Hamar eszena Iparragirreren ‘biopic’ bat filmatzeko

Hamar eszena Iparragirreren ‘biopic’ bat filmatzeko –

Gorka Bereziartua Mitxelenak Argia aldizkarian argitaratua.

200 urte beteko dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta haren bizitza kontatuko lukeen pelikula biografikorik gabe jarraitzen dugu, biopic baterako materiala soberan dagoen arren: gudari, kantari, seduktorearen historia dago, batetik, heroi nazional bihurtu zen Iparragirre hura. Baita beste artistekin oilartuta, dirua alferrik galtzen eta familia abandonatzen bukatu zuen Iparragirre ilunagoa ere. XIX. mendeko euskal rockstar honen pelikula egiten denean faltatu ezin duten eszena batzuk proposatzen dizkizuegu jarraian.

Hamar eszena Iparragirreren 'biopic' bat filmatzeko
Patriarka beneragarri gisa irudikatu zuen Anselmo Gineak Urretxuko artista Ameriketatik itzuli zenean. Bestelakoa zen errealitatea ordea: zahartuta eta dirurik gabe, arlote bizimodua izan zuen azken urteetan.

1. Berunarekin jolasten zuen nerabea

Edozein kantatan pistolak eta txarraskak aipatzen dituzten rapero horietaz barre egin behar duzu Iparragirrerenak irakurrita, ez baitirudi urretxuarrak denbora askorik galdu zuenik auzoko mutil gogorrena bera zela erakutsi nahian. Hitzezko balak baino gehiago gustatzen zitzaizkion berunezkoak. 14 urterekin, amari eskolara zihoala esan eta gerra egitera joan zen karlistekin. Eta tira eta tunba, bi aldiz zauritu zuten, etsaiaren eskuetan erortzeko puntuan egon zen, baina bere ausardiari emandako sari gisa edo, Karlos Maria Isidro Borboikoaren ohorezko guardian bukatu zuen, Bergarako besarkada traiziotzat jo eta Dantxarineatik Ipar Euskal Herrira ihes egin aurretik. “Nerabezaro konplikatua” deituko litzaioke gaur egun.

2. Paris nous appartient

Hurrengo eszenan oraindik teenager itxura daukan Iparragirre agertzen zaigu, gitarra bizkarrean duela Frantzian barrena. Espainiako erregegaiaren guardian izan du lehenbiziko kontaktua musikarekin, gazte alai, bizi eta segaila da, baina “eskola ona” falta zaio oraindik. Golak sartzeko gogoz joan da Hexagonora, hori bai; eta kontaktuekin zorte ona dauka: 19rekin “emakume noble eta ospetsu baten gomendioz”, aristokraziako beste gizon baten etxean urtebete pasako du, frantsesez ikasten, Lamartine eta Chateaubriand irakurtzen; geroago, jada Parisen, La Rochejaqueleineko markesak kantu-irakasle apartekoa aurkituko dio, Gilbert-Louis Duprez, operako tenore entzutetsua.

“Gitarra zahartxo batekin” etorri zen gazte honen izena, 22 urte dituenerako, ezaguna da Parisko saloi eleganteetan, eta izango da Frantziako hiriburutik kanpo ere, 1843an hainbat lekutatik pasako den tourra hasiko baitu –zuzendariarentzat oharra: parte honek road movie kutsua hartu beharko luke–: Alpeetako bainu-etxeak, Suitza, Austria… like a rolling stone.

3. Libertinajearen fruitua

Gaztea da, talentua du, ahots ona, guapoa da… pelikularen hurrengo zatian, logikoki, tenperaturak gora egin behar du. Handik hona dabilen bitartean Iparragirrek piztuko dituen interes guztiak ez dira musikalak izango. Publikoaren parte batek jakin nahi du urretxuarrak gitarra bezain ongi jotzen ote duen, zera… larrua. Eta garai hartan maitale bat baino gehiago izan zuela nahiko segurua den arren –besteak beste Caroline Duprez, irakasle izan zuen musikariaren alaba–, libertinaje-sasoi honen arrasto material bakarra geratuko da: Sophie-Adèle Piquart izeneko emakume gaztea ikusten dugu pantailan, jasan ezin diren minen artean haur batez erditzen. 1847. urtea da. Hamar urte pasa beharko dira Iparragirrek aitortu arte bera dela aita.

.

1848ko iraultza erdi liberal erdi sozialistak arrasto sakona utziko du Iparragirrerengan: ereserki bat egiteko asmoa eta askatasuna sinbolizatzen duen arbolaren ideia momentu hartakoak dira

4. Bandera gorriak eta arbolak

Gogoratzen duela ez asko gure trobadoreak irakurtzen zuen Lamartine abizeneko tipo hura? Ba, 1848an Parisko Herriko Etxearen parean dago Frantziako azken erregearen kontra altxa diren herritarrei hitz egiten: Bigarren Errepublika proklamatuko du baina, hori bai, esango die igual pixka bat pasatzen ari direla hiru koloreko trapuaren ordez bandera gorria jarri nahi horretan. Nolanahi ere, Marseillesa entzuten da kaleetan, “askatasunaren zuhaitzak” landatzen dira nonahi eta 28 urte dituen Jose Mari kriskitinak jotzen dabil iraultza erdi liberal erdi sozialista horren erdian –baten bat harrituko da, karlistekin gerra egindako norbait dela kontuan izanda; gidoian dialogoren bat jarri beharko litzaioke esanez bera, doan lekura doala, herriaren alde dagoela; kontuz epikarekin pasa gabe, hala ere–.

Iparragirrek bi gauza aterako ditu garbi samar saltsa horretatik: ereserki bat egiteko ideia eta arbolaren sinbolismoa. Gero asuntua nahiko azkar joango da pikutara: Luis Napoleon agertuko da, lehenbizi tragedia, gero fartsa, badakizue; eta gainera hori beste pelikula bat da. Gu kontatzen ari garen honetan, hain zuzen Marseillesa kantatuz populua aztoratzeagatik, Ingalaterrara desterratuko dute Iparragirre. Etorriko zaionaren aperitifa da –pazientzia pixka bat, geroxeago kontatuko dizkizuegu autoritateekin izango dituen saltsak–.

5. Nazio ibiltaria naiz

Hamar eszena Iparragirreren 'biopic' bat filmatzeko
Pancho Bringasek irudi honetan jaso zuen Iparragirre Bizkaiko azken mugaraino eraman zuten unea. Atzean, erdi ezkutuan ikus daitezke bi guardia zibilen kapeluak eta baionetak.

1851, Londres, Erakusketa Unibertsala. Fermin Muguruzak Brigadistak Sound System argitaratzeko 148 urte falta dira, baina Iparragirrek nolabait aurreikusten du Internazional Musikalaren kontzeptua, Italiako konpainia batekin euskal abestiak doinu tiroldarrez performatzen ari baita. Crossoverrak pasada bat izan behar du, Manuel Mazarredo jeneral liberal bilbotarraren arreta deitzea lortuko baitu.

Kontzertu ostean izango duten elkarrizketari esker lortuko du gure koblakariak Euskal Herrira itzultzeko pasaportea eta 1852rako Bilbon dago, jende inportantearen saloietan kantari. Amari bisita egiteko ere probestuko du itzulera: hemezortzi urte pasa dira eskolara zihoala esanda gerrara joan zenetik, bota ditu tiroak, ikasi ditu lau edo bost hizkuntza, iraultza ezagutu du, utzi du haur bat atzean… Gidoia bide emozional tipiko-topikoegitik ez eramateko, twist komiko bat sartu behar da hemen, amaren ahotan: “Jose Mari, hau al da eskolatik etortzeko ordua?”.

.

Bi aldiz erbesteratu zuten: lehen aldiz Frantziatik, Marseillesa kantatuz populua aztoratzeagatik; eta bigarrenean Euskal Herritik, Gernikako arbola-k jendea nola pizten zuen ikusi ondoren. Bera zen XIX. mendeko Valtònyc

6. Gernikako arbola: ordena publikoa aztoratu zuen hit-a

Garai horretan konposatuko du Gernikako arbola famatua, nahiz eta puntu honetan beste pelikula baterako materiala ere badagoen: dokumental konspiranoiko bat, aditzera eman dezakeena kantaren doinua Blas Altuna piano-jotzaileak konposatu zuela eta hitzak berriz Jose Migel Arrieta Maskaruak. Nolanahi den, ereserkia Iparragirrek egiten du ezagun eta lortzen duen arrakasta ez da kasualitatearen fruitu. Dena dauka pieza horrek: karlistek hainbeste maite duten jainkoa; liberalak tenk jartzen dituen mundutasuna; etorriko diren abertzaleen sinbolo nazionala; 48ko iraultzatik eta gerra bizi izanagatik Iparragirreri geratu zaion askatasun eta bakerako gogoa… Garai hartan Youtube eduki izan balute bideoklipak milioika erreprodukzio ziurtatuta izango zituen. Ez zeukatenez, erromerietan milaka lagun elkartzen ziren.

Gipuzkoako mendiren batean 6.000 lagunen aurrean kantatu ondoren, jendeari odolak nola berotzen zitzaizkion ikusita –foruen alde bizitza emango zutela oihukatzen bukatu omen zuten–, Euskal Herrira itzultzeko txartela eman zion jeneralote berak, Mazarredok, Iparragirre atxilotzeko aginduko du. Tolosako kasernan edukiko dute –Zibilak esan naute kanta orduko bizipenez ari da, “negar egingo luke / nere amak baleki” esaten duenean– eta gero Euskal Herritik kanporatuko dute. Labur eta gaur egungo publikoak ulertzeko moduan esateko, XIX. mendeko Valtònyc ere izan zen Iparragirre.

7. Beef bat Xenpelarrekin

Bizkaiko Far West-eraino eramango dute txapelokerrek beraz. Eszena hori filmatzeko Pancho Bringasek egindako erretratua erabili daiteke, zeinean Xabier Leteren antz ikaragarria daukan planta oneko Jose Mari agertzen den lehen planoan, atzean, pixka bat ostenduta baina baionetak bistan, bi guardia zibil dituela. Kantabria, Asturias, Galizia eta Portugal ditu zain. Bi urte pasa arte ez diote Euskal Herrira itzultzen utziko, baina bueltatzen denean, superbanda baten ideiarekin dator: Xenpelar bertsolariari proposatuko dio elkarrekin zerbait egiteko. “Nik soinua jo eta hik bertsoak kanta, ederki biziko gaituk”, bota omen zion, Julen Gabiriak idatzitako biografian (Elkar, 2001) kontatzen duenez.

Errenteriarrak ezetz erantzun ordea eta, oilartuta, zera atera zitzaion Jose Mariri: “Hik beti doinu zaharrean kantatzen baitituk bertsoak. Ez izan gauza nire doinu berriaz bertsoak egiteko. Hargatik ez duk nirekin etorri nahi”. Boxeo dialektikoan aritzeko bere pisuko norbait tokatu zitzaion aurrean: “Iparragirre abila dela / askori diot aditzen…” hasten den bertsoa dinbi bati bueltan emandako danba gisa ulertu behar da. Eskerrak jende honek ez zeukala Twitterrik.

8. Anjela Kerejetaren maitasuna eta sufrikarioa

Hamar eszena Iparragirreren 'biopic' bat filmatzeko
Iparragirre-Kerejeta familia, Jose Mari Euskal Herrira itzuli baino pixka bat lehenago.

Pelikula honek spin-off garbi bat dauka, beharbada baita hainbat denboralditan garatu daitekeen telesail bat ere. Protagonista Anjela Kerejeta izango litzateke, Iparragirreren emaztea. 35 urte zeuzkan kantariak hura ezagutu zuenean. Kerejetak 17. Iparragirre celebrity bat zen ordurako, Euskal Herriko artista famatuenetarikoa. Anjelak, berriz, Tolosako taberna batean zerbitzari lan egiten zuen Urretxuko bardoa bertsotan deklaratu zitzaionean. “Bere dena gustatzen zitzaidan, oinetatik bururaino”, kontatuko dio La Vasconia aldizkariari musikaria hil eta urte askora, Gabiriak jaso zuenez.

Oraindik kariñoa zion, nahiz eta artistak gorriak pasarazi zizkion, batez ere Ameriketara joan zirenean. Negozioetan porrot eginda –ez aldatu katez, hori gero kontatuko dugu–, Euskal Herrira itzultzeko aukera izango duenean –hori ere geroxeago, pazientzia–, zortzi umerekin abandonatuko du Iparragirrek, haietatik lau 10 urtetik beherakoak. Eta umeek badute mania bat: egunean behin baino gehiagotan jan nahi izaten dute. Kerejeta konturatuko da bakarrik geratzen bada etorriko zaion larriaz, “ez zaitez joan, Jose Mari” esango dio, baina bizardunak kasurik egin gabe hartuko du bueltako barkua. Eszena dramatikoa da. Are dramatikoagoa bihurtuko dena, behin Euskal Herrian denbora bat igarota, jakingo duenean emaztea beste gizon batengana arrimatu dela. Familia osoa ekartzeko asmoa bertan behera utziko du orduan. Iparragirreren trapu zikinenak ez dira Alegiako Ramon Batistari eskainitako kantakoak, bistan denez.

.

Bigarren Gerra Karlistaren ondoren Iparragirre Euskal Herrira ekartzeko asmoak hasten direnean, bakarrik itzuliko da, emaztea eta zortzi seme-alaba ozeanoaren bestaldean abandonatuz

9. Amerikako txistuak, ardi galduak eta debaldeko tragoak

Gauzak ez zuen ba itxura txarrik Ameriketara iritsi zirenean: ozeanoa zeharkatuz hara eraman dituen bergantina Rio de la Platara (Argentina) iritsi denean, moila bete euskaldun dute zain, Iparragirreri bibaka. Ontzitik portura joateko txalupan Gernikako arbola kantatuko du, txapelak airera jaurtitzen dituzte pozaren pozez han bildu diren herrikideek. 1858ko azaroan mundu berrian egingo duen lehen kantaldia ere arrakastatsua izango da, baina handik gutxira antzoki handi batean egingo duen bigarren saioan zerbait gaizki aterako da. Txistu egingo diote eta Iparragirrek hondoa joko du. Ez du Ameriketan egongo den bitartean antzoki batean berriz kantatuko.

Eta musikatik kanpo, Jose Marik ez du bi erreal balio. “Txotxoloa zen negozioetarako”, esango du Kerejetak; hori bai, artzain lanetan saiatuko denean, anti-espezismoaren aurrekari bihurtuko da: ardiek alde egiten ziotenean utzi egiten zien joaten, haiek ere foruak edukitzea nahi omen zuen. Negozio urbanitagoetan ere, antzeko parezido: Montevideon (Uruguai) abian jarriko duten Café del Guernicaco Arbola-k erreka joko du. Hori gertatzeko tendentzia izaten dute tragoak ez kobratzeko ohitura –bestalde erabat txalogarria– duten taberna guztiz gehienek.

10. “Baina bihotzak dio…”

Horrelako kontuetan dabilela bukatuko da itsasoz bestaldean Bigarren Gerra Karlista. Desastre bat, lagunok: foruak pikutara eta haiekin batera beste gauza asko. Tartean, Gernikako arbola kantatzea debekatuko dute –parentesi bat esateko, honek pentsarazten digula debekuaren afizioa Espainian zezenketak baino errotuago dagoela; eta hori XIX. mendean ez zutela “terrorismoaren apologia” izeneko tramankulua asmatuta–. Total, orain klandestinoa den ereserkiaren egileaz akordatzen hasten dela jendea eta crowdfunding deituko geniokeena eginez 40.000 peso bilduko dituztela Iparragirre etxeratzeko –esan dugun moduan, emaztea eta umeak lehorrean utzita–.

Itzulera, tira, polita da, baina ez espero amaieran denek kontentu bukatzen duten film horietako bat. Hasieran “lagun ahaztezinez inguratuta” ibiliko da, bai, baina patrikan sosik gabe zegoena ez zen garai hartan ere luzaroan bizitzen izenaren kontura. Iparragirre zahar samarra da adinez, baina batez ere, izan duen bizimoduarengatik kaskatuta dago eta ez dio lagunduko bizitzaren azken partean atez ate erdi-eskean ibili beharrak. Historia guztiz ez hondoratzeko, 1880ko otsailekoa izango da pelikula honen azken eszenetako bat. Donostiako Antzoki Zaharrean, leienda izandako gizonaren kondarrak gitarraren gainean okertuta kantari: ahuldutako ahots horretan, aguretutako arpegioetan, oraindik badago Europa erdia liluratu zuen artistaren malko esentziala. Txalo zaparrada handia, teloia jaisten da. Urtebetera, azken boladan bizileku izan duen Itsasoko Zozobarro-Txiki baserrian, Jose Mari Iparragirrek bizi izan duen mendea ikusiko du begien aurrean pasatzen.

Hamar eszena Iparragirreren ‘biopic’ bat filmatzeko Hamar eszena Iparragirreren ‘biopic’ bat filmatzeko Hamar eszena Iparragirreren ‘biopic’ bat filmatzeko Hamar eszena Iparragirreren ‘biopic’ bat filmatzeko

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.