Gpuntua martxa betean dator berriro ere!

Gpuntua_prentsaurrekoa-2-462x306Gipuzkoako bertsoaren sarea ehuntzera dator Gpuntua, geltokiz geltoki abenduaren 18an Illunbeko helmugara bitarte


Gpuntua_bideoklipa from Gpuntua on Vimeo.

Irailaren 17an berrekingo zaio Gpuntua:2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, final-zortzirenekin. Maiatzean jokatu zen Lehen Fasearen ostean, Andoainen eta Azkoitian izango dira final-zortzirenetako lehen saioak, larunbat eta igandearekin. Donostiako Illunben bukatuko da aurtengo edizioa, abenduaren 18ko finalarekin. Tartean, 15 herritan jokatuko dira saioak, fasez fase.

Halaxe adierazi dute Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kideek Donostiako Miramar jauregian egin duten prentsaurrekoan. Parte hartu dute prentsaurrekoan Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Lehendakariak, Oroitz Azurmendi Elkarteko koordinatzaileak, Mikel Mendarte Kutxako ordezkariak eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusiak. Horiez gain, presente izan dira txapelketa honetako beste hainbat ordezkari ere: Aritz Zerain Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea, gainontzeko babesleak, Mikel Azpiroz (Elkano Browning Cream) eta Gari abeslaria sintoniaren egile gisara eta txapelketan parte hartuko duten hainbat bertsolari.

“Maiatzean jokatu zen Lehen Fasea, eta jarri genituen helburu guztiak bete ostean, indar betean hasiko dugu fase berria, Illunbeko finaleraino” esanez hasi du prentsaurrekoa Saroi Jauregik. “Gipuzkoako bertsoaren sarea ehuntzera dator Gpuntua, geltokiz geltoki, bidaiariak eta bertsolariak bat hartuta Illunbeko helmugaraino”, gaineratu du Jauregik.

Irudi berria
Maiatzeko Lehen Fasean zehar Gpuntuaren irudiaren zertzeladaren bat bistaratu zen aurrenik, eta orain gizarteratu dute antolatzaileek irudia bere osotasunean. Metro-sarearen kontzeptua erabilita, “Gipuzkoako bertsoaren sarea islatuko du Gpuntuak; metroko linea bakoitza txapelketako fase bakoitzari dagokio, eta bertso eskolen sareak lurralde osoa hartzen duen linea islatuko du”, azaldu du Azurmendik. Gipuzkoako bertsolaritzaren ehuna gizarteratzeko kontzeptu gisa erabiliko da metroarena, “Gipuzkoako bertsoaren hedapena, joskura ederki biltzen baitu bere baitan”, gaineratu du Gipuzkoako koordinatzaileak.

Horren harira, Gpuntuak iraila bitarte izango dituen euskarriak ere aurkeztu dituzte antolatzaileek. Aipatu metroaren kontzeptua iruditzat hartuta, txapelketaren eta Gipuzkoako bertsolaritzaren inguruko informazio guztia biltzen duen aldizkaria aurkeztu dute aurrenik. Horrekin batera, munduko hiriburu nagusietako metroetan ezaguna den eskuko mapa diseinatu dute, “bertsozale orok eskura izan dezan, momentu oro, txapelketaren inguruko informazioa”, zehaztu du Azurmendik.

Aipatu euskarriez gain, www.gpuntua.com webgunea izango da informazio-bide nagusia. Saio guztien gaineko informazio eguneratua argitaratuko da atari honetan, eta sarrerak erosteko aukera ere emango du. Sare sozialetan ere izango da Gpuntua: jada maiatzetik abian ziren Facebook, Twitter eta Berriketan sare sozialak indartuko dira. Berrikuntza gisara Gpuntua Telebista atala estreinatuko du Gpuntuak: bertan saioetako bertsoaldi onenak, produkzio bereziak eta abarrak publikatuko dira aldiro-aldiro.

Sintonia
Gaurko prentsaurrekoan aurkeztu duten berrikuntza izan da Gpuntuaren sintonia berria. Sintonia egiterakoan “bertsolaritza esparru berrietara zabaltzeko helburuari eutsiz jokatu dugu”, esan du Azurmendik: Elkano Browning Cream musika taldearen abestia ardatz hartuta letra berriak sortzeko lehiaketa abian jarri zuten Gipuzkoako Bertso Eskolen artean, eta Antzuolako Sasibertsolaixak Bertso Eskolakoak izan ziren garaile. Gari abeslariak biribildu du sintonia bere ahotsarekin. Mikel Azpiroz taldeko ordezkaria eta Gari prentsaurrekoan izan dira eta emaitzarekin “oso pozik” daudela adierazi dute.

Sintoniarekin batera Gpuntuaren aurkezpen-bideoklipa ere bistaratu dute antolatzaileek, sintonia ardatz duela txapelketako irudi andana biltzen duen ikus-entzunezko produkzioa.

Txapelketaren nondik norakoak
Txapelketari dagozkion datu zehatzetara pasaz, Azurmendik detaile guztiak argitu ditu: “Andoainen hasi eta Illunbeko finalera bitarte 16 saio jokatuko dira: final-zortziren, laurden, finalaurreko eta finala”. Zazpi saio jokatuko dira final-zortzirenetan, bost final-laurdenetan, hiru finalaurreko eta final handia, hurrenez hurren. Fase bakoitzaren artean astebeteko atsedena hartuko du Gpuntuak. Halere, azaroaren 20an Arrasateko finalaurrekoa jokatzeko asmoa zegoen arren, Estatuko Hauteskundeak direla-eta astebete atzeratuko da aipatu finalaurrekoa. Hortaz, asteburu berean jokatuko dira Arrasateko (azaroak 26) eta Tolosako finalaurrekoak (azaroak 27), larunbat eta igandearekin, hurrenez hurren.

Herrien eta aretoen aukeraketari dagokionez, orain lau urte baino edukiera handiagoko aretoak aukeratu dira, “antolakuntzatik apustua egin baitugu bertsozale guztiek saio guztiak ikusteko aukera izan dezaten eta kalean gera ez daitezen”, argudiatu du Azurmendik.  Bertsolariek egin beharko dituzten lanek ere berrikuntza nabarmenak izango dituzte. Egitura tradizionala irauli nahian eta bertso-saioen emaitza aberastu nahian lanaldien ordenan eta izaeran aldaketak izango dira.

Sarrerak
Saioetarako sarrera guztiak erosteko aukera izango da www.gpuntua.com eta www.bertsosarrerak.eu atarietan. Internetez sarrerak erosten dituztenek izango dute lehentasuna baina saioen aurretik tokian tokiko leihatiletan ere jarriko dira salgai. Bertsozale porrokatuenentzat Gpuntua-Bonoa jarriko da salgai: saio guztiak ikusteko aukera ematen duen bonoa, prezioa orokorra kontuan hartuta %50eko deskontuarekin.

bertsoa, bertsolaritza, Gipuzkoa, gipuzkoako bertsolari txapelketa, gpuntua

Zer duzu buruan “Gpuntua martxa betean dator berriro ere!”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude