topatu izana: Angel Errok aipatu zuen Argiako artikulu batean haren berri ematen zuelako erabaki nuen irakurtzea). Bayarden tituluari jarraiki, historiako une latz ezohiko erabakigarri batzuetan, gure barneko eta gure kanpoko hainbat indarrek eta eraginek bulkatuta, borrero edo erresistente bihurtzen ahal gara (egileak liburuan aukera gehiago aztertzen baditu ere).

Nik, halere, hirugarren aukera bat gehituko nioke bikote horri: nahi gabe ere ikusle izatearena, historia gu ohartu gabe gure ondotik pasatzearena. Huts egitearena. Huts egilea izatearena. Bada film bat nik anitz maite dudana eta hirugarren aukera hori nahiko ongi azaltzen dudana. Jacques Audiard-ek zuzendu zuen duela urte batzuk, Mathieu Kassovitz aktorea du protagonista, eta Oso heroi diskretuaUn héros très discret– du izena. Protagonista Frantziako herri txiki batean bizi zen, amarekin, eta betidanik heroi bilakatzea zuen amets, eta horretan aitaren fama badaezpadakoak badu eragina: txikitatik kontatu diote aita heroi gisa hil zela Lehen Mundu Gerrako lubaki batean, bizia Frantziaren alde eman zuela, baina eskolan mihi gaiztoren bati aditua dio egiatan zirrosiak eraman zuela aita mozkortia. Hori nolanahi den ere, Bigarren Mundu Gerra ailegatuta gure pertsonaiak ez du deusetan ere parte hartuko, eta ama Pétain-zalea zaindu bertzerik ez du eginen. Gerra akituta, harriduraz jakinen du herriko erresistentzia taldea nork eta bere neska-lagunak zuzentzen zuela (eta, gainera, ia-ia herri osoa zela ibilia talde horretan), eta hala eta guztiz ere bera bazter utzia izan zela. Lotsatua eta koleratua, heroi gisa jokatzeko aukera historikoa galdua duela ohartua, Parisera alde eginen du eta han, egunkariak eta aldizkariak eta liburuak irakurriz, hasiko da erresistentziak eginiko balentriak buruz ikasten, harik eta gertakari horiek berak parte hartu izan balu bezala kontatzeko gauza den artio; fite, erresistente ohien bileretan eta ospakizunetan onartua izanen da, eta handik denbora gutira kargu inportante bat jasoko du gerran egindako eginahal handiak saritzeko.

Bayarden galdemoduari ihardetsi beharko banio; alegia, ni zer izanen nintzatekeen, erresistentea edo borreroa, uste dut huts egilea izanen litzatekeela erantzuna. Ez dut nire burua borrero gisa ikusten (semeari txerto bat jarri behar izan nion behin, etxean, eta uste dut min handiagoa eman zidala niri, hari baino), ezta erresistente heroikoaren larru-azalean ere. Ez, nire papera huts egile erdipurdikoarena izanen litzateke segur aski. Izan ere, hori izan da maiz egokitu zaidan papera orain artio. Ongi pentsatuta, ez dago hain gaizki ere: Audiarden filmeko protagonistak bezala, fikzioa izanen dut salbazioa. Fikzio horretan, gainera, auto-ironia erabiltzeko parada izanen dut, eta akaso hainbat pista barreiatuko ditut nire auto-fikzio horretan, balizko irakurle trebe batek (nire irakurle idealak) noizbait nire gezur guziak agerian utz ditzan. Josteta izanen da; azken batean, nire biziaren dotoretze horrek ez dio inori kalte eginen: Audiarden filmean, akabera aldera, Kassovitzen pertsonaiak, berak ehundutako gezur sareak hartaratuta, gizon baten bizitzaz erabaki beharko du: orduantxe utziko dio bere komedia antzezteari.

Ni, momentuz, hasi naiz nire autobiografia dotoretzen. Horrek erran nahi du zati batzuk baztertu beharko ditudala, eta hori irratirako gai aproposa izan liteke: pasadizo batzuk, nire memorietan kontatuko ez ditudanak. Baina horretaz, bertze egun batean.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

 

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

3 pentsamendu “Huts egilea”-ri buruz

  • Oso ona, Santi, ikaragarri gustatu zait.
    Borrero izateari/bihurtzeari dagokionez, badago frantziar dokumental bat -“El juego de la muerte” gaztelaniazko bertsioan- ikusi ondoren eta artean durduzaturik, gaua galdera honen bueltan ezin lorik eginda ematera eraman ninduena: nik zer egingo nukeen? Dokumental hura behin eta berriz etorri zait akordura zure idatzia irakurtzean. Horra hor esteka, nahi duenak ikus dezan:
    http://www.documaniatv.com/documental-el-juego-de-la-muerte-video_dba6c9925.html

  • Patxi Larrion 2014-01-16 10:25

    Ona artikulua. Esteka honetan Enric Marco i Batlleren istorioa, iruzurti baten istorioa. http://ca.wikipedia.org/wiki/EnricMarcoi_Batlle
    http://www.youtube.com/watch?v=fvAGOqTYVrw
    Pertsonalki ezagutu nuen.

  • Gauzak zer diren, post bikain hau irakurrita, gaiak eta garaiak gogora ekarri zidaten hor nonbait, apalategi batean, aspaldiko partez ikusi gabeko film bat izan behar nuela. Halatan, bart Louis Malle-ren “Au revoir les enfants” (ber)ikusi nuen. 1987koa da, baina denboraren joanak ondu baino ez du egin, onerako. Huts egilea izanaren kontzientziak blaitzen du jite autobiografikoa duen lan hau, nahiz eta protagonistari ezer gutxi leporatuko diogun, haurtzaroa eta nerabezaroaren muga arteko lanbrotsuan baitago: Louis Malle 1932an jaio zen, beraz 12 bat urte izango zituen filma girotua dagoen 1944ko neguan. “Un héros très discret”ekin batera Frantziaren okupazioaren ikuspegi ederra eskaintzen du. Bere garaian polemika piztu zuten erpin zorrotzez haraindian (azaltzen diren aleman bakanak eskuarki “collabo” frantsesak baino adeitsuagoak eta zibilizatuagoak dira, baina tira, geroago etorriko zen Wladyslaw Szpilman salbatu zuen Wilm Hosenfeld ofizial alemana), interesgarria da “borreroaren” motibazioa: gizajo hutsa dugu, gizaki umiliatua, “nor” izate aldera eta egin dioten bidegabekeriaren ordainez mendekua hartzen du Bidegabekeria Orokorraren baitan… Badu antzekotasunik beste filmaren protagonistarekin.