Harria eta Historia

Harria eta Historia –

Datorren larunbatean, otsailak 27, eta eguerdiko 12.00etan, Tafallar Memoriaren Harria inauguratuko da Tafallako Hirigoien auzoan. Hauxe da harriaren historia eta paneleko testua:

Eskultura-menhir hau orain dela zenbait milurteko sortu zen Buskil mendian, eta handik Jesus Nietoren harrobira eraman zuten, Larragara. Memoriaren zale sutsu batzuk harri lantzen hasi ziren, Jose Ramon Urtasun artistaren diseinuari jarraikiz. Beti auzolanean, gogotsu, eta Tafallako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzaren babesarekin.

Harria eta HistoriaMendebaldean, harriaren itxura ahalik eta gehien gordez, arrano bat ikus daiteke hegaldatzen, askatasunaren ikur unibertsala. Tafallak, Zidakos ibaiak inguraturik, beretarrei agur eta ohore. Disko-formako estela burdinurtuak gure antzinako errituak oroitarazten ditu. Lurra eta Askatasuna.

Ekialdeak Elo jotzen du begiz, zorigaiztoko data eta guzti. Eta, behetik gora, Tafallak sufritutako gerra handi eta gatazka oro, 924an musulmanek herria suntsitu zutenetik, ezaugarri duten ikurrekin: Aragoi eta Gaztela auzo erreinuen kontrako gerrak; Erresumaren konkista eta zatiketaren gerrak; frantzesteak; gure foruak indargabetzeko gerrak; eta, azkenik, gatazka herritarrak, 1936ra arte. Harria eta Historia, gogoratzeko eta ikasteko.

.

In memoriam

Azken gerra zibilaren (1936-39) biktimen kopurua izugarria izan zen Tafallan, gerra fronterik izan ez zuen herria dela kontuan harturik: 37 tafallar fusilatu eta 64 hildako fronteetan, batzuk beren borondatez eta beste batzuk bortxaz joanak. Fusilatu gehienak 1936ko urriaren 21ean hil zituzten, Tafallako kartzelatik saldoka aterata. Ez hori bakarrik: emakumeen kontrako bortxa; presoak eta exiliatuak; isunak eta ordainarazpenak… Eta gero, 40 urteko diktadura militarra.

Harri honek tragedia hura gogora ekarri nahi du, baita gure herriak Historia osoan sufritutako gerra eta gatazka oro ere. Gogoeta egiteko bazter bat, iraganari herraz begiratuko ez diona, etorkizunari baizik esperientziaz eta esperantzaz. Balio errepublikarrak, komunala, euskal-nafarren askatasunak, elkartasun internazionalista, parekidetasuna, bakea, demokrazia… horiek denak defendatu eta horrexegatik sufritu zuten tafallar guztiei omenaldi bat.

Eraildako Nafarren Senideen Elkartea (1984)
Altaffaylla Fundazioa

Harria eta Historia