Herri Urratsen aldeko jaialdia bihar Durangoko Plateruenean

Iparraldeko ikastolen jaialdiak emaitza eskasak izan zituen joan zen urtean, eta Seaskak laguntza deia egin zuen egoeraz larrituta. Horretara, aurten maiatzaren 8an ospatuko da Herri Urrats eta dagoeneko hasi dira mugitzen elkarte eta eragileak berau indartzeko asmoz.

Laku bat munduan da aurtengo Herri Urratsen leloa, euskararen lekua eta Senpereko lakua lotuz; “euskaldunoi begira, geure burua baieztatzeko; euskaltzale erdaldunei gonbidapena egiteko; eta instituzioei ofizialtasun eskea egiteko”. Horri lotuta, Gu ere lakuko ekimena prestatu dute elkartasunez. Egun osoko jaialdia izango da larunbatean Plateruenean burutuko dena. Txartelak bertan ipiniko dituzte salgai, eta pailazoen emanaldikoak Berbaron ere eskuratu ahal izango dira.

Bolondres eta laguntzaileak
Platerueneko sukaldari, teknikari eta zerbitzariek, Berbaro elkarteko hezitzaileek, Ikastolako gurasoek, bertsolariek, Pirritx eta Porrotx pailazoek, ardo katako partaideek eta anbotokideek boluntario modura egingo dute lan egun horretan. Kanpaina orokorreko irudia Di-Da Komunikakzio enpresak egin du, eta abestia Berri Txarrak taldeak, auzolan sen beragaz.

EGITARAUA (martxoak 12)

‘Hordago Ardoa’
Mikel Garaizabalegaz: Ardo dastaketa, 12:30ean. Kataren barruan, ardoagaz lotutako poesia eta musika saioak ere eskainiko dituzte.
(Prezioa: 3 euro)

Bertso-bazkaria
Igor Elortza eta Sustrai Colinagaz, 14:30ean.
(Prezioa: 20 euro)

Pirritx eta Porrotx
Pailazoen ikuskizuna, 18:30ean. (Prezioa: 6 euro)


Sarrerak Plateruena kafe antzokian salgai.


Herri Urrats

Irudia | Herri Urrats | blogari | LGPL

AbadiƱon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria