Han Soloren dilema

Han Soloren dilema

Egunero, erabakiak hartzen ditugu. Egunero, milaka egoerak erabakiak hartzera behartzen gaituzte. Adibidez, Londresko pizzeriarik hoberenera sartu gara, eta minutu batera kamareroa etorri eta erran digu: “Zer nahi duzue?, pizza mota guziak dauzkagu, lasagnak, espagetiak”; edo, Londreseraino joan gabe, ostatu batera sartu, eta koadrilako dirua daramanak galdegiten digu: “zer nahi duzue, kaña, kafesnea, coca-cola?” Momentu latzak izaten dira niretako –edo, tira, momentu latzak izanen lirateke koadrilarik banu, baina aspaldi da lagunik gabe gelditu nintzela, segur aski okerreko erabaki batzuen ondorioz–: zein da erabaki zuzena? Nire joera naturala izaten da ondoan dudan lagunak zer eskatzen duen, hura eskatzea neronek ere, “nik ere bai” sinple baten bidez (horregatik saiatzen naiz jatetxeetan lagun barazkijalearen ondoan ez jartzen –edo saiatuko nintzateke, lagun barazkijalerik banu–).

Nire jarrera alferkeria hutsa da, baina alferkeriak ospe txarra duenez, eginahalak egin behar izan ditut erabakirik ez hartzeko arrazoiak –arrazoi sendoak, arrazoi intelektualak– bilatzeko. Gaurko gogoeta, beraz, urte anitzetako hausnarketa luze eta sakon baten emaitza da; ez dezala inork pentsa gaur goizeko seietan azkar pentsaturiko zerbait dela.

Behin, irrati saio batean, Iñaki Segurolak erran zuen, erabaki bat hartzen dugularik, ezin dugula jakin zein den, A eta B artean, aukerarik hoberena. Ezinezkoa baita jakitea zer gertatuko zatekeen hartu ez dugun erabakia hartu izan bagenu. Guk hartutakoaren ondorioak bertzerik ez baitugu ezagutuko, eta, beraz, misterioa da eta izanen da beti noraino ailegatuko ginatekeen baztertu genuen bidetik joan izan bagina. Bada, ez nago ados: hartu ez dugun erabakia da hoberena, beti. Hain zuzen ere, hartu ez dugulako da hoberena: alegiazko mundu batean gelditu denez, haren balizko ondorioak nahi dugun gisan moldatzen ahal ditugu gure imajinazioan. Hartutako erabakiak nahitaez ondorio txarrak izaten ditu beti –ondorio guziak ez dira txarrak izaten, baina bai batzuk–, eta ondorio txar horien pean hasiko gara alde batera utzi genuen aukera haren abantailak ikusten. Arau hau bizitzako bertze alor batzuetan ere betetzen da: urrun bizi den laguna –eta, beraz, egunero ikusten ez duguna– izaten da lagunik onena; gertatu ez den historian izanen ginen zoriontsu –ez gintuztelako konkistatuko, herri ezkertiar solidarioa izanen ginelako, euskararen egoera bertzelakoa izanen zelako–; eta irratia utzitakoan eginen ditut nik –nire buruan, bistan da– saiorik interesgarrienak.

Halere, urrunxeago joanen nintzateke. Kontua ez baita bakarrik beti okerreko erabakia hartzen dugula. Kontua da ezin dugula benetan deus ere erabaki. Jainkoa existituko balitz –demagun hori onartzen dugula–, alferrik ibiliko nintzateke pentsatzen zer eskatu, Kas laranja edo Fanta limoi, hark badakielako azkenean Mirinda mandarina ba ote duten galdeginen dudala. Jainkoa orojakilea baldin bada, dena –iragan dena, gertatzen ari dena eta etortzekoa dena– baldin badaki, orduan badaki nik txuletoia aukeratuko dudala eta ez brokolia eta, hortaz, alferrikako ariketa izan da haragi puxka hori hautatzeko egin dudan gogoeta gatazkatsua. Denbora alferrik galtzea den ariketa horri Han Soloren dilema deituko nioke nik. Izarretako Gerla lehen filmaren akaberan –egindako lehen filmaz ari naiz, klasikoaz alegia, ez istorioaren kronologiaren ikuspuntutik lehena den horretaz–, Luke Skywalker Heriotzaren Izarrera sartzekotan dagoela, Han Solok erran dio bera badoala, bere helburua bete duela eta ez duela bizia arriskuan paratu nahi. Luke saiatu da geldiarazten, baina, hondarrean, Solo Milurteko Belatzera igan eta alde eginen du. Azken unean, ordea, laguna bakarrik utzi izanaz damututa, Harrison Fordek egiten duen pertsonaiak erabakiko du hari Inperioaren planak hondatzen laguntzera bueltatzea. Filma ikusten dugun lehenbiziko aldian, Han Soloren deliberoak ustekabean harrapatzen gaitu –tira, ez hainbertze–, baina hurrengo aldi guzietan, guk –Jainkoaren pare– badakigu Han Solo bueltatuko dela eta ezin duela bertzerik egin, gidoian bueltatzen dela paratzen duelako eta filma ikusia dugulako. Beraz, baliteke fikzioan Han Solok, ihesi doalarik, dilema lazgarria izatea bere baitan, baina guk badakigu zein izaten ahal den haren gogoeta zail horren emaitza bakarra. Jainkoaren existentzia onartuz gero, guziak Han Solo bihurtzen gara.

Jainkorik ez balitz –eta, egia aitortzeko, ni bigarren aukera honetara lerratzen naiz–, horrek erran nahiko luke erabakiak itsu-itsuan hartzen ditugula, haien ondorioak benetan neurtu ahal izan gabe; soilik balizko ondorio batzuk hartzen ditugu kontuan –arrazoizkoak iduritzen zaizkigunak–, baina ez gure ustez estatistikoki gauzatzeko aukera guti dituztenak –posible diren arren–. Demagun Euskadi Irratian astero mintzatzera gonbidatu nautela: nik pentsatuko nuke ea astero zer edo zer bururatuko ote zaidan –baina, tira, halere, plagioa ere hor dago–, eta astero mintzatze horren ondorio batzuk –dirua, fama– baloratuko nituzke. Erantzuna, beraz, baiezkoa litzateke, lan pixka baten truke etekinak bertzerik ez bainuke izanen. Nolanahi ere, baliteke asteroko joan-etorrietan, Iruñeko estudio honetako kazetari batekin liluratzea eta sekretuki maitemintzea; arrunt lotsatia naizenez, ez nioke nire sentimenduen berri emanen, baina usteltzera kondenatua legokeen amodio horrek zoritxarreko eginen ninduke: nire aldartea aldatuko litzateke, eta nirekin bizitzea infernu bilakatuko litzateke, eta, hara non, emazteak dibortzioa eskatuko lidake. Edo baliteke, lehen aipatu dudan fama hori eskuratuta, egun batean jarraitzaile ero batek ni bahitzea, egunero bakarrizketa bat pribatuki egin diezaiodan, Misery filmaren estiloan.

Jainkoarekin ez gara libre, Jainkorik gabe kaosean bizi gara. Edo, beharbada, segurtasun faltaren ondorio da nire hausnarketa hau. Horregatik, normalean, erabakiak nik baino heldutasun handiagoa dutenen esku uzten ditut. Gaur, adibidez, asteazkenero bezala, zazpi urteko semearekin bazkalduko dut etxetik kanpo, jatetxe italiar batean, eta hari utziko diot menua hautatzera. Gainera, beti gauza bera eskatzen du: pizza eta cuore di zucca. Eta edateko, ura.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Han Soloren dilema”-ri buruz

  • Eta gero batzuek diote “gure esku dago”ela. Hobe hau irakurtzen ez badute, etsiko ez badira… 🙂