Gure semeak dagoeneko badakizkien gauzak (baina nire ahotik ikasi ez dituenak)

Gure semeak dagoeneko badakizkien gauzak (baina nire ahotik ikasi ez dituenak)

Has gaitezen hitz potolo batekin: hegemonia. Definizio sinple bat emate aldera, hegemonia errealitatea ikusteko erabiltzen ditugun betaurrekoak izan liteke (betaurreko ikusezinak daramatzanarendako). Normaltzat jotzen duguna, araua dena, errealitatearen gaineko gainerako ikuspuntuak baztertu eta anormal bihurtzen dituen ikusmoldea. Begi-bistakoa dena. Naturala dena. Behin, izeba bat etxera etorri zitzaigun, ea ez dakit noren eskela ikusia genuen Nafarroan eskela gehien argitaratzen dituen egunkarian. Guk ezetz. Eta, orduan, guri begira gelditu eta hauxe erran zigun: “A, bueno, baina zuek ez duzue egunkari normala erosten”. Hegemonia naski hori da: Nafarroan, norbaitek “banoa egunkaria erostera” erraten duelarik (edo “egunkarian ikusi zaitut”, edo “egunkarian erran dute”), Diario de Navarraz ari da gehien-gehienetan; bertzenaz, izena zehaztuko bailuke: “banoa Berria erostera”, edo “Garan publikatu dute”, edo “gaur Noticiasek ez dakit zer dakar”. Diario de Navarra irakurtzeak ez du azalpenik behar, eta ez zaitu sailkatzen; bertze edozein kazeta hautatzeak berezi, arraro edo, batzuetan, xelebre bihurtzen ahal zaitu.

Bertze definizio bat hau izaten ahalko litzateke: inork azaldu gabe, gure seme-alabek osmosi bitartez edo intuizioz ikasi eta barneratzen dutena, adin batetik aitzinat haurrak integratzen saiatzen baitira, taldeko parte izan nahi dute, eta, hortaz, antena finak izaten dituzte nonahi balio nagusiak zein diren igartzeko.

Lau edo bortz urte bete artio, gure semeak ez zuen neskatikoen eta mutikoen jostailuak desberdintzen. Duela bi urte, udan, Gaztelugatxera joan ginen eta, elizara ailegatutakoan –ni hatsankatua, semea fresko-fresko– ezkila jo eta bi nahi eskatu zituen: bi mozorro hain zuzen ere, Supermanena, lehenbizikoa; eta maitagarri mozorroa, bigarrena. Gero, denbora faltagatik batez ere, guk ez genion ez bata ez bertzea erosi, eta harrezkeroztik, noizean behin galdegiten du noiz beteko ote den Gaztelugatxen egin zuen eskaera hura. Berriki, atzendu izan balitzait bezala, erran nion ea zer eskatu nuen, eta haren arrapostua hau izan: “Bada, bi mozorro, bueno, bat, Superman mozorroa”. Dagoeneko ikasia baitu bertzea “neskena” dela, eta, beraz, beretako desegokia. Pena da. Lehen, jostailu aldizkarietan (hau da, etxera ailegatzen diren jostailu katalogoetan) berdin-berdin begiratzen zituen “nesken” jostailuak eta “mutikoenak”. Orain, orri batzuk ez ditu lehen bezain erne aztertzen. Interesgarriena da neskatikoendako pentsatuak dauden jostailu horietarik anitz oraindik gustatzen zaizkiola, baina ikasi du –non? Noiz? Norekin? Ez nire ahotik behinik behin– hori “lotsagarria” dela, edo horrelako jostailu bat hautatuz gero, irri-emangarri bihurtzen ahal dela bertze haurren aitzinean. Duela guti, ikastolako patioan, ikaskide batek, neskatiko batek, galdegin zidan zergatik gustatzen zaion gure semeari arrosa kolorea? Nik azaldu nion Angel Erroren ustez arrosa heterosexualitatearen ikur definitiboa dela, baina ez dakit konbentzitu nuen (oharra: baliteke anekdota hau pixka bat moldatu izana, eta beharbada kontatutakoak ez du erabat islatzen benetan gertatu zena).

Hizkuntzarekin ere antzeko zerbait gertatu da: denbora luzea da gure semeak ikasia eta barneratua duela etxetik kanpo erdaraz egin behar dela, eta orain ongi moldatzen da espainolez ere. Bitxia da: inguruko guti ohartuak ziren euskaraz egiten zuela; artean espainolez ez zekiela ere, erdaraz oparitzen zizkioten liburuak. Arrunt jende gutik egiten zuen euskarazko jostailu bat bilatzeko eginahala. Eta bitxia da: inguruko gehienek poz handia hartu du erdaraz zeinen ongi egiten duen ikusita (nik ere bai, elebitasuna gauza handia baita); inguruko gehienek jakintzat eman dute hori zela bidea –inoiz komunikazioa izatekotan, gure semeak ikasi beharko lukeela espainola, ez haiek euskara–, eta, halere, inor guti ohartu da normaltasunerako bide hori nahitaezkoa izan dela, baina kontrakoa, euskarara –anormaltasunera, alegia– daramana aukerakoa dela. Hori erran egin behar zaie, hegemoniak estaltzen duen errealitatea baita.

Gauza esoterikoagoak ere ikasi ditu azken bolada honetan. Egun hauetan jakin dugu ETA sekretuki D ereduko eskola publikoan sartzen ari dela, umeak doktrinatzeko asmo maltzurrarekin. Erran behar dut gurean arrakasta guti izan duela. Duela egun batzuk, semea Doraemon ikusten ari zen telebistan, aitatxi-amatxien etxean. Kapitulu hartan, Nobitak (edo Doraemonek berak?) guardako aingerua bezalako mamu bat zuen, XVII. mendeko hidalgo espainol baten mamua hain zuzen. Eta, mamua espainola zela azaldu zutelarik, semeak, nonbait, bota zuen: “Hara! Ni bezala”. Hori ere ez du nire ahotik ikasi, baina, antza, airean usnatu du Nafarroa foral eta espainol honetan. Solasaldi txiki bat dugu egin beharra. Uste dut azaldu beharko diodala guk ez dugula egunkari normala erosten, eta, gainera, hori ez dela bereizten gaituen gauza anormal bakarra. Zenbaitetan, hegemonia arras hegemonikoa baita.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

14 pentsamendu “Gure semeak dagoeneko badakizkien gauzak (baina nire ahotik ikasi ez dituenak)”-ri buruz

  • Bikaina!

  • Mundiala! (Nik ere “bikaina!” idatzi behar nuen)

  • Iban Tustán 2013-11-27 13:49

    Earra!

  • LanderUrbizu 2013-11-27 15:09

    Latza!

  • Ikearriya.

  • Ederraskua!

  • […] 2013ko urria. Aita MacDonaldsera, MacDonaldsera, MacDonaldsera… leloa mailua da buruan. Santi Leonek dioen gisan, nik ere ez diet halakorik erakutsi alabei, gehiago kontrakoa, baina gehiegirik ere ez, badaezpada. […]

  • […] dituzten prestigio sozialarekin zerikusia daukaten gauza guztiak. Antena finak, esango luke Leonek. Mutilek neska bati “gorda” edo “potola” aurpegira botatzen diotenenean, hori guztia dago […]

  • zorrozkiloa 2013-12-03 11:37

    “dagoeneko DAKIZKIEN” horrek ez dizue krak egiten belarrian? Niri “BAdakizkien” eskatzen dit.

    Baina ZUZEUn hau esatea alferrik da, BAdatsegit edo “Ba al datsegizu” eta antzekoak ukatu eta espainol kopiekin segitzen baitu.

    • Santi Leoné 2013-12-03 23:37

      Egia erran, duda-mudan ibili nintzen zain aukeratu, “dakizkien” edo “badakizkien”, baina hondarrean, antza, gaizki hautatu nuen. Zure iruzkina ikusita, eta lagun batzuekin mintzatu ondoren, bada, kasu eginen dizut eta izenburua aldatuko dut.
      Halere, nire ustez, hemen alferrik dena da nire trakeskerien kontura ZUZEUri zaplaztekoa ematea, baina, tira, hori bertze kontu bat da.

  • txorroskilo 2013-12-04 07:25

    Ez dut uste DAGOENEKO DAKIZKIEN gaizki dagoenik, fokua non jartzen den:
    “DAGOENEKO dakizkienak” ala “dagoeneko BADAKIZKIENAK”…

  • […] dituzten prestigio sozialarekin zerikusia daukaten gauza guztiak. Antena finak, esango luke Leonek. Mutilek neska bati “gorda” edo “potola” aurpegira botatzen diotenenean, hori guztia dago […]

  • […] zitzaidan burura Pilar Kaltzadaren bidez topatutako Santileone-ren idazki bat irakurri nuenean, Gure semeak dagoeneko dakizkien gauzak (baina nire ahotik ikasi ez dituenak) izenburua […]

  • Peru Dulantz 2014-01-22 08:02

    Ez naiz nekatuko hau errepikatzeaz: seme-alaba txikiak baldin badituzu (6 urtetik beherakoak badira garaiz zabiltza oraindik) kendu TDTtik haurrentzako telebista-kate erdaldunak. Oraindik oso inozoak dira, eta erraz onartzen dute “gure antenak ez du Disney Chanel hartzen” azalpena. Emaitzak ikusgarriak dira, gure kasuan hala izan ziren behintzat.