Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Jakin taldeak

Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Jakin taldeak abenduan –

Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Jakin taldeak abenduan

Pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, eta euskara batuan egindako ekarpena aitortu nahi du Foru Aldundiak

www.gipuzkoa.eus/eu/gipuzkoako-urrezko-domina-jasoko-du-jakin-taldeak-abenduan

www.jakin.eus/albisteak/gipuzkoako-foru-aldundiaren-urrezko-domina-jakinentzat

Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Jakin taldeak abenduan

Diputatuen Kontseiluak erabaki du espedientea hastea Gipuzkoako Urrezko Domina, hots, Foru Aldundiak ematen duen bereizgarri gorena, Jakin taldeari  emateko. Kultura taldea, aldizkaria eta argitaletxea da Jakin. Aldizkaria Arantzazun (Oñati) sortu zuten frankismo betean eta euskaraz kaleratzen direnen artean beteranoetarikoa da. Kultura eta pentsamendua jorratzen ditu. Jakin taldeko kide nabarmenak Joseba Intxausti (Segura, 1936), Joxe Azurmendi (Zegama, 1941), Paulo Agirrebaltzategi (Araotz, 1942) eta Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) dira.

“Jakin taldeak bere ibilbide luzean egindako lanaren izaera era honetan laburbildu daiteke: euskal kultur adierazpideak modernitatearen bidean kokatzen jakin du, guztizko askatasun intelektualari inoiz uko egin gabe, mendebaldeko zibilizazioaren balio aurrerakoien funtsaren gainean proiektu sortzaile iraunkor eta ireki bat eratzeko”, azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak. Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Jakin taldeakHala, Gipuzkoar guztien izenean, bost esparru hauetan taldeak egindako lana aitortu nahi du Foru Aldundiak: pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, eta euskara batuan.

Lasaren esanetan, “euskalgintza ulertzeko, bizitzeko eta aldarrikatzeko modu jakin bat garatu du Jakin taldeak: militantzia eta profesionaltasunaren uztarketa natural eta eraginkorra, euskaltzaletasunaren hobespena, kulturaren autonomia proiektu ideologiko eta politikoekiko, taldearen independentzia, euskararen zeharkakotasunaren defentsa praktikoa… Bere ekarpena ezinbestekoa da egungo euskal kulturaren aniztasuna eta hedadura ulertzeko “.

2014ko argazkia

Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai kideen lanari batasun izaera eman zaio bereizgarria erabakitzerakoan. “Izan ere, talde gisa funtzionatu dute beti, fenomeno bakarra agian euskal kulturaren historian. Elkarrekiko lotura ez dute sekula galdu”. Talde horixe izango da, hain zuzen ere, “beste batzuekin batera, noski, aldizkariak 1956an sortu zenetik zituen xedeak berresteaz gain, Jakin-en modernizazio prozesua bururaino eramango duena ia 60 urtez”, goraipatu du bozeramaileak.

Halaber, gogorarazi du Jakin taldea ez dela, nolanahi ere, aldizkaria zuzentzera eta kudeatzera mugatu. Talde horretako kideek azken bost hamarkada hauetan euskararen eta euskal kulturaren esparruetan egindako lana “ez da arbuiatzekoa. Jakinez kanpoko plataforma ugaritan esku hartu dute, modu askotan: sortzaile, eragile, bideratzaile, bultzatzaile, edo partaide gisa. Besteak beste, honako hauetan: UZEI, EUSENOR, EKB, Kontseilua, Euskaldunon Egunkaria, Euskaltzaindia, Elkar fundazioa eta argitaletxea, Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa, edo Euskal Unibertsitatea..

Urrezko Dominaren banaketa ekitaldia abenduaren erdialdean izango da, foru jauregian. Jakinen bultzatzaileen aurretik, Frankismoaren biktimek eta haien senitartekoek (2017), Ramon Saizarbitoriak (2016), Juan Antonio Urbeltzek (2015), Benito Lertxundik (2014) eta Nestor Basterretxeak (2013) jaso zuten Domina.

Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Jakin taldeak abenduan

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.