Gora Arteleku!

457.gif
Zoratu egin naizela iritziko dio artista eta artezale batek baino gehiagok, edo kapital politiko ezkutukoren bati saldu diodala ene arima halako izenburua jartzen ibiltzeko, ez baitago erakunde perfekturik —are gutxiago plastikari eta kritika garaikideari emandakoetan—, baina nago Arteleku ez ote den eredugarri gurean dauzkagun hainbeste katxarroren artean. Ukan ditu gora beherak, sortu zen egun hartatik. Diputazioko ugazabak ere (PNV eta EA), ezberdinak eduki ditu, batzuek besteak baino pasio handiagoarekin. Baina irudipena daukat, kosta ahala kosta eta akatsak akats, harrotzeko moduko tresna izan dela (eta izan daitekeela) Arteleku. Hara bistatu naizen apurretan, beti lanean aurkitu ditut artistak, liburutegi edota tailerretan. Gaur da eguna, Arteleku erreferentzia bihurtuta dabilena. Ikusi, bestela, Carmen Gimenez nazioarteko curator ospetsuak zer esan zuen Madrilgo ARCOn izandako eztabaida batean. Cajamadridek azken 10 urteetan bildutako artisten lanetatik, New Yorken egin beharreko erakusketa baterako hautatu beharrean aurkitu zenean: Lo que me extrañó es que el 90% de los artistas eran vascos. Me explicaron que en San Sebastián está Arteleku, una escuela que da esa formación, así como en Valencia está el IVAM. Ni en Madrid ni en Barcelona, ni en otros lugares, la hay. Horiek bai direla artearen gintzari buruzko emaitzak, eta ez beste batzuenak, Guggenheim eta enparauenak. Horiek beste zaku bateko onurak dira, baina ez arteari dagozkionak. Gora, beraz, Arteleku, eta artelekutarrak!

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Gora Arteleku!”-ri buruz

  • Beñat Sarasola 2008-02-25 22:54

    Behin baino gehiagotan esan didate Bartzelona alde honetan zeinen zorte handia dugun Arteleku izateaz. Ez dut exajeratzen, artista jendeak gehiago aipatu izan dit Arteleku Guggenheim baino (eta ez da donostiarra naizela esaten dudalako, ezer baino lehen euskalduna naizela esaten baitut, faltariamas); ongi pentsatuta ez den arren oso harritzekoa, bestalde.

    Pentsa horrelako zerbait balego espezifikoki literarioa…