[Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT

[Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT –

[Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT.

Dut

At” (Esan Ozenki, 1996)

.

BIDAIA

[Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUTAteri zegoen, 1996ko urriko egun astun samarra zen, hits eta sargoria. Unibertsitateko egun fundamentubako bat gehiago. Kafetegiko solasaldiek asperturik, Leioako pisu partekatu narratsean The Simpsons-i begira, Karma dice irakurriz, edota Gazteak eta Faemino y Cansadoren esketxak oroituz pasatzen genituen une dibertigarri urriak. Ostirala zen, hori bai. Ostiralek beti izan dute zerbait tentagarria, zerbait askatzailea. Haurra nintzenean amonarenetik etxera nindoala kalera zihoazen gazteak ikusten nituen ostiral iluntzetan, euren txupak jantzita. Tabernetako musika eta zarata entzuten nuen (artean ez nekien rocka zer zen ere), paretetan itsatsitako kartel ugarietan paratzen nuen begirada eta herriko kioskoan kontzertuak izaten ziren. Lehengusu zaharragoek musikarekin loturiko istorioak ekartzen zituzten bueltan (Hertzainak eta Itoiz zituzten gustuko nireek garai hartan). Betiko egon dira geroztik ostiral gauak musika kontuekin loturik, musika kontzertuekin batik bat, Urretxuko Gaztelekuan (umetan beldurra ematen zigun leku huraxe bera) edo Azkoitiko Matadeixen entzundako andana haiekin.

Aritz laguna Donostiatik joana zen Bilbora, dedo eginez. Abentura bizigarritzat genuen garai hartan behatza atera eta errepide izkinan nork geratuko zain egotea. 20 urteak bete gabe, errebeldetzat genuen geure burua; Galdu arte irakurri berriak ginen. Makina bat kontzertutarako bidea egin genuen molde hartan, baita pertsonaia xelebre askoak ezagutu ere. Gure barruko xelebrea ere ezagutzen hasiak ginen.

Beste ezertarako astirik gabe sartu ginen Kafe Antzokian. Wemean talde suitzarrak ere jotzen zuen. Baina Hondarribiko hirukoa entzuteko irrika zen gurea. Ordurako hirukoa baitzen. Egin Irrati-ko Igo Bolumena saiotik iritsi zitzaigun albiste hura, eta bigarren diskoa ateratzekotan zirela ere bai. Askoz gehiago ez genekien, baina zerbait berezia espero genuen. Nahi genuen. Behar genuen.

Beste kontzertu batean ezagutu nuen Dut, ia txiripaz. Andoaingo gaztetxean ikusi nuen aurrenekoz, Belly Button bikotearekin batera. Bost ziren orduan Dutekoak. Kontzertua hasi aurretik Xabi Strubell ikusi nuen gaztetxe kanpoaldean kokoriko eginda jarrita. Irudi bitxia egin zitzaidan. Txoritxo bat zirudien, birdy bat. Aritzek esan zidan bizkarreko arazoak izaten zituela. Aritz eta Agus lagunak ausartagoak nituen, eta lehen lerroetan bizi izan zuten Urtsua uda soinu tobogan harekin hasitako kontzertua. Dantza batean aritu ziren, izerdi patsetan. Neu, uzkurrago, gaztetxeko atzeko partean; Legea hil, Sexu mugarik ez, Itxura faltsuak, Hutsik dauden hitzak, Zurrunbiloa… Definitzen zaila den erauntsi moduko bat sentitu nuen erraietan. Hura inoiz entzun gabeko zerbait zen. Hura beste soinu bat zen, hura beste mundu bat zitzaidan.

Baina mundu berri hura bete-betean Bilboko kontzertuan azaldu eta barneratu zitzaidan, ia tupustean, zaplazteko lehor baten gisan. Zaplazteko estetiko bat izan zen. Ziur asko garai jakin hartan behar nuen zaplaztekoa. Gogaitu antzean nintzen festa giroko musikarekin, kamixeta arraiadunekin eta euskaldun
jatorraren errituekin (gerora horietako batzuk berreskuratuko nituen, bertso eta pilota zaletasuna, esaterako). Sokaren itzala kantuaren lehen akordeak entzun nituen orduko, zapla!, harridura eta barne asaldura, biak batean. Lagunari begiratu nion kantuaren erdialdera. Berak niri begiratu zidan. Flipatu aurpegia zen berea. Halakotxea izango zen nirea ere. Sokaren itzalak gatibu hartu gintuen. Ezin askatuta geratu ginen kontzertua amaitu artean. Zer zen hura? Zein barne estoldetatik ateratakoa zen soinu hura, belaki xurgatzaile hura, indar hura? Zer arraio deitu behar genion musika hari? Post- atzizkiaren nagusitasun eroso eta aspergarria iristeke zegoen oraindik zorionez. Triangelu miragarria zen Xabik, Josebak eta Galderrek osaturikoa. Bermudatakoa bailitzan, han sartu eta galdu nintzen. Betiko. Jendez gainezka zegoen antzokia, jendez inguraturik nengoen. Baina mundutik at ni, At-en munduak xurgaturik nindukan. Ez nuen ez beste ezer ikusten ez entzuten. Soinu estetika berri bat, oholtzaren gaineko estetika berri bat jaso nuen.

Kafe Antzokian bizi izandako hura behin eta berriro biziberritu nahi izan nuen orduz geroztik etxean ere. CDa Durangoko Azokan erosia nuen. Sartu musika ekipoan eta neu bihurtzen nintzen protagonista. Fikziozko gitarra esku artean hartu eta zenbat kontzertu eman ote nituen ispiluaren aurrean -bai, bai, keinuak eta imintzioak entseatzen nituen, noizbait musikari izan behar banu ere- buruz ikasitako kantu zerrenda harekin. Sokaren itzala, Fumut, Sortu eta haztea, Haize eza... Apoteosia Eskuzuri eta Bidaia-rekin iristen zen. Katartikoak biak. Bizilagunek zoraturik nintzela pentsatu behar zuten Bidaial!!! amorruz bete hura orru egiten nuenean. Entzun beharra zeukaten inondik ere!

Bidaia baten hasiera izan zen At. Ateak, leihoak eta, batez ere, belarriak zabaldu zizkidan. Musika entzun eta bizitzeko modua aldatu zidan. Haurtzaro eta nerabezaroko lehen urteetan ia oharkabean entzuten nuen musika. Gurasoen bidez (The Beatles, Simon & Garfunkel eta trikitixa, Laja eta Landakanda batik bat!), edota, batez ere, lehengusuen bidez iristen zitzaidana entzuten nuen (Itoiz, REM, The Police, Duncan Dhu, The Communards…). Nerabezaroko urteetan taldeko (artaldeko) sentitzeko entzuten nuen musika (Su ta Gar, Negu Gorriak, Metallica edo, batere gustatzen ez zitzaidan Etsaiak…). Dut entzuten hastean berezi sentitzen hasi nintzen. Berezi zentzurik egonarzisistenean, batetik. Banekien zerbait berezia bizitzen eta gozatzen ari nintzela eta ez zela oso masifikatua, ezta neure ingurunean ere. Horrek bazuen bere puntua. Baina, berezi sentiarazi ninduen, ni neu sentiarazten ninduelako. Nik neuk esan nahiko nituzkeenak esaten zituzten. Eta, batez ere, nik esan nahiko nituzkeen moduan. Gizarte eta politika gaiei adina barne kontuei erreparatzen zieten, baina poetika berezi batetik. Batzuetan argiago, besteetan ilunago. Iradokitzaile beti. Eta musikarekin uztardura ezin apartagoan. Sentitzeko adina aukera ematen zidaten sentiturikoa kanporatzeko. Hunkitzeko adina motibo ematen zidaten amorrua kanporatzeko. Rock indartsua zen, trinkotasun liluragarri batekoa, baina era berean neuk beti gustuko izandako poparen zantzuak zituen. Pop kantu bikainak iruditzen zitzaizkidan.

Musika beste modu batera entzuten hasi nintzen, askoz barnekoago, neureago den zerbaiten modura. Ni neu hasi nintzen bila, gustukoaren bila. Ez nintzen konformatzen iristen zitzaidanarekin. Berezi ez, baizik eta neu sentiarazten ninduenaren bila hasi nintzen. Ez zen meritu guztia Dutena eta At-ena izan. Garai bertsuan izan nuen Pixies taldearen berri ere. Oso desberdinak ziren euren artean, baina zer ezkutuko batek batzen zituen neure baitan. Bien eskutik hasi nuen bidaia. Haiek gabe ez nituzkeen BAP!!, M-ak, Ruper Ordorika, Anari, Portishead, Mikel Laboa, The Smiths, Fugazi, Lisabo, Joy Division, Akauzazte, Bob Dylan, Leonard Cohen, Nina Simone, Bonnie Prince Billy, Cat Power, Dominique A, Kiko Veneno, Enrique Morente, Robert Wyatt, Migala, Robert Johnson, Mursego, Daniel Johnston eta abarrak ezagutu, disfrutatu eta neure egiteko aukerarik izango…

Kafe Antzokiko kontzertu eraldatzaile hura ikusi osteko egunean dedoz abiatu genuen bidaia Bilbotik Zumarragara. Mendizale bikote batek eraman gintuen Durangoraino, eta neska makarra jator batek handik herrira. Bilbo eta Durangoko bi farolatan boligrafoz idatzitako pintada bana utzi genituen: Dut (at) eta Sokaren itzala zioten. 1996ko urriko ostiral ateri sargori hartan hasitako bidaia ez da amaitu oraindik.

.

.

Gorka Erostarbe (Zumarraga, 1977)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
[Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT [Kafe Aleak] [Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT [Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT [Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT [Kafe Aleak] [Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT [Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT [Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT [Kafe Aleak] [Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT [Kafe Aleak] Gorka Erostarbek DUT