Hogeita bi ikastetxe eta 1.000 ikasle baino gehiago Liburu Gaztea Sarian

Abian da 2012-2013 ikasturteko Liburu Gaztea Saria eta aurten 22 ikastetxek eta 1.000 ikasle baino gehiagok hartuko du parte booktrailer lehiaketan. Izan ere, aurten sari honetan zenbait aldaketa izan dira. Hemendik aurrera parte hartuko duten ikasleek irakurtzen duten liburuari buruzko booktrailerra egin beharko dute eta horiek izango dira lehian sartuko direnak, ikasleek martxoaren 15etik aurrera onenak hautatu beharko dituzte.
2000. urtetik ari da Galtzagorri Elkartea Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin Liburu Gaztea Saria lehiaketa antolatzen, euskarazko Gazte Literatura sustatzeko helburuarekin. Aurtengo ikasturtean, baina, zenbait aldaketa izan ditu lehiaketak eta hemendik aurrera parte hartzeko Galtzagorrik proposatutako liburuari buruzko booktrailerra egin beharko dute ikasleek.

Martxoaren 15a arteko epea izango dute liburua irakurri eta booktrailerra egiteko. Izan ere, martxoaren 15etik aurrera lehiaketara aurkeztu diren lanen artean onena aukeratzeko tartea zabalduko da. Botazio bidez hautatuko dituzte booktrailerrik onenak bi modalitatetan: ikastetxeka aurkeztu diren lanen artean eta norbanakoka aurkeztu direnean artean. Izan ere, aurten ikasle bakoitzak bere kabuz parte hartzeko aukera ere ematen du Liburu Gaztea Sariak. Horrez gain, botazioan parte hartzen dutenen artean e-irakurgailu bat zozkatuko da.

Formazioa saioak

Lehiaketan izandako aldaketen eraginez, Galtzagorri Elkartearen web gunean Liburu Gaztea atala ere goitik behera aldatu da. Orain booktrailer lehiaketaren inguruko informazioak hartu du leku gehien. Trailer horiek nola egin daitezkeen, zein liburu irakurri daitezkeen, zein baliabide dauden horiek egiteko, zein motatako booktrailerrak dauden, booktrailerra egin ostean lehiaketan parte hartzeko nola igo behar den Liburu Gaztea web gunera, zein diren sariak eta abar.

Horren guztiaren berri emateko urriaren 5ean irakasleei zuzendutako formazio saioa egin zen Villabonan, Mintzola Fundazioaren egoitzan. Hogei bat irakaslek hartu zuen parte bertan eta lehiaketaren inguruko eta booktrailerrei buruzko xehetasunak azaldu zizkien Liburu Gaztea egitasmoaren koordinatzaileak.

Orain, azaroaren 19tik otsailaren 24ra, bereziki ikasleei zuzendutako beste formazio saio bat jasotzeko aukera izango dute parte hartzaileek euren ikastetxean bertan. Horretarako izena eman beharko dute azaroaren 12a baino lehen.

Izena eman duten ikastetxe bakoitzak gutxienez lan bat aurkeztu beharko du lehiaketan parte hartzeko. Baina ikasleak taldeka banatuta nahi beste lan aurkez ditzakete. Talde batek bi lan (bi liburu desberdinenak) ere aurkez ditzake nahi izanez gero.

Horrez gain, ikasleek euren kabuz ere parte hartzeko aukera izango dute. Hortaz, aurtengo Liburu Gaztea Sarian izena eman ez duten ikastetxeetako ikasleek ere izango dute modalitate horretan parte hartzeko aukera, euren kabuz. Ez dute aurrez izena eman beharrik izango. Nahikoa izango da dagokien adinerako proposatutako liburua (edo ezinbestekoen zerrendatik aukeratutakoa) irakurri, horri buruzko booktrailerra egin eta Liburu Gaztea web gunera igotzearekin.

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.