Haitzetako lapen gisa dantzan

Haitzetako lapen gisa dantzan –

Kuarrentak, dantzan.eus atarian.

.

Haitzetako lapekin parekatzen zituzten Mutrikuko dantzariak XX. mende hasierako kazetariek. Atentzioa eman digu Josu Larrañagak Mutrikuko Kalaputxi aldizkarian argitaratu duen “Aitxa Mendiburu eta lapa-dantzia” artikuluak. Ezagutzen ez dugun Mutrikuko dantza bereziren bat ote da lapa-dantza? Zein ote da itsasbazterreko haitzei atxikirik bizi den moluskuaren izena daraman dantza?

Dantza berriren batekin topo egingo genuen itxaropenarekin irakurri dugu artikulua, baina ez, lapa-dantza dantza lotua edo “agarraua” izendatzeko mespretxuzko modua zen. Gerra aurreko Argia astekarian argitaratutako zenbait artikulutan hala irakur du Larragañak: “Juan dan igandean [1922-03-05] “Tetuan” dantza lekuan lapa ugari bazan. Animalia lotsatu egingo litzake ta, gizonak lotsarik ez!”

Haitzetako lapen gisa dantzan
1924ko abuztuaren 3an Argia astekarian argitaratutako Arno-Mendi idazle mutrikuarraren testua.

Arno-Mendi idazle mutrikuarrak ere hala idatzi zuen 1924ko abuztuaren 3ko astekarian: “Zikin-Aste ezarri leikioke izena igaro dan aste orri (…). Ze ikusgarri ituna uri batentzat goizaldeko orduetan bere seme alabak dantza esaten dioten artan agertzea! Gero badira esaten dutenak aitzian lapak gogor egoten dirala ¿baña ez aldira emengo neska-mutillak gogorrago egon zortzi egunian askatu eziñikibiltzeko?”.

1928ko Madalenak amaitutakoan “Xarrastero”k ere, ironia pixka batekin, aurrez aurre jarri zituen euskal dantzak eta kanpotik etorritakoak eta honek ere lapekin alderatzen ditu dantzariak: “Ezpata dantza, zintxa dantza, partidu laisterka, joko ta abar; au guztia zibilizatu gabe gendozela, bañon etorri da ilustrazioa, ta musika ortik ta dantza lotua emendik, bazirudien aitzeko lapak zirala, “postroz”, “tango” ta besteori “txarreston” edo dalako ori”.

.

Artikulua: Dantzen inguruko eztabaidak: Aitxa Mendiburu eta “lapa-dantzia” (2019ko apirilaren 4tik 14ra)
Azaleko irudia: Aitor Razkin.
Haitzetako lapen gisa dantzan Haitzetako lapen gisa dantzan
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude