Heriotza da diskoak saltzeko biderik onena

Hilerria

Joan Miró artista ezaguna miseria gorrian bizi zen. Ez zuen apenas jatekorik eta bere obra asko eta asko goseak eragindako haluzinazioen fruitu dira, 1925eko Arlekinaren Inauteria, kasu. Van Gogh artista handiak ere oso margo gutxi saldu zituen bere bizitzan, diruz larri zebilen eta margotzeko materiala bere anaiari esker lortzen zuen. Ospea eta aintzatespena berandu iritsi zitzaien, heriotzaren besarkada hotza jaso ostean. Eta gaur, arte modernoko maisu ukaezintzat ditugu.

Gaur egun ere, musikan batez ere, badirudi heriotza dela mito bihurtzeko eta salmentetan gora egiteko bide errazenetako bat. Ezin daiteke esan Miró eta Van Goghen kasuen berdinak direnik, baina badute nolabaiteko antzekotasuna, azaletik bada behintzat. Bi adibide jarriko ditut musikan gertatzen denarkin eta berehala ulertuko duzu zertaz ari naizen.

Lehen adibidea: Duela hiru urteko udan. Michael Jackson zendu berri zen eta aste horretan, lankide batekin topo egin nuen igogailuan lanerako bidean. Musika entzuten ari zen bere iPodean. Atzo bertan izan balitz bezala gogoratzen dut:

–Egun on!

–Iepa!

–Ze, musika pixka bat entzuten lanerako bidean?

–Bai, Michael Jacksonen diskografia jaitsi dut. Badakizu… Eta ez dago batere gaizki!

–Jode, tio, hipokrita hutsa zara! Tipoak bizirik jarraituko balu ez zenuke bere disko bakar bat ere jaitsiko ni pa Dios!

–Kar, kar, kar! Arrazoi duzu; kar, kar!

Ezer gehiago gehitzerik.

Bigarren adibidea: Aktore, musikari, idazle, filosofo, zinemagile… ezagun baten heriotzaren berri izan eta minutu gutxitara, Twitter doluzko milaka txioz betetzen da hildakoa eta bere obra goraipatzen eta haren galera deitoratzen, trending topic bihurtzen den arte. Jende askok Wikipediara jo behar izaten du hildako hori nor zen ezagutzera –batez ere super izarren bat ez bada–, eta bitxia da nola segundo gutxitan, doluarekin bat egiten duen eta hildakoa eta bere obra goraipatzen duen, bat bateko super zaleak bihurturik.

Beste batzuek, joera horren aurrean ironiaz aritzen dira, eta tankera honetako txioak irakur daitezke: “Ez dakit nor zen [hildakoaren izena] eta ez dut bere obra ezagutzen, baina munduak [hildakoaren ogibidea] handi bat galdu du. Goian bego”. Edo: “[Artistaren izena] hil da eta orain, bat batean, guztiak dira bere zale amorratuak. Hipokritak!”.

Ba bai, ez dago heriotza bezalakorik zure izena eta lana jende gehiagorengana irits dadin. Eta hori hala da. Michael Jackson, Amy Winehouse edota Withney Houstonen heriotzen ostean, haien diskoen deskarga digitalek gora egin zuten.

Kasu berriena: Chavela Vargas rantxera-kantaria pasa den igandean, abuztuak 5, zendu zen. Streaming bidez musika entzuteko Spotify zerbitzuak adierazi duenez, mexikarraren erreprodukzioek %1234 egin dute gora, ordura arteko erreprodukzioekin alderatuz. Eta Appleren iTunes Store musika dendan, Vargasen 40 kanta onenak biltzen dituen diskoa deskargen lehen postuan dago.

iTunes

 

Chavela Vargas, diskoak, musika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude