Googlek film alokairu zerbitzua ezarri du Frantzian

googleFrantzian geroz eta arraroagoa izango da etxetik irtetea filmak alokatzeko. Googlek ere pausoa eman du eta film alokairu sistema ezarri du erabiltzaileek beren ordenagailuetan zein Android smartphone eta tabletetan estreinaldi berriak zein klasikoak ikus ditzaten.

Musikarekin gertatu den bezala, ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko era aldatzen ari dela begi bistan dago, euskarri fisikoak pixkanaka alde batera utziz goaz (noiz izan zen DVD bat eskuetan izan zenuen azkeneko aldia?) eta ordenagailuak, smart TVak –internetera konektatutako telebistak–, tabletak eta smartphoneak bideoak ikusteko tresna nagusi bihurtzen ari dira.

Musikan, MP3 irakurgailuen ugaltzearekin, CDek musika artxibo digitalei eman zieten bidea. iTunes bezalako musika denda birtualek geroz eta bezero gehiago dituzte eta streaming bidez musika eskaintzen dituzten zerbitzuek –Grooveshark edota Spotify, besteak beste—behin betiko pausoa izan dira aro digitalerantz.

Eta orain ikus-entzunezkoen txanda iristen ari dela dirudi. Googlek ere etekina atera nahi izan dio joera horri eta, beste herrialdetan, AEBetan edo Erresuma Batuan esaterako, egin duen eran, Frantzian filmak alokatzeko zerbitzua jarri du martxan. Katalogoa osatzeko, ekoizle handiekin hitzarmenak sinatu ditu –Disney Europa, Sony Pictures Home Entertainment France eta NBC Universal–, baita Frantziako estudio independente ere (Under The Milky Way, EuropaCorp, UniversCinéWild Side edo M6 Video / SND, besteak beste).

Filmen alokairua YouTube edota Google Play –Android marketen bertsio hobetua—plataformen bidez eskainiko du. Erabiltzaileek beren PC eta Android gailuetara filmak jaisteko aukera izango dute, konexiorik gabe ikusi ahal izateko; edo streaming bidez zuzenean ikusi.

3,99 euroren trukean, estreinaldi berriak aloka ditzakete eta 2,99 eurotan, film zaharxeagoak. Eta euro bat gehituta, filma HD edo bereizmen handian eskuratu dezakete.

Behin filma ordenagailura jaitsita, 30 eguneko epea izango dute film hori ikusteko; eta play botoia sakatu ostean, 48 orduren buruan ikusi beharko dute.

android, Film alokairua, Google, Youtube, zinema

UDAZKEN KOLOREAK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude