Gustu txarra

bad-taste-vamos-al-cine1-1024x666

Otsailean, afaria izan nuen nire ikasle batzuekin; oraindik elkar guti ezagutzen duen jendea juntatzen denean maiz gertatzen den bezala, tarte batez zinemaz mintzatu ginen, edo, hobeki erranda, bakoitzak bere film gustukoenen zerrenda aletu zuen. Kasualitatez, parean suertatu zitzaidan mutilak eta biok antzeko gustuak genituen –zinema mota berberera lerratzen ginen biak: beharbada, Peter Jackson-en Bad taste (Gustu txarra) izenburuak laburbiltzen zuen hobekien gure lehentasunak zein ziren–, eta ondoan nuen laguna zirikatzen aritu ginen. Une batean, halere, nire gogaide aurkitu berriak esaldi polit bat bota zion ondoan nuen hari: “Nahiko erradikala naiz iritzia ematen, eta zer pentsatzen dudan, film bat ea ona edo txarra iduritzen zaidan argi eta garbi erraten dut, baina, lasai, ez dut pentsatuko ergela zarela niri gustatzen zaidana gustatzen ez zaizulako”. Ederra iduritu zitzaidan esaldia, baina, egia aitortzeko, ez nago ados: nik, bai, gustuak eta nortasuna uztartzen ohi ditut. Behin Harkaitz Canok idatzi zuen bezala, “nahiago dut konplizitate iraunkor bat, maitasuna baino”. Tira, Canok dotoreago idatziko zuen –buruz ari naiz, ez dut aipua bilatu– baina ideia hortxe dago: konpartitzen diren filmak, liburuak, diskoak adiskidetasun luze baten oinarri izaten dira maiz.

Kritikariak, hein batean, hedabideen bozgorailua erabiliz, beren gustuak eta disgustuak zabaltzen saiatzen diren jendea dira, eta maiz irakurleak halako adiskidetasun harremana izaten du –urrundik bada ere– zenbait kritikarirekin, edo, batzuetan, kritikari bakar batekin: honek zer erran, gure irakurleak hura egin. Adibidez, idazle ezagun batek –ez dut izenik emanen– kontatu zidan horrelako harremana zuela EAEko hedabide ezagun –hemen ere ez dut izenik emanen– bateko zinema-iruzkingilearekin; hark beti hartzen zituen aintzat honen kritikak, eta kritikariak errandakoak ez omen zion behin ere huts egiten, zinemaren itsasoan zitekeen itsasargirik hoberena zen: filma ona zela erraten bazuen, idazleak bazekien txarra zela, eta ez zen ikustera joaten; baina gogor kritikatzen bazuen, orduan bazekien gustatuko zitzaiola. Kritikariak, beraz, nahiko ongi betetzen zuen bere funtzioa.

Gustu kontuetan oinarritutako harremanetan, gorrotoa amodioa bezain inportantea izaten da, izan ere. Gogoko dugunak adiskideen lurraldea zedarritzeko balio badu, gorroto duguna maite dutenak gure mespretxuaren gulagera igortzeko prest egoten gara. Are gehiago, batzuetan herra hori izaten da barnean daramagun esnobaren elikagai nagusia: ez dakit zer gustatzen zaidan, baina badakit ez zaidala mundu guztiari gustatzen zaion hori gustatzen. Halere, barneko esnob horren alde erran dezagun maiz gustuko duguna sorpresari, ustekabeari, ezohiko bideari lotua egoten dela – eta, beraz, zaila da aldez aurretik definitzea, sorpresa, berez, espero ez duguna edo ez dakiguna delako–, eta gorroto duguna, berriz, errutinari eta errepikapenari. Horregatik, liburu edo film baten aitzinean, hura irakurri edo ikusi baino lehen posible da jakitea (edo susmo sendoa izatea) ez zaigula gustatuko, baina irakurri edo ikusi artio ezin izaten da erran gustatu zaigula. Azken egun hauetan, adibidez, Philippe Claudel-en Linh jaunaren biloba leitu dut: izugarri aspertu naiz, baina, egia erran, aldez aurretik espero nuena bertzerik ez dut aurkitu, bai azalak bai izenburuak zintzoki iragarri baitzidaten barnean zer nuen zain. Nik orientalismoa espero nuen, sentimentalismoa, hizkuntzen gainetik eta kulturen gainetik gailentzen den ulerkortasun unibertsala, eta horiexek dira irakurri ahala bidera azaldu zaizkidan osagaiak. Horregatik, kritika mota berri bat proposatuko nuke: liburua irakurri gabe egiten dena. Tira, agian horrela adierazita ez da hain berria. Erran nahi dut, liburua irakurri ez duzula aitortuta egiten behar litzatekeela kritika. Ez da hain zaila. Behin, errate baterako, Pérez-Reverteren liburu bat laburbildu nion lagun bati: kontua da bera ari zela irakurtzen, ez ni, baina aitortu zidan franko ongi azaldu niola nobela haren funtsa. Eta, azken adibide bat emate aldera, badakit Berriako zutabegile batek (oraingoan ez dut izenik emanen, baina bai aipatuko dut haren inizialak S. L. zirela), iaz komentario negatibo batzuk egin zituela artean irakurri gabe zuen liburu baten gainean: gero, bai, irentsi omen zuen alea, badaezpada ere, baina ez omen zuen egindako kritikak zuzentzeko motiborik harrapatu.

Aste honetan, Oscar sariak banatu dituzte. Ez ditut saritutako filmak kritikatuko, ez baitut bakar bat ere ikusi (eta, gainera, ni ez naiz S. L. hori bezalakoa), baina aitortuko dut, zer film ikusi edo zer DVD erosi hautatzeko tenorean, Oscar sari bat jaso izana oztopo izaten dela niretako, pizgarri baino gehiago. Gehienetan, badakidalako zer eskainiko didan film horrek: drama epikoa, argazki zaindua, bizitza baino handiagoak diren pertsonaiak. Ez dut erran nahi Oscarretan sarituriko filmak ezin direnik onak izan, baina susmoa dut Oscar gorabehera direla onak. Nolanahi ere, Oscar sariak inportanteak dira: nolabaiteko kanona osatzen dute, eta horri esker ematen ahal diot jatera barnean daramadan esnobari, kanon horren kontra elikatzen baitut. Antzeko zerbait gertatzen zait Donostiako zinemaldiarekin: haren aldean, hobeki preziatzen dut Beldurrezko Astearen balioa. Baiki, zinema ona saritzen da Oscarretan, baina, zer nahi duzue, hainbertze glamourrek eta hainberzte alfonbra gorrik pereza ematen didate, eta ez dakit 12 urteko esklabotza ikusiko dudan. Momentuz, 80 hamarkadako klasiko bat erosi nahi dut, The Toxic Avenger (Mendekatzaile toxikoa), DVD edizio berria salgai jarri dute-eta.

  [Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

gustu, txarra
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude