Gezurren (h)egiak

Gezurren (h)egiak

Gezurrak gaitzeko ospe txarra dauka bizi dugun gizarte honetan, gupidagabeko ospe txarrez tratatzen dugula ausartuko nintzateke aldarrikatzera. Gezurra esaterik ez dago pertsona duin eta eredugarria eraikitzeko bidean. Ez dira gutxi kalean zehar umeei gezurrik ez esateko errietan gurutzatzen ditugun gurasoak. Neronek halaxe ikasi nuen etxean. Hori dela eta, gezurtiari birao eta gaitzespenezko hitzak soilik ez dizkiogu opa.

Alabaina, gezurrari atxikitako desditxaz haratago gustatuko litzaidake jakitea, kuriositatez baino ez, inork inoiz gezurrik esan ez ote duen galdetuz gero zenbatek altxatuko luketen eskua! Susmoa dut sekula gezurrik esan gabe dagoen aingerurik ez dagoela irakurleen artean, beraz, altxatutako eskurik nekez antzemango dugu inguruotan. Gezur handiagoa ala gezur txikiagoa izan gutxieneko afera da, denok esan dugu gezurren bat noizbait eta. Zergatik du, ordea, gezurrak horren fama txarra aldiro mihian badarabilgu?

Hausnarketa horren harira, gezurra maldizio guztien erantzule jo ordez duen funtzio sozialaz gogoeta burutzera natorkizue ondorengo lerrotan, arraroa bezain bitxia egiten baita gezurra zokoratzen dugun hein berean berau nahi haina barreiatzea. Hala da, bai, gezurrak ezinbesteko funtzio soziala betetzen du gizartean, familiak edo eskolak bezainbestekoa, bai, bederen. Izan ere, gezurra ez baita hitzez soilik adierazten, jarrera eta jokabide kontua ere bada, noski. Esan nahi da, itxurakeria, isiltasuna edo algara bezalako beste jarrera batzuk gezurraren adierazpideak izan daitezkeela zenbait enbarazuzko egoeretan. Irakurri bestela Saizarbitoriaren martutene nobela. Gizakiak baditu milaka aurpegi!

Gezurren (h)egiak

Halaber, Ignacio Mendiolak bere Elogio de la mentira liburuan dioen gisara gezurrek besteek gugandik espero duten jokabidera moldatzea dute xede. Hartara, taldeko partaidetzatik at gelditzeko beldurrez oratu ohi gatzaio estuki gezurrari, ez beste intentzio maltzurren xerkan. Egiazki, taldeko partaide ez sentitzearen sentipena estuasun larrien iturburu zaigu, gizarteko kide sentitzea baino ez dugu gura gizakiok. Gehiegi eskatzea al da? Era berean, gezurraz baliatzen gara laguna, senitartekoa, kidea ez mintzeko. Desastre jantzita dagoen kidea, azterketa gainditu ez duen klaseko hura edo gaixo dagoen laguna gezur txikiez alaitzen dugu minik ez emateko intentzioz, egoera latzetan etsipenez estimatzen direlako gezurrez blaitutako animoak. Ez al du, bada, mina ekidin nahiak gezurraren erabilera justifikatzen? Egoera eta une batzuetan ez duzu gezurra esatea beste aukerarik, gizartearen kohesio kontratuak hala agintzen du.

Esaera zaharrak zioen modura: txakurrari emaiozu hezurra eta gizakiari emaiozu gezurra.

Gezurren (h)egiak