Haurrentzako filmak Zinemaldian

Donostiako Zinemaldiaz familian gozatzeko asmoa bazenuen, seme-alabekin zinemara joanez, edo goiz ibili zara eta jada erosi dituzu sarrerak, edo ahaztu zaitez.

Haurrentzako filmak ZinemaldianEgia esan, Haurrentzako Zinema deitzen duen atalari ez dio arreta larregi eskaintzen zinemaldiak. Guztira bost film dira proiektatuko direnak, animaziozkoak eta euskaraz guztiak ere.

“7. Ipotxa”, “Magiaren etxea”, “Tom Txiki eta ispilu magikoa” eta “Doraemon Stand by Me” filmek emanaldi bakarra dute eta jada sarrerak agorturik daude. “Asterix: Jainkoen egoitza” filmak, bere aldetik, sei emanaldi ditu belodromoan, baina guztiak ikastetxeetatik kudeatzen dira.

Bost filmak lehen ere Donostian emanak dira, urtean zehar Zineuskadiren Zinema Euskaraz ekimenaren barruan proiektatu baitira, eta beraz, ezagunak dira hiriko haur zinemazaleentzat.

.

Azken aukera

Oraindik azken aukera bat baduzu, ordea, seinekin zinemara joateko; datorren ostiralean, irailak 25, “Hotel Transylvania 2” proiektatuko dute-eta (18.30ean belodromoan). Emanaldi hau, ordea, gazteleraz izango da.

.

Filmen trailerrak (euskaraz)

“7. Ipotxa” (Der 7bte Zwerg)

“Baldartasuna dela, zorte txarra dela, kontua da Bobo Zazpigarren Ipotxa eta bere sei lagunak ederki moldatu direla Fantabularrasako gazteluan sekulako krisia eragiteko. 18 urte betetzekotan zegoela, hamabietako kanpaiak jo baino lehentxeago, Rose printzesak hatza ziztatu du, eta horrekin batera erresuma osoa ehun urteko loaldian erorarazi”.

Bernd Eilert eta Harald Siepermann-ek zuzendutako film alemaniarra.
Emanaldi bakarra dago eta SARRERAK AGORTUTA daude.

.

“Asterix: Jainkoen egoitza” (Astérix: Le domaine des dieux)

“Kristo aurreko 50. urtean gaude. Galia guztia erromatarrek okupatuta dago. Dena? Ez! Galiar herri txiki bat oraindik libre da, eta erasotzaileak gelditzen dituzte beti. Egoerarekin suminduta, Julio Cesarrek taktikak aldatzeko erabakia hartuko du: bere armadak ezin izan direnez indarrez nagusitu, erromatar zibilizazioa bera saiatuko da galiar barbaroak seduzitzen”.

Louis Clichy eta Alexandre Astier-ek zuzendutako film frantziar-belgiarra. Sei emanaldi daude, guztiak IKASTETXEEN BIDEZ antolatuak.

.

“Magiaren etxea” (The House of Magic)

“Jabeek bertan behera utzitako katutxo bat babes bila dabil ekaitzak astindu duen egun batean. Halako batean, non sartuko eta sekula pentsatuko ez zuen etxerik harrigarrienean. Izan ere, jabea agure mago bat da eta etxea automataz eta tramankulu bitxiz beterik dauka”.

Ben Stassen eta Jeremy Degruson-ek zuzendutako film frantziar-belgiar-britainiarra. Emanaldi bakarra dago eta SARRERAK AGORTUTA daude.

.

“Tom Txiki eta ispilu magikoa” (Meñique y el espejo mágico)

“Tom Txiki bere familia txirotasunetik atera nahi duen nekazari txiki bat da. Uztak hondatzen dizkion intsektu izurri batek eta laranja itxurako ispilu magikoak abentura bidean jarriko dute. Ispiluak bere ametsetako emakumea erakutsi eta Pedro eta Pablo anaiekin hirira joateko aginduko dio. Hirira bidean Tom Txikik jakingo du erregeren jauregia ilunpean eta urik gabe dagoela, zuhaitz sorgindu handi baten erruz”.

Ernesto Padrón-ek zuzendutako film kubatar-espainiarra. Emanaldi bakarra dago eta SARRERAK AGORTUTA daude.

.

“Stand by Me Doraemon”

“Nobita Nobi nahiko mutil traketsa da eta gehientsuenetan gauzak alderantziz ateratzen zaizkio. Egun batean Sewashi haur misteriotsuaren bisita hartuko du. XXII. mendetik datorren bere hereniloba dela esaten dio. Bere etorkizuna desastre hutsa dela eta familia guztia suntsiko duela, hainbat belaunaldiz”.

Takashi Yamazaki, Ryuichi Yagi eta Tony Oliver-ek zuzendutako film japoniarra. Emanaldi bakarra dago eta SARRERAK AGORTUTA daude.

.

“Hotel Transylvania 2” (gazteleraz)

“Badirudi Transilvania Hotelean hobera ari direla egiten gauzak… Azkenean, laxatu da Dráculak hotelerako ezarritako `munstroentzat bakarrik´ politika zorrotza, eta gizakiei ere ostatu ematen hasi dira hotelean. Baina, hilkutxa barruan, kezkatuta dabil Drácula: erdi gizaki erdi banpiro den bere biloba maitagarriak, Dennisek, ez du banpiro ezaugarririk agertzen. Beraz, Mavis, Johny-rekin, bere giza aita-amaginarrebei bisitan dagoen bitartean –eta bera ere kultura-txoke betean–, aitona Dráculak bere lagunak bilduko ditu –Frank, Murray, Wayne eta Griffin– Dennis `munstroentzako kanpamentu´ batean entrenarazteko. Ez dakite, ordea, Drácularen aita, eskola zaharreko –oso, oso zaharreko– Vlad agure marmartia, familiari hotelean bisita egitekotan dela. Vladek jakitean bere birbiloba ez dela odol garbikoa –eta orain gizakiak ere ongi etorriak direla Transilvania Hotelean– ederki korapilatuko da kontua”.

Genndy Tartakovsky errusiarrak zuzendutako film estatubatuarra. Emanaldia datorren ostiralean, irailak 25 (18.30ean Belodromoan).

Haurrentzako filmak Zinemaldian

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.