Gure eskubideak gure zain

Gure eskubideak gure zain –

Urriaren 30ean, larunbat goizean, euskararen langile profesionalok II. Batzar Nazionala egingo dugu Azpeitian. Han bilduko gara irudigileak, bertsolariak, kantariak, musikariak, idazleak, kazetariak, itzultzaileak… Alegia, kultura deritzan industria elikatzen dugunok: sorkuntzaren lehengaia, hizkuntzaren lehen lantzaile, kulturaren lehen katebegia, salerosketaren lehen ezinbestekoa.

Gure eskubideak gure zain
Arg: Juan Carlos RUIZ / FOKU / NAIZ

Hori dena gara, sortzeko ahalmena daukagu, baina ezin ditugu eskubideak sortu. Hor dauzkagu, nonbait, legedien eta araudien sasitzan galduak, teknifikatuak, baldintzatuak, gure errealitatetik urrun, inork ez ulertzeko diseinatuak. Aspaldi du eskubideok gure zain daudela, ilunpe horretatik noiz libratuko. Horregatik eratu dugu Lanartea, gure lan baldintzak hobetzeko ez ezik, eskubideok ere gure gain hartzeko, euskararen langile profesionalaren duintasun moral, ekonomiko eta soziala aldarrikatuz.

Gure lanak balio etikoa eta estetikoa dauka. Argitaratuz gero, balio ekonomikoa hartzen du. Katearen lehen maila gara sorkuntzan, baina katearen azken maila gara guk geuk sortzen dugunaz bizitzen.

Lobby ez baina sindikatu bokazioa daukanez, Lanartea euskararen langile profesional guztien zerbitzura dago aholkua, informazioa eta laguntza emateko: denok bat eta bakoitza bere, guztiok irabazteko. Horrenbestez, Lanartearen lorpenak euskararen langilea den ororen onerako lorpenak izango dira, afiliatuak izan edo ez, langile autonomoak izan edo soldatadunak izan.

Gogorra da esan beharra, sinesgaitza ere egiten ahal zaizue. Jakina da euskara, hizkuntza gisa, subordinatua dagoela, baina, subordizaio horretan, inor ez da konturatu gure subordinazio ekonomikoaz: merkezurreko ordainketak, doako lanen abusua, presentzia eskasa hedabide publiko eta pribatuetan…

Sakabanatuak bizi izan gara, bata bestearen berririk jakin gabe. Egiten digutenaz hitz egiteko lotsatan. Bizi dugun errealitate injustua aldaraziko badugu, ezinbestekoa da euskararen alor desberdinetako langile profesionalon batasuna. Elkarturik gure eskubideen subjektu aktibo bihurtuko gara.

Baina batasun horrek ez du balio handirik izango gure aldarriak eta gure eskubideak gizartearen kontzientzian errotuak ez baldin badaude.

Milaka eta milaka zarete ikusten, entzuten, irakurtzen gaituzuenok: zuekin, zuen laguntzaz, zuen indarraz, euskararen kultur sistema duin eta garden bat antola genezake. Eta, bidenabar, etorkizun bizigarri bat eraiki ahal izango diegu euskararen lanbideetako sortzaile gazteei.

Artista bezala ikusten gaituzue maiz, eta harrotzekoa da. Baina ikus gaitzazue zama handi baten azpian dihardugun langile bezala ere.

Gure eskubideak gure zain