Heptamerona eta Nafarroako Gobernua

Heptamerona eta Nafarroako Gobernua –

Hilaren 2an, larunbatean, Margarita Nafarroakoak idatzitako Heptameronaren lehen liburukia jendaurrean aurkeztu zen euskaraz, estreinakoz jendaurreko irakurraldi batean, Iruñeko Kondestablearen Jauregian.

Heptamerona eta Nafarroako Gobernua

Literatur Unibertsalaren klasikoa den Heptameronaren lehenengo atalaren ipuinak eskuragarri daude, doan, Booktegiren webgunean; Xabier Artola eta Fito Rodriguezen itzultzaileei, eta Josu Zabala zuzentzaileari esker. Besteak beste, itzultzaileak bertan egon ziren irakurle, baita Euskalerria Irrati honetako Josu Ganuza eta Reyes Ilintxeta ere aurkezle lanetan, beti bezain txukun.

Bihoazkie eskerrik beroenak aldez edo moldez parte hartu eta lagundu duzuen guztiei, eta nekez aipatuko nituzke guztiak baten bat ahantzi gabe, hirurogei lagun inguruk parte hartu baikenuen; duda mendrenik gabe, arrakastatsua izan zen Booktegiren eta Nafar Ateneoaren artean antolatutako jardunaldia.

Ez dago, haatik, arantzarik gabeko arrosarik, eta badut, maleruski, arantza bat bihotzean, bertan ez baitzen egon Nafar Gobernuko ordezkaririk; izan ere, Nafarroako Gobernuak, gezurra dirudien arren, ez du lagundu Nafarroako Margarita erreginaren liburua euskaratzeko proiektuan, ez diruz, ez parte hartuz, inori baino lehenago jakinarazi zitzaion arren Booktegiren eta Nafar Ateneoaren egitasmoa. Bulego batetik bestera ibili da gure erregina eta erantzunik ez du oraindik jaso.

Heptameronaren beste liburukiak euskaratzeari ere ekin zaio, eta eskerrak hor dugula crowdfunding baten bidez jasotako dirua, lau mila euro baino gehiago; bihotz-bihotzez mila-mila esker diru-bilketan lagundu duzuen guztiei; ezin eskerrak eman, berriz, Nafarroako Gobernuari, Nafarroako erregina Margaritaren lehen liburukia euskaratzen ez baitu lagundu… orain arte bederen. Bada okerra zuzentzeko garaia.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko urriaren 19koa]

Heptamerona eta Nafarroako Gobernua

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.