Hurren ARTE

Hurren ARTE –

Donostian jaio zinen 1914 urtean. Prim eta Urbieta kaleen artean, hain zuzen. Cortazar arkitektoaren seme eta eraikin historiko gisa aurkeztu izan zaituzte. Bellas Artes izenez ezaguna. Europako zinema areto zaharrenetako bat zara. Edo zinen.

Europa osoan, Lehen Mundu Gerra aurreko areto gutxik diraute zutik, zu zara horietako bat.  Eskuzabala oso, 1.400 lagun sartzen dira zurean. Euskadiko interes historiko eta artistikoko ondaretzat zaituzte eta ICOMOS-UNESCOk zure babesa bermatzeko abisua igorri du. Ancora elkartea duzu taldekide leialen. Kurrikulum txukuna duzu, zinema areto izateaz gain, Orfeoi Donostiarraren eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren entsegu egoitza izan zara ere. (Dena den, badakit gehiagorako gaitasuna duzula eta ez dizutela  behar beste zuku atera). Baina hau guztia esanda, zer atera daiteke gaizki?

bellas artes

Hemen dator plot twist-a. Esan dizudan lehen gauzari erreparatu behar diogu: Donostian jaio zinen.

Ignoratua izan zara. Ahaztutako bitxia. Erditik kendu nahi zaituzte. Aurri egoeran zaudela leporatu dizu Auzitegi Gorenak. Zure eraispena proposatu da. Askok urteak daramatzate zure suntsipenaren atzetik. Bai, badakit zer egongo zaren pentsatzen, “hain zaila da zure antzoki-zinema areto izaera errespetatzea? Aurri egoeran zaudela? Hain zaila da behar diren konponketak egitea?” Ez dakit, ez naiz erantzuteko gai… SADE enpresarena zara orain. Agian haiek badakite zerbait.

Baina arren, honek ez dezala zure autoestima galarazi. Donostian jaio zinen eta beraz, donostiar askoren interesekoa zara. Guk erabili nahi zaitugu, zure tripak barrutik bizi, berriro antzoki, zinema areto eta kulturgune bat sortu. Hamaika proiektu aurkeztu dira zure barrenak berriro loratzeko. Ez zara hain ignoratua izan. Nik pertsonalki zurekin amestu eta dena egin dut.

Esan bezala, barruan duzun antzokia berreraikiko nuke. Kultura eskaintza zabala eskainiko nuke, zinema areto bezala jantziko zintudan egun batzuetan, kontzertu areto bezala beste batzuetan, musika eskola, antzerki antzoki, ikastaro eta entsegu egoitza bezala beste hainbatetan. Polita da amestea. Badakit aurkeztu ziren hamaika proiektu horietatik hainbatek antzeko proposamenak jaurti zituztela.

Inozenteak. Donostia hiri kulturala da askorentzat. Zinemaldiari, Jazzaldiari… horiei guztiei alfonbra gorria jarriko diete eta oso ondo aizu. Zuri? Ña… ez dakit. Cotillard edo Cruz joango lirateke zurera? Internazionalki esanguratsua izatera irits zaitezke?

ancora
                                  Argazkia: Ancora

Hori beharrezkoa litzateke lagun… Zer eskaini dezakezu zuk? Ondare historikoa izatea? Europa mailan aintzatetsia izan den obra arkitektonikoa? Europako zinema zaharrenetako bat zarela argudiatu dezakezu agian? Ez da nahikoa. Horrek ez du deus balio antza.

Beste funtzio bat bete dezakezu hiri dotore honetan. Ahaztu donostiar ameslari txatxu horiek, zentratu benetan garrantzitsua den horretan: turismoan.

Hiru pisuko aparkaleku bat eta sei pisuko hoteltxo bat eraiki ditzakegu zurean. Erabakita. Azkenean badakigu zer egin zurekin. Nola ez zaigu lehenago otu? Hori bai lasaitua.

Kulturetxe, zinema, edo antzerki areto bat? Mesedez, Donostian asko daude dagoeneko. Hotelak, hotelak dira behar direnak, oso gutxi baitaude hiri honetan. Nola ez dugu lehenago ikusi?

 

Donostian jaio zinen. Donostian hilko zara. Baina oraindik ez, mesedez.

Hurren ARTE

ZUZEUko erredakzio kide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude