Holokaustoa jomugan duten 5 pelikula

Holokaustoa jorratu duten film zerrenda bat egitea komenigarria delakoan nago, Auschwitz kontzentrazio esparrua askatu zutenetik 70 urte betetzen diren aste honetan. 5 filme aipatuko ditut, ziuraski ez ezagunenak eta Holokaustoa aipatzen dugunean guztioi burura etortzen zaizkigunak:

1. Kapo (1960)

Gillo Pontecorvo Europan 60. eta 70. hamarkadan egon zen zinema politikoa delakoaren zuzendari ospetsuenetakoa dugu, agian Costa-Gavras greziarrarekin batera. Pelikula honek Edith delako emakumearen historioa islatzen du. Edith judutarra dugu, eta kontzentrazio esparru batera eramaten dute, bertan erahila izatetik aske geratuko da Kapo izatea onartzen duelako, hau da, judutar zaindaria. Soldadu nazien moduetara egokituko da, preso sobietar batekin maitemindu arte. Interesgarria da pelikula hau, besteak beste, esparruetan zaindariak izateko prest zeuden judutarren errealitatea islatzen duen lehenengo pelikuletako bat delako.

Kapo pelikularen kartela

 

2. Shoah (1985)

Claude Lanzmann zuzendariak burutu zuen ea 10 ordu irauten duen dokumental erraldoi hau. Dokumentala egiteko zuzendariak 11 urte dedikatu zituen, eta soil soilik biktimen eta lekukoen testigantzen bitartez egin zuen, hau da, ez dago ez artxibo irudirik ezta doinu bandarik ere. Ahozkotasunaren bitartez memoria lantzea du helburu Lanzmannek dokumental honetan. Jakina, iraupena eta egitura kontuan hartuta, ez da ikusteko pelikula erraza, baina Holokaustoaren biktimek merezitako omenaldi txukuna egin zuelakoan nago.

Shoah

 

3. Su etena (1997)

Primo-Levi idazle italiarraren eleberri zoragarri eta izugarrietan oinarritutako pelikula. Hau gizona bada liburuan Auschwitz-en preso egondako idazle italiarrak kontzentrazio esparru horretan bizi izandakoa azaltzen du: gizakioi lapurtutako duintasuna, bizirauteko egin beharrekoak, esparruko zaindariekin izandako harremana… Su-etena bigarren liburuan (jakina, pelikularen izenburua liburu honetatik dator) Auschwitz askatu eta Italiara bueltatzeko pairatutako sufrikarioa kontatzen du. Francesco Rosik zuzendutako pelikula bi liburuen arteko egokitzapena eskaintzen digu, John Turturrok antzezpen bikaina burutzen duelarik.

La tregua pelikularen kartela

4. Conspiracy

1942. urte hasieran eginiko Wanseeko Konferentziako berregitea dugu pelikula hau. Bilera sekretu horretan buruzagi naziek, Adolf Eichmann eta Reinhard Heindrich agindupean, Azken Konponbidea zeritzona eztabaidatu zuten, eta Holokaustoa martxan jartzea erabaki zuten.  HBO eta BBC kate ospetsuen artean ekoiztutako telebistarako pelikula da. Bileran parte hartu zuten buruzagi nazien papera aktore ospetsuek antzezten dute: Kenneth Brannagh, Stanley Tucci edo Colin Firth, besteak beste. Deigarria da pelikulan zehar protagonistek ze nolako arinkeriarekin eztabaidatzen duten milaka lagunen erahilketa.

Conspiracy pelikularen kartela

 

5. Amen (2002)

Amaitzeko, pelikula berriena. Costa-Gavras zuzendari greko-frantziarrak egin zuen filme hau. II Mundu Gerran SS erakundeko kide baten (benetako pertsonai batean oinarrituta) eta apaiz gazte baten arteko harremana islatzen du pelikulak. Biak beraien mundu burokratikoaren baitatik burutzen ari diren krimenak salatu nahian dabiltza. Ikuspuntu zinematografiko batetik ziuraski ez da zuzendariaren filmerik dotoreena, baina Holokaustoaren aurrean aliatuen eta, batez ere, Eliza Katolikoaren pasibotasuna eta konplizitatearen salaketa irmoa da pelikula.

Amen pelikularen kartel ofiziala

 

 

Informatikaria ikasketaz. Irrati libre eta komunitarioetan aritua. Zaletasun asko dauzkat, aitortu ahal direnak eta ezin direnak ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude