Hondarribian Kultur Etxeak

Hondarribian Kultur Etxeak

Hondarribian ez bat, bi kultur etxe egiten ari dira. Franco hil zenetik 36 urte joan eta gero, eta Gipuzkoako herri txikienak ere bere kultur etxea duenean, Hondarribiak, oraindik, ez dauka berea.

Ba bai Jaun-Andreok, bi baten partez. Franco hil ondoren lehenengo Udal hauteskundeetatik EAJk agindu du gure herrian, salbu 4 urte EAk agindu zuela EAJ hautsi ondoren. Ezkeroztik beti eskatu zaio EAJri kultur etxea egin zezan 300/400 lagunentzako areto batekin. Hauteskunde bakoitzean EAJk hori sartu du bere programan, 36 urte pasatu ondoren badirudi kultur etxea eta aretoa izango dugula. Eta zer hobeto baten partez bi egitea baino?

Ba horixe gertatzen da gure herrian, hemendik bi bat hilabetera 500 metroko diztantziarekin dauden bi inauguratuko direla. Biak batera gutxi gora-behera, batean 100 lagunentzako areto batekin, bestean hiru areto 100, 200, eta 300 lagunentzako.

Beno, ez gara gehiegi kexatuko. Esan dudan bezala, bi bat hilabete barru inauguratuko omen dituzte. Uste genuen honez gero bi kultur etxe horiek nola kudeatuko ziren, zein programazio edukiko zuten, eta abar, eta abar, antolatuta egongo zela. Bai zera, oraindik ez omen dute ezer pentsatu, nola kudeatu, zenbat langile… baina, nahiz eta ezer jakin ez, antzerkirako eta bestelako zenbait tresna erosita daude, ez dakigu gero zerbaitetarako balioko duten, baina gastua egina dago.

Hau bai dela etxea teilatutik hastea.

17 pentsamendu “Hondarribian Kultur Etxeak”-ri buruz

  • Gonzalo Etxague 2011-08-20 09:25

    Mesedez! Batzuei huskeriak egiten die min. Ez dut ulertzen nola egin dakiokeen kritikarik Hondarribiko Udal txit prestuari horrelako txepelkeria batengatik. Gogoratu behar da azken urteotan Udalak egin dituen funtsezko inbertsioak, benetan garrantzitsuak: lehenik eta behin hondartzako kirol portua, hondarribitarrek euren bela-ontziak eta yateak gorde ditzaten (nik, esaterako, lehen ez nekien non sartu hamabi metroko yatea) eta une batez Marbellan daudela amets dezaten; baina hondartzakoa segituan txikiegia suertatu zaigunez, beste bat egin du portu zaharrean, oso polita eta dotorea; gainera, mendia pistaz bete du etxe gehiago egin ahal izateko eta gure audi eta mercedesekin eroso irits gaitezen; itsasertzean eraikin gehiago egiteko baimenak eman ditu, Kosta-lege inposatzaileari muzin eginda, mendia gustatzen ez zaienentzat; eskailera mekanikoak eta igogailuak jarri ditu aldapei boikota egiteko… Baina kultura? Jaun-andreok, Administrazioak bultzaturiko kultura pobreentzat da, eta Hondarribian ez dago pobrerik!

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-20 13:30

    Oso ona Gonzalo! Nire yatea hirearen ondoan aparkatuta egoten dena da, beraz hirekin ados!

  • Gonzalo Etxague 2011-08-20 19:35

    Ondorioa da, noski, Hondarribiak bi kirol portu (bi!) baditu, logikoa dela bi kultur etxe izatea. Pena da bi udal ez izatea: bata turistentzat eta madrildar udatiarrentzat (oraingoa), eta bestea herrian bizi direnentzat.

  • Hori da hori, kexatu beharra! Zer kalte egiten dio herriari bi kultur etxe izateak? Bereiz ditzatela jarduerak (beti dago astia horretarako), izan daitezela osagarriak, urte osoan kontuan har dezatela euskarazko eskaintza, herriko taldeei ere bidea eman diezaietela jendaurrean agertzeko… Lehengo alderdia dago agintean, baina pertsonak aldatu dira. Zergatik ez diezue hilabete batzuetako marjina ematen? Zorioneko arazoa, azpiegitura egokiak izatea!

  • Gonzalo Etxague 2011-08-22 14:39

    Alkate “berriak” lau urteko epea izan du. Luzeagoa?

  • Alkatea Hirigintzako batzordeburua, baina Kulturakoa ez. Bi kultur etxe egitearen ardura alkateari dagokio, baina etxeak kultur edukiz ondo hornitzen ez badira, ardurak beste bati eskatu beharko zaizkio. Herritarrek eta herriko taldeek ere oraintxe dute aukera lehen urte osoan zehar egin ezin zirenak proposatzeko. Berriz diot: bi kultur etxe? Zorioneko arazoa!

  • Gonzalo Etxague 2011-08-22 16:14

    Oso ondo, baina hamarkadotako politika tamalgarria izan bada, zertaz ari gara? Gaur egun, gero eta etxe huts gehiago dago, eta mendi gutxiago. Metro kadratua estatuko garestiena da, bai, garestiena, Donostian baino garestiagoa! Garrai publikoaz hitz egingo al dugu, berrogei urtetan garatu ez den garraio publikoaz? Dena, den-dena, turismoari begira egiten da, herrian madrildar bat agertu orduko prakak jaitsi eta ipurdia eskaintzea da Udalaren aholkua; “una gente amaravillosa”, esaten dute gero Kapitalean, “nada que ver con esos salvajes del interior”. Gero, San Pedroko taberna batean txikitoa euskaraz eskatu eta “no te entiendo”. Negu osoan argiak itzalita eta nahikoa da zubia edo Aste Santua iristea elizakoak pizteko. Mesedez!

  • Ez dizut ukatzen, Gonzalo, kexatzeko arrazoirik faltako zaizunik. Hala ere, eta berriari berriro helduta, “herriak” eskatzen zuen hori gauzatzeko bidean jarri denean, tristea ez al da kultur etxeak inauguratu baino lehen purrustaka hastea?
    Nik ez dut herria asko ezagutzen,baina txundituta geratu nintzen jakin nuenean antzoki edo zinema aretorik ez zuela. Euskarazko antzezlanak, bertso jaialdiak udaz kanpo, ikus-entzunezkoak, aurkezpenak… non egingo dira azpiegitura egokirik izan ezean? Kultur etxeak gehiago ikusten ditut herritarrei zuzendutako espazio gisa, ez madrildarrei begirakoak, eta aukera hori aprobetxatu beharko lukete hondarribiarrek orain. Edo nahiago zenuke bi kultur etxe horietako bat merkataritza gune edo turistei zuzendutako interpretazio zentro izatea? Etxe batzuen kultur erabilera zuzendu daitekeen arazoa da, zailagoa litzateke non eskainia izan gabe jarduerak antolatzea. Eta dena ez da udalaren ardura izango.

  • Gonzalo Etxague 2011-08-22 18:32

    Arazoa ez da kultur etxea egitea, bat edo bi, ez eta oraingo alkateak egitea. Arazoa Udala gobernatzen hogeita hamabost urte eman ondoren egitea da. Horrenbestez, San Pedro kalean New York Times egunkarian goraipatzen dituzten pintxo goxoak jan ditzakezu Ferrariren bat pasatzen ikusi bitartean (ez da txantxa), baina ezin duzu ADSL konexiorik jarri, azpiegiturak falta direlako. Hori adibidea da, eman ditudanen artean beste bat, oraingoan Udalaren erantzukizun zuzena ez bada ere. Baina Euskaltelekoei presioa egitea dauka, noski. Halere, tradizioari jarraitzen zaio horrela, orain dela hogei urte ia urtebetez itxaron beharra baitzegoen Telefonicak etxean finkoa jar zezan; bien bitartean, auzokoren batek abisua ematen zizun kaleko kabinan deia izanez gero. Baina aireportua dago, eta ezetz asmatu: une berean urliak Madrilerako hegazkina eta sandiak Donostiarako autobusa hartzen badute, lehenago iritsiko da urlia Madrilera (45 minutu) sandia Donostiara baino (55 minutu).

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-22 20:31

    Hegazkinarenak, orri batean idatzi eta etxeko paretean zintzilikatzeko gogoa ematen dit. Oso ona (tristetik eta deitoragarritik aparte, noski).

  • Pello Andrearriaga 2011-08-22 23:23

    Nire ustez Kexatik ez du eztabaida honi hasiera eman dion artikulua… “tristea ez al da kultur etxeak inauguratu baino lehen purrustaka hastea?” Nor hasi da purrustaka? Nik hauxe jarri nuen:”Beno, ez gara gehiegi kexatuko.”. Gaia da gero esaten dudana: Bi hilabete barru inauguratuko dituztela eta oraindik ez dagola kudeaketa planik, zenbait tresna erosi dituztela nork zuzenduko duen jakin gabe, eta zuzendari horri erositakoak balioko ote dizkioten. Hogeita hamabost urte pasatu eta gero. “Lehengo alderdia dago agintean…, Alkateak, Udalan ia 17 urte darama, azkeneko laurak alkate bezala, beraz, ondo ezagutzen du etxe hori, esan nahi dut, beti, ondo irakurri duzu, beti politikan ibili dela, hauei politikari profesionalak deitzen zaie, eta oraindik marjina eman behar zaiola? bejondeizula Kexati, bejondeizula.

  • Pello: nik ez dut esan purrustaka zeu aritu zarenik. “Ez gara gehiegi kexatuko” esan bai, baina parrafo horretan bertan esandakoak badu zerbait kexatik eta kritikatik. Kudeaketa arloa pentsatu gabe izatea oso larria da (eta ez naiz alkatea defendatzen hasiko), baina egurra ematen hasi baino lehen bidezkoa litzateke aipatutako marjina ematea arduradun berriei kontua antolatzeko. Antzerkirako tresnak eta bestelakoak? Niri primeran iruditzen zait baliabide horiek erostea, mila aukera zabaltzen dituztelako; bekatua hasieratik ez aurreikustea litzateke, antzezlanik jaso ezin duen aretoa inauguratzea.

    Gonzalo: zilegi da, bai, Udalaren azken hamarkadetako politikari buruz barrenak askatzea, motiboak badaudela ikusi dut. Hala ere, kontraesana iruditzen zait hala egitea, noiz eta udalak “pobreentzat” kultura bultzatzeko pauso bikoitza eman duenean.

    Aitor: polita da hegazkinaren adibidea, bai, baina tranpatxoa du; batetik, autopistaz doan autobusak 30 minutu inguru behar ditu Donostiara iristeko (herriz herrikoak 55); bestetik, ez da ahaztu behar maleta fakturatzeko askoz lehenago joan beharra dagoela aireportura (gehitu ordu eta erdi, batzuetan) eta gero maleta jaso beharra dagoela, eta handik etxera joan (Madril erdigunera ia ordubete, metroan edo autobusean). Audian edo Mercedesean goazenok pixka bat gutxiago, txoferra bila joaten zaigu eta. 😉

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-23 12:35

    Bai, kexati, badakit tranpatxoa duela, hegazkinarena ez dut hartu argumentu handitzat, polit eta dibertigarritzat baizik…eta zer pentsatua ere ematen duena. Halere, tranpatxoa den-denean dago, hegazkinarenean eta edozein argumentu planteatzen den moduan (zure planteamenduak barne), ez dezagun ahaztu.

  • Arazo ez da infraestruktura gehiago inauguratzea, baizik eta eraiki aurretik jakin zertarako erabiliko diren. Hor dago Polborina bergaitua, hutsik eta itxita,Udaletxean inork ez dakiela zer egin… Infraestrukturak bai, baina kudeaketaren eta beharren arabera

  • Pello Andrearriaga 2011-08-28 00:38

    Nire uste apalean etxeak ezin dira teilatutik egiten hasi. Kasu honetan, bi kultur etxe egin dira eta Manzagek oso ondo esaten duen bezala arazoa ez da infraestrukturak inauguratzea, eraiki aurretik zertarako erabiliko diren jakitea baizik. Bai, ziur kulturarako izango direla, baina, ez ote litzateke hobeto lehen nork eramango duen aurrera horko programazioa, horko zuzendaritza, horrek esan beharko luke zer behar den, zer erosi behar den eta abar, eta ez alkate edo zinegotzi batek.
    Enpresa bat eraiki eta irekitzen denean lehenengo gauza nor izango den zuzendaria edo gerentea erabakitzen da, honek plan bat egiten du eta orduan irekitzen da. Hemen, lehen ireki, planik ez, eta gainera gastuak egin. Ongi zagok motel.

    • Ia bi urte dira Hondarribian kultur etxeak inauguratu zirela. Hondarribira joan izan naizenean beti ikusi ditut gauza interesgarriak karteleran: Ruper bezalakoen kontzertuak, antzezlanak (zaharrak eta berriak), filmak… Berriaren aldeko ekitaldia ere egin zuten orain gutxi. Kultur eskaintzan ez al du Hondarribiak pauso bat aurrera egin?

  • Iban Tustán 2013-05-27 09:42

    Azpiegiturak ugaritu egin dira azken urteotan. Asko eta asko, handiegiak, garestiegiak, ikusgarriegiak. Funtzionaltasunari baino gehiago, eraikina ikur bilakatzeari begira eginak. Guggenheim efektua. 1.500 biztanletik gorako herri askotan eraikin bitxiak aurkitu daitezke orain, soilik eraikinaren zainketan eta beroketan dirutza irensten dutenak. Teilatu bihurriak, apenas euririk egiten ez duen herri honetan. Lehio erraldoiak, iparraldera begira bada ere, Kultur etxeak barik, Kultura ministeritza diruditen eraikintzarrak, eraikitzaileen eta politikari handikien ahaidetasunaren lekuko.