Greba orokorrerako errepertorio bat: Pottier, Brecht, Maiakovski [poetische samizdat]

 

Ostegunean hilak 29 greba orokorra izango da Hego Euskal Herrian.

Sarritan jabetu gara ezkerreko ukabila goian zenuela laralala zeniola Internazionalaren doinuarekin. Bada guregatik laralala abesten jarrai dezakezu. Baina, akaso, langile letratuen artaldearekin bat egin nahi duzu eta helburu hori erdiesteko Internazionalaren euskarazko bi bertsio igortzen dizkizugu. Bigarrena Arestik egina da, lehenengoa misterioa da, akaso Arestik egingo zuen, edo beste norbaitek, edo munduan itzulpen gehien egin dituen Herrikoi andreak egingo zuen.

Internazionalaz gainera langileon, prekarioon, ezkertiarron eta bestelako askatzaileon hiru abestiren hitzak itzuli ditugu. Brechten bi (Hanns Eisler-ek musikatuak) eta Maiakovskiren bat (Eislerren musikarekin hau ere).

Afixa bat ere gehitu dugu geure buletinaren 26. zenbakiarekin.

Jaso gure pedeeferik beroena: 24 ZABORRA ZABORTEGIRA!!

 

Pottier& Aresti& Brecht& Eisler& Maiakovski& Hupper + Andreas eta Gudrun

[grebaren aurretik beste ekarpen bat egingo dugu. Erne!]

Internazionala

(Gabriel Arestiren bertsioa)1

 

Zutik! Munduko langileak,

garai dezagun gosea!

Odoltzaren ondoan sarri

datorkigu asea!

Burgesiaren hilobitzat

zabal dezagun leizea,

harekin ehortziko dugu

eman daukun oinazea.

Gora herri-artea,

agintera zuzen;

gure azken gerra

bizkor etorri zen.

Oihuaren ederra,

garbi eta ozen!

Munduko langile guztiak

bat egin gaitezen!

1Olerki hau Gabriel Aresti Itzulpenak (I), Susa, 1986 Donostia liburutik hartu dugu. Bertako oin-oharrean hauxe jartzen du: «Frantsesezko bertsiotik paratu zuen Arestik hemen eskaintzen dugun itzulpena. ETAko partaide batzuren epaiketarako prestatu zuen, hala eskatu baitzioten. Gaur egun beste bertsio bat da ezaguna, ustez Arestik itzulia hau ere, baina ez dugu itzulpen horren frogarik aurkitu».

Langileen fronte batuaren abestia

Hitzak: Bertolt Brecht Musika: Hanns Eisler

Pertsona pertsona denez gero,

ogia jan nahi du egunero.

Hitz hanpaturik ez berari,

jan nahi du eta ez berbarik.

 

Bat, bi, hiru aurrera

bat, bi, hiru aurrera, burkide zeure lekura.

Batu zaitez langile guztien frontera

langilea baitzara.

 

Pertsona pertsona denez gero,

arropak eta botak behar ditu behintzat.

Hitz hanpatuek ez dute berotuko

ezta danborren hotsek ere.

 

Bat, bi, hiru aurrera

bat, bi, hiru aurrera, burkide zeure lekura.

Batu zaitez langile guztien frontera

langilea baitzara.

 

Pertsona pertsona denez gero,

ez du bota aurpegian nahi.

Ez du bere pean esklaborik gura

ezta bere gainean jaberik ere.

Bat, bi, hiru aurrera

bat, bi, hiru aurrera, burkide zeure lekura.

Batu zaitez langile guztien frontera

langilea baitzara.

Prekarioa prekario denez gero,

ezin du beste inork askatu.

Langileon askapena langileok

bakarrik gauzatuko dugu.

 

Bat, bi, hiru aurrera

bat, bi, hiru aurrera, burkide zeure lekura.

Batu zaitez langile guztien frontera

langilea baitzara.

1934

Hiru gai nagusi ditu Elkartasunaren kantuak: 1929ko krisia, lehen mundu gerra eta gizarte afera. Kuhle Wampe filmerako egin zuten Brecht eta Eislerrek. Leloa B-A-C-H armoniarekin eraikia dago eta azken akordea irekirik gelditzen da, erresoluziorik gabe.

Elkartasunaren kantua

Hitzak: Bertolt Brecht Musika: Hanns Eisler

 

Aurrera eta ez ahaztu

zertan datzan geure indarra!

Gose izan edo ase izan

aurrera eta ez ahaztu inoiz

elkartasuna!

 

Zutik munduko langileak,

batu zaitezte helbururako

orain zeuena izango da

jostun handia izango delako.

Beltza, zuria, beltzarana, horia!

Gelditu haiek sortutako sarraskiak!

Herriek elkarri hitz egitean

arin batuko dira elkarrengana.

Azkar eskuratu nahi badugu,

oraindik zu eta zu behar zaituztegu.

Hurkoa alboan uzten duenak

bere burua uzten du bertan behera.

Geure jabeek – direnak direla –

geure banaketa pozik dakusate

ze bereizten gaituzten bitartean

geure jabe izaten jarraitzen dute.

Herrialde guztietako langileak

batu zaitezte eta izan askeak.

Zeuen errejimentu handiek

edozein tirania zarta dezakete!

 

Aurrera eta ez ahaztu inoiz

eta galdera zehatza egin

gose denari edo jatekoa duenari:

noren biharra da biharra?

Noren mundua da mundua?

1929

Ezkerreko martxa 1918an idatzi zuen Maiakovskik. Errusiako iraultzaren 50. urteurrenean Huppertek itzuli eta Eislerrek melodia jarri zion. 95. urteurren honetan euskaratu dugu. Eskertuko genuke kapitalismoa suntsitzeko eta haren lekuan antolaketa berdinzalerik eraiki nahi ez dutenek honako kantua erabiliko ez balute. Iruzur estetikoa zigortzeko bideak gertu ditugu.

Ezkerreko martxa1

Musika: Eisler Hitzak: Maiakovski Alemanerako itzulpena: Huppert

Hedatu zeuen pausuak, zoazte beste norabait,

uztazue berriketa.

Ixo, hiztunok!

Zuk

daukazu hitza,

mintza zaitez, Mauser burkidea!

Adanen garaiko legea

ekarri duzu urperatzeko…

Borreroa lotsaraziko dugu.

Ezkerra!

Ezkerra!

Ezkerra!

 

Jaka urdindunok, aizue!

Noiz da erasoa?

Itsastatu ezazue ozeanoetan?!

Edo zerbait gaizki dago portuko

zeuen guda-ontzi erdoilduan?

Utzi

britainiar lehoia marru egiten,

hortzak erakusten ditu esfingeak.

Inork ez du Komuna makurtuko.

Ezkerra!

Ezkerra!

Ezkerra!

 

Han

mendi ilun malkartsuen atzean

eguzkia jaiotzen den lurra dago.

Pobreziatik

eta miseriatik

datoz milioika pausu!

Gaizkileen taldeen erasoekin

mehatxu egiten digute, –

Errusia egiezu aurre.

Ezkerra!

Ezkerra!

Ezkerra!

 

Itsutuko al da arranoa?

Itsutuko ote gaituzte?

Eutsi gogor

munduaren eztarriari

zeure langile eskuekin!

Borrokan aurrera darraizu!

Zeru, jantzi ezazu geure bandera!

Nork darama gaizki pausua?

Ezkerra!

Ezkerra!

Ezkerra!

1918

1Koldo Izagirrek eman zion izenburua errespetatu nahi izan dugu in Maiakovski: Poemak, Susa, 1993 Zarautz. 277 or.

andreas eta gudrun, angiolillo pamphletistInen, bertolt brecht, Gabriel Aresti, greba orokorra, literatura, maiakovski, poesia, pottier, zuzeu.com

Andreas Bernd Baader (1943ko maiatzaren 6a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da, astia duenean margotzen du. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| Gudrun Ensslin (1940ko abuztuaren 15a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da. Hegelen ondorengoa da, biolina jotzen du idazteaz gainera. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| [zuzeu.com [g.ensslin&a.baader-blog [@andreas_gudrun-twitter [andreasetagudrun@gmail.com [zureAuzokoHorman [samizdatElebiduna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude