Hipatia, noizbait ikasiko ahal dugu!

Atzo Amenabarren Agora filma ikusi nuen eta gaur jeiki naizenetik filmak ekarritako gaiak darabilzkit buruan.

Hasteko, fanatismoaz pentsatu dut, garai hartako eta gaur eguneko fanatismoaz (kolore bateko edo bestekoa izan, berdin du); eta agintea lortu edota mantendu nahi dutenek taldearen fanatismorako joera sustatzeko erabiltzen dituzten trikimailuetaz.

Ondoren, jakin-minaz hausnartu dut, Hipatiaren jakin-minaz. Pelikulako protagonistaren kasuan ez da kuriositatea, jakin-mina baizik. Kategoria diferentea dute hitz hauek, kuriositatea bortitza edo arina izan daiteke eta bietan da kuriositate. Jakin-minak, berriz, bere izenean darama sentipenaren intentsitatea, jakiteko mina, beharra, desioa. Horixe dario, hain zuzen, pelikulako protagonistari.

Beste gogoeta bat ere piztu zait. Itxarotearen ekintzaz pentsatu dut luze. “Zain egon” eta “itxaron” hitzen artean diferentzia dagoela uste dut nik. Zain egoteak ez dauka “espero izatea”-ren zama bere baitan, eta itxaroteak bai, ordea. Zerbait deskubritzearen atzetik dagoenak emaitza espero du, kasu batzuetan emaitza jakin bat, besteetan erantzuna ekarriko dion emaitza. Bi kasuetan gertatuko denarekiko antsia dago. Zain egoteak, berriz, ez dakar berarekin etorriko denarekiko atxikimendurik, eta edozer onartzeko libertatea ematen du. Hipatiak denbora hartzen du erantzuna ez dakienean, eta gehienetan itxaroten badu ere, zain egoteko gaitasuna erakusten digu beste batzuetan.

Geroago, “agora hipatia” idatzi dut Googlen filmaren protagonisten izenak gogoratu nahi nituelako, eta zer eta betiko eztabaida eta ideia topikoekin egin dut topo: pelikula ateismoaren apologia ote den, kristauak iraintzekoa egin omen du Amenabarrek, bere kristau-fobiaren ondorioa dela … beti bezala, defentsiban jarrita, beti bezala, nork bere burua zalantzan jartzeko gaitasunik ez.

Zein gutxi aldatu garen hamasei mendetan!!

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz