Gaztelumendi anaiak: ‘Bidea da borroka’ komikia

Bidea da borroka –

Gaztelumendi anaiak: ” Bidea da borroka komikian gure belaunaldia eta gure mundua nola ikusten dugun kontatzen saiatu gara”

Gaztelumendi anaiak: " 'Bidea da borroka' komikian gure belaunaldia eta gure mundua nola ikusten dugun kontatzen saiatu gara”Beñat eta Unai Gaztelumendi elkarren artean 13 hilabeteko tartea duten anaia bikiak dira. 18 urte kunplitu arte dena egiten zuten elkarrekin, baina adin horretatik aurrera bakoitza bere bidea urratzen hasi zen. Bertsoei dagokienez ere eskutik helduta ibili ziren inguruko bertso eskoletatik jirabiran: Igeldon hasi ziren, Antiguoko Luberrin, gero Hernaniko bertso eskolara, Bilboko Santutxun… Azken urteetan Añorgan ere sortu zuten eskola, eta dinamika propioa garatu duen lagun taldea dabil bertan egun. Haien bideak berriz elkartu dira Bertsolari aldizkariak argitaratuko duen Bidea da borroka komikia egiteko.

Unai Bilbora joan zen Arte Ederrak ikastera, bain karrera hori amaitu gabe utzi, eta Diseinu Grafikoa ikasi ondotik lanean hasi zen. Gaur egun Hiru Damatxo sormen kooperatiban dabil soldata baten egile, eta, hori gutxi balitz, izerdia ere majo botatzen du marrazkien pendizan. Lokarriak lotzeko kapaz ez zen garaitik du gustuko bertsolaritza, eta adin paretsutik maite izan du marrazkigintza ere: marraztu, komikiak irakurri, marrazkiak kopiatu… Diseinu Grafikoak ematen dio jaten, baina hori bai, loari orduak kenduz marrazten jarraitzen du. Bere lehen lan esanguratsua Jakoba Errekondoren Altza Porru liburuan egin zuen, marrazkilari askoren artean osatu zuten obran. Gure Esku Dagorentzat ere egin ditu ilustrazioak, eta hainbat tokitan kolaboratzen du: Gaztezulo, Gaur8, Berria, ArgiaBertsolari aldizkariarentzat egin duen komikia da bere lehen lan luzea.

Beñatek Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Bilbon, eta 2008an Bertsoa.com-en hasi zen lanean. Hasieran, kazetari bezala, eta, gero, grabatzen ere bai. 2017 bitarte bertsoa.eusen eta Hitzetik Hortzeran aritu da, eta 2017tik hona bertsotan zentratu da gehiago. Kolaborazio ugari egiten ditu han eta hemen. Militantzia esparruari dagokionez, Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldean ari da bere ekarpena egiten, ikerkuntza ataleko arduradun gisa bereziki.

Plazan kantuan aritzeaz gain, bi anaiak elkarrekin egin duzuen lehen lana da hau?

Unai– Gauza txikiak egin izan ditugu elkarrekin, Gaztezuloko sail hura datorkit gogora, Esaera Berriak. Esaera zaharrak hartu eta berritu egiten genituen.

Beñat– Esaera zaharra aukeratu, horri buruzko idatzi bat egiten nuen nik, eta Unaik marrazki bat. Geroago, esaera berriak asmatzen ere hasi ginen.

U– “Egon hadi do eta jango dek re”, “Hizkuntza bat ez da galtzen dakitenek hitz egiten ez dutelako, baizik eta hitz egiten dutenak aspergarri hutsak direlako”… Erdi txiste, erdi irakaspen, hortxe ibiltzen ginen.

B– Esan dezakegu gure lehen lan mardula orain egiten ari garen hau dela. 16-17 urterekin Irutxuluko Hitzan kolaboratzen hasi ginen. Denek zutabea banaka zeukaten eta guk binaka egiten genuen. Baina bagenuen gogoa zerbait mardulagoa egiteko, eta hau da lehendabizikoa.

U– Hitz eginda ez genuen, baina bai genuela oso presente biok zerbait egin behar genuela elkarrekin, jubilatu aurretik! Kuriosoa iruditzen zait, zeren eta garai hartan egiten genuen guztian geunden ados, guztia konpartitzen genuen, baina iritsi zen momentu bat… Ez dakit nola esan, gurasoekin daukazun harremanean bezala, eta tentsioak ere bagenituen gauzak egiterakoan… Gaztetasun eferbeszente urteak joan diren honetan, urak bere onera etorri dira berriz eta oso posizio onean harrapatu gaitu komiki honen enkarguak.

B– Enkargua luzatu zenutenean, lehendabizi ea elkarrekin egin nahi genuen planteatu genuen. Aspalditik gabiltza tematuta gure belaunaldiaren inguruko zerbait egitearekin, eta honetan aukera bat ikusi dugu. Gaia berehala adostu genuen; istorioa pentsatzea gehixeago kostatu zaigu, baina nahiko erraz egin dugu. Prozesuak lan bolumen handia ekarri du, baina erraza egin zaigu.

U– Oso konpartitua izan da. Era berean, bakoitzak berea egin du, eta ez da intrusiorik egon.

Baina moduren batean eragin duzue bestearen lanean? Zuk Unai, gidoian, eta zuk Beñat, marrazkietan?

U– Ez dut uste. Lanean jartzeko modua oso adostua izan da. Beñatek nik espero nuena eman dit, eta nik espero dut berari bueltan ere espero zuena eman izana.

B– Lehenik gidoia idatzi nuen, eta Unaik horren gainean marraztu. Baina gidoia idazten hasi nintzenerako pare bat hilabete pasatu genituen protagonisten izenak erabakitzen, ze jende aterako zen, ze kontatu nahi genuen… Lanean hasi ginenerako dena erabakita zegoen. Ez dut entzun Unai esanez “hau ez zait gustatu”, banekielako zer egin behar zuen, gutxi gorabehera.

Lehenengo aldia da komikirako gidoi bat egiten duzula.

B– Bai. Gidoiak egindakoa naiz, Hitzetik Hortzeran edo kantu inprobisatuaren inguruan egin genuen Mundu Bat Ahoz Aho dokumentalerako. Ni ez naiz inoiz komikizalea izan, eta lan honekin hasi aurretik Unaik Zerocalcareren komiki batzuk tu zizkidan. Zerocalcaren ikusi genuen zer kontatu nahi genuen baino gehiago gauzak kontatzeko estilo bat: ez da ezer handirik gertatzen, baina gauzak gertatzen dira. Azken urteetan gauza gehiago irakurri ditut, gehiago zaletu naiz, baina ez naiz izan betiko komikien jarraitzailea… Zu ordea bai, Unai.

U– Nik komiki asko kontsumitu ditut. Baina bai esan behar dudala Zerocalcare shock bat izan zela niretzat. Pentsatu nuen: “Egunen batean zerbait egiten badut horrelako zerbait izango da”. Kontatzeko modu bat ikusi nuen… Oso berea duen marrazkia da, baina oso boteprontokoa, oso bat-batekoa. Azken urteetan photoshopak janda ikusi dut nire burua, eta nabaritu ahal den arren marrazkia nirea dela, prozesu osoa digitalki egin ondoren, nire golkorako galdetzen nuen ea non ikusten zen nire eskua. Iruditzen zitzaidan beste batek ere antzeko zerbait egin zezakeela. Lan honetan oso boteprontoko marrazkiak egin nahi nituen, oso barrutik ateratakoak, eta ikus zedila hori dela nire eskuak egiten duena. Komiki honetan aldaketa gutxi batzuk izango dira eskuz egitetik inprimatzerainoko fasean, baina ia dena atera zaidan lehenengo trazua da. Inperfekzioz jositako komikia da, eta horrek, era berean, pertsonalitatea ematen dio.

B– Zerocalcarek duen beste gauza oso on bat da nola kontatzen duen arrakasta izan eta gero lagunekin duen eguneroko harreman hori, eguneroko liskar txikiak: denak irakasle sartzen ari dira eta bera frustratuta dago… Eguneroko kontuak dira. Gure artean hitz egin genuen bertsolari izanda ere gauzak antzeko modu batean bizitzen direla, eta hortik ere dezente edan dugu.

Bidea da borroka

UNAI: “GAZTETASUN EFERBESZENTE URTEAK JOAN DIREN HONETAN, URAK BERE ONERA ETORRI DIRA BERRIZ ETA OSO POSIZIO ONEAN HARRAPATU GAITU KOMIKI HONEN ENKARGUAK”

Aldizkaritik komiki bat egiteko gonbita egin genizuenean, nola erabaki zenituzten gaia eta enfokea? Protagonista, Martin Artola, bere autoan doa BECeko finalean abestera, eta bidean oroitzapenak etortzen zaizkio gogora…

B– Enkargu hau 2020ko urtarrilean iritsi zitzaigun, justu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala baino hilabete lehenago, zurrunbiloaren erdian. Gure artean askotan komentatu dugu txapelketek zenbaterainoko fokoa hartzen duten, ze arreta bereganatzen duten, eta nola beste plaza, saio edo bertsolari izateko moduak itzalean geratzen diren. Kezka bat genuen horrekin. Kuriositate bezala gehituko nuke hasieran apur bat kezkatzen ninduela 2021eko abenduan kaleratzea komikia, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalarekin batera, guk eginda, Txapelketari buruz… Txapelketa ez egitea pena da, baina guri mesede egin digu kontu honekin.

U– Agian, komikiaren zabalpen estrategiarentzat hobea izango zen komertzialki, baina guretzat hobeto!

B– Aldi berean asko saltzen da irudi bat: bertsolari izateko gaztetan txapelketa on bat egin behar duzula; eta txapelketa on bat egiten baduzu, bertsolaria izango zara eta ibilbide bat izango duzu. Batetik, ez da sanoa presio horrekin bizitzea; eta bestetik, ez da erreala ere. Plazan dabilen jende gehienak ez du gaztetan goia jo txapelketa batean, ibilbide ezberdinak daude.

Esan dugu gure belaunaldiaz zerbait kontatu nahi genuela. Gure belaunaldiak asko bizitu du txapelketaren espektatiba hori. Polita iruditu zitzaigun kontatzea protagonistaren bidea, bere egun handira nola doan BECera kotxean; eta kontrako norabidean kontatzea horraino iristeko bizitzan egin duen ibilbidea: ze jende utzi duen bazterrean, ze zalantza izan dituen, zergatik pasa den bera eta ez beste batzuk…

Hori guztia aprobetxatu dugu aldi berean gure belaunaldiaren inguruan zabalago hitz egiteko: gatazka armatuaren fasearen ondoren egoera nola bizi dugun, hizkuntzaren gatazka nola sentitzen dugun, nola ikusten dugun 80ko hamarkadarekiko miresmen hori… Aukera ikusi genuen guzti hori kontatzeko, eta erraz adostu genuen planteamendua gure artean.

Bertsolari gipuzkoarra, mutila, BECeko finalera doana… Martin Artola zure alter ego bat da Beñat?

B– Jolas hori badago. Ez da nire berdina, Unairen gauza asko dauzka… bion nahasketa bat da. Aldi berean, bagenekien komikian gure izenak agertzen diren unetik espektazio batzuk izango zirela, eta horrekin ere jokatu dugu.

U– Harkaitz Canok aipatzen dituen “maskara gardenak” bezala, bertsolariak edozein paper duela ere beti ikusiko dela bertsolaria. Beñat hiltzaile baten azalean jartzen badute, guk Beñat ikusten dugu kantatzen, eta Beñaten apaletik pasako da kantatzen duen guztia. Bertsolari aldizkariak Gaztelumendi anaiek egindako komiki bat ateratzen du, gainera 30-35 urte inguruko bertsolari bati buruzkoa… Pertsonaia hori izan zitekeen edonor, mundu guztiak gu ikusiko gaitu.

B– Ez dugu gure alter ego bezala sortu, baina mundu guztiak hala ikusiko du. Kontziente gara eta horrekin jolastu dugu.

Bidea da borroka izango da urte amaieran argitaratuko dugun lanaren izenburua. Zergatik izenburu hori?

U– Gure belaunaldian badago sentipen bat aurreko belaunaldi guztiak hobeak zirela, belaunaldi bat aurrekoa baino hobeagoa… Guregana dena lortuta iritsi dela dirudi, eta dena alferrik galdu dugula.

Bidea da borroka

BEÑAT: “MARTIN ARTOLA PROTAGONISTA OSO PERTSONA KONKRETUA DA: GIPUZKOARRA, EUSKALDUNA, POLITIKOKI LEKU BATEAN DAGO ETA LEKU HORRETATIK KONTATZEN DITU GAUZAK”
UNAI: “LANA OSO KONPARTITUA IZAN DA. ERA BEREAN, BAKOITZAK BEREA EGIN DU, ETA EZ DA INTRUSIORIK EGON”.

Konpromiso falta leporatzen zaion belaunaldi bat, lanean prekarietate handiarekin, ezer ez da “egonkorra”: lana, militantzia, harremanak…

U– Dena izango genuen pertsonak izango bagina bezala hezi gaituzte. Soltatu gaituzte eta… ez dugu ezer. Bide hori kontatu nahi genuen. Izen topiko samarra da, buelta emanda.

B– Gure aurrekoek pentsatzen zuten gure belaunaldiak konponduko zituela haiek konpondu ez zituztenak. Espektatibak handiak ziren… Haiek sekulako proiektuak jarri zituzten martxan, eta gu ginen justu hortaz aprobetxatu behar zen belaunaldia, haiek iritsi ez ziren toki batera iritsiko zena. Baina iritsi da gure belaunaldia, eta gure lan baldintzak oso prekarioak dira, bizi zein bizitoki aldetik ez dakigu non egongo garen hemendik hamar urtera… Gauzak aldatzeko ere dena sortua dagoen mundu batera iritsi gara, eta sentsazioa daukagu gure aurrekoek planak egin zituztela guretzat, gure aurrekoek esan dutela zer izan behar dugun, baina guk ez dugula aukerarik izan hitz egiteko bizitzen ari garenari buruz. Izenburua hortik dator. Gu “borroka da bidea” entzunez hazi garen belaunaldi bat gara. Martin Artola oso pertsona konkretua da: gipuzkoarra, euskalduna, politikoki leku batean dago eta leku horretatik kontatzen ditu gauzak, hori ez dugu ezkutatuko. Martin “borroka da bidea” entzuten hazi da. Eta 20-25 urtera iritsi denean, borroka armatuaren zikloa amaitu da. Ziklo berri bat hasiko dela entzunez darama ez daki zenbait urte, baina beti dago tarte batean, zer etorriko den jakin gabe… Martinek egoera bizi du (eta guk ere bai) gauza interesgarri guztiak bera heldu aurretik gertatu izan balira bezala, eta orain, bat-batean, garai ez-interesgarri batean bizi dela, pertsona ez-interesgarriak garela…

U– Gauza interesgarri guztiak pasatu dira, aurreko belaunaldiek egin dituzte, edo bestela gure belaunaldiko ertzetan gertatzen dira. Protagonista 30 bat urtekoa da, gizonezkoa, gipuzkoarra, dena alde izan duena bertsolari izateko, eta miresten dituen gauzak ertzetan gertatzen dira, ez du ezer interesgarririk ikusten bera bezalakoengan.

B– Periferietan gertatzen dira gauza interesgarriak, baina finalera pasatzen dena Martin da. Bertsotan askotan esaten dugu “periferiak ari direla erdigunea hartzen”, eta bai, baina bueno… Asko zabaldu da diskurtso hori eta oraindik bide luzea dago. Martin kontziente da pribilegiatu bat dela, eta badu erruduntasun sentimendu bat: ez dela beragandik espero zen maila ematera iritsi, ez bertsotan eta ez bizitzan.

U– Herri oso baten egitura izan du muntatua bera bertsolaria izan zedin: gaztetatik deitzen diote herriko festetan kanta dezan, Egaña eta Lujanbiorekin igotzen dute oholtzara, dena izan du alde.

B– Berak lan egin du, baina la hori saritu dion jendea izan du inguruan, beste batzuek ez bezala. Bera ohartzen da gauza interesgarriak bera ez dagoen espazioetan gertatzen direla, baina, era berean, protagonismoari eutsi nahi dio… Hor dago, borroka horretan.

Komikian ikus dezakegu bertsolari bilakatzeko bidean Martinek bazterrean uzten dituela pertsona batzuk…

B– Leku bat egin nahi genion bertso eskoletan gertatzen den horri: 16 urte arte neska eta mutilen kopurua antzekoa da, eta 16tik aurrera mutilek bakarrik jarraitzen dute gehienbat. Zer dago horren atzean? Ekhiñe Martinen bertsokidea da. Martinek ez du zuzenean baztertzen, baina Martin talde batean onartua da, eta Ekhiñe ez dute hainbeste babesten… Ekhiñe pertsona konkretu bat da eta ez du mundu guztia sinbolizatzen, badaude bestelako pertsonaia batzuk ere komikian. Iparrarengandik ere dezente urruntzen da, bere bertso eskolako beste kide batengandik (kultureta, goi mailako kultur zalea). Bizitzan hartzen dituzun erabakiek batzuengandik urruntzen eta beste batzuengana hurbiltzen zaituzte…

U– Martin tartean dago, Ekhiñe eta Iparraren artean.

Bidea da borroka

UNAI: “LEHEN TRAZUKO MARRAZKETA EREDUAREKIN ARITU NAIZ. ESTILO HORRETAKO KOMIKIAK IRAKURTZEN ARITU NAIZ, ETA IRUDITZEN ZAIT PERFEKZIOA GAINBALORATUTA DAGOELA”
BEÑAT: “ZEROCALCARE KOMIKIAK DUEN BESTE GAUZA OSO ON BAT DA NOLA KONTATZEN DUEN ARRAKASTA IZAN ETA GERO LAGUNEKIN DUEN EGUNEROKO HARREMAN HORI, EGUNEROKO LISKAR TXIKIAK: DENAK IRAKASLE SARTZEN ARI DIRA ETA BERA FRUSTRATUTA DAGO… EGUNEROKO KONTUAK DIRA”

Urko da Martinen lagun leialena. Zer sinbolizatzen du?

U– Gure belaunaldian oso presente dagoen pertsona mota bat da Urko. Gatazkaren ondorio pertsonifikatu bat da: inguru erdaldunekoa, familia erdaldunekoa, baina senide bat preso izan duena urte luzez, bera ere oso militantea… Martinek batzuetan goitik begiratzen dio, ez baita bertsozalea, ez baitu kulturarekiko inongo atxikimendurik… baina hor dago beti. Askotan, jende hori oso euskarri sendoa da, beste roilo batekoa eman arren, beti hor dagoena isil-isilik. Martinek bizitzan dena norbaitekin konpartitzen badu, hori Urko da. Ez da bertsozalea, baina Martinen saio guztietan hor dago. Martin harro-harro dabilenean, Euskal Herriko jende pilo batekin ibiltzen da iji eta aja, bere garaipenak ospatzen; baina negar egin behar duenean, beti dauka hor Urkoren sorbalda.

B– Lehen aipatu dugu nola gure belaunaldia parentesi batean sentitzen den. Garai batetik gatoz, beste batera goaz eta gu, tartean. Baina garai bera bizitzeko modu pila bat daude. Urko 80ko hamarkadan gotortua dago, berak hor segitzen du eta hortik pentsatzen du mundua.

U– La Polla entzuten segitzen du!

B– Martin blokeatua baino gehiago beti dabil kexaka, negarrez… Sarak, adibidez, beste modu batean bizi du: garaiz aldatu garela jabetuta, beste borroka batzuk daudela onartuta eta borroka horietan zentratu behar garela defendituz. Sarak bere lekua aurkitzen du garai aldaketan. Gure inguruan ikusten ditugun joerak islatzen saiatu gara.

Bidea da borroka

UNAI: “GURE BELAUNALDIAN BADAGO SENTIPEN BAT AURREKO BELAUNALDI GUZTIAK HOBEAK ZIRELA, BELAUNALDI BAT AURREKOA BAINO HOBEAGOA… GUREGANA DENA LORTUTA IRITSI DELA DIRUDI, ETA DENA ALFERRIK GALDU DUGULA”
BEÑAT: “GURE BELAUNALDIARI BURUZ HITZ EGIN NAHI GENUEN: GATAZKA ARMATUAREN FASEAREN ONDOREN EGOERA NOLA BIZI DUGUN, HIZKUNTZAREN GATAZKA NOLA SENTITZEN DUGUN, NOLA IKUSTEN DUGUN 80KO HAMARKADAREKIKO MIRESMEN HORI…”

Unai, marrazkilari ikuspuntutik zer erronka planteatu dizkizu lan honek?

U– Pare bat urtez aritu naiz ganbaran proiektu batekin, bineta bakoitzarekin sekulako lana hartuz… Proiektu horrekin erdi ataskatuta nenbilenean etorri zen eskaera hau, eta zerbait freskoagoa egin nahi nuen. Freskoagoa, eta denboraz estu jarriko ez ninduena. Lehen trazuko estilo horrekin aritu naiz. Estilo horretako komikiak irakurtzen aritu naiz, eta iruditzen zait perfekzioa gainbaloratuta dagoela. Istorioa kontatzeko aukeratu dugun moduarengatik kotxe pila bat agertzen dira, eta konturatu naiz ez naizela batere ona kotxeak marrazten (protagonistaren kotxea Kangoo granate bat da, kotxe horrekin hezi gara Beñat eta ni). Minimo bat eginda, istorioari ez badiote ezer kentzen, gustatu eta guzti egiten zait nire inperfekzioak ikustea.

Beste alde batetik, ni beti izan naiz oso karikaturista, norbaiten erretratua hartu eta horren gainean lan egitekoa. Oraingoan ez nuen hori nahi. Ez gara pertsonaia konkretuez ari, ez Martin eta ez komikian agertzen diren besteekin. Lizaso eta gutxi batzuk marraztu ditut, baina, orokorrean, jende anonimoarekin egin nahi izan dut.

Irakurtzen ari naizen komiki motetan ere bineten ordenamendu ezberdinak ageri dira, eta gustatzen zait. Ni ogibidez diseinatzailea eta maketatzailea naiz, eta horrek ere ematen dit zurruntasuna hautsi eta dena kuadrikulatua izan ez dadin.

Orrialdeak inprimitzen ditut trazuak eta bokadiloak bakarrik jarrita, eta horren gainean marrazten dut. Ondoren, eskaneatu eta ordenagailura pasatzen ditut, margotzeko. Durangoko peajea, esaterako, oso ondo marraztu nahi nuen, eta Google Mapseko argazki bat kalkatu nuen.

Bidea da borroka

BEÑAT: “ASKO SALTZEN DA IRUDI BAT: BERTSOLARI IZATEKO GAZTETAN TXAPELKETA ON BAT EGIN BEHAR DUZULA; … BERTSOLARIA IZANGO ZARA ETA IBILBIDE BAT IZANGO DUZU. BATETIK, EZ DA SANOA PRESIO HORREKIN BIZITZEA; ETA BESTETIK, EZ DA ERREALA ERE”

Lehen aipatu duzue Zerocalcare. Ez dakit beste komiki batzuek ere eragina izan duten zuengan azkenaldian.

U– Oraintxe bukatu berri dut Dani Fanoren Sasi artean Elgeta, Xabiroi aldizkarian argitaratzen joan dena. Izugarria iruditu zait, Koldo Izagirreren gidoiarekin. Dani Fanoren Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzakere bai… Euskarazko komikien loraldi bat bizitzen ari gara (oparoagoa ere izan daitekeena), autoreak ezagun bihurtzen ari dira, eta euskarazko komikia irakurtzen dut bereziki. Zerocalcare ere euskaratu zutenean ezagutu nuen. Erreferenteak: Xabiroi, Asisko, Josevisky… Josevisky ikaragarria da, kolorea emateko modua oso propioa du, ikusiz gero badakizu berea dela (ni ez naiz bere orpora ere iristen). Asterixeta estilo horretako komikietan hezi gara zerua urdina eta belarra berdea ikusiz, Gabai ere… Komiki honetan hiru kolore erabilita nire buruari ere lana kendu nahi nion, baina, era berean, asko apreziatzen dut Joseviskyk koloreak erabiltzeko daukan erabilera (ea zer esaten duen berak gure lana ikustean!).

Komikian zeharkako osagai batzuk daude, zuen iruditeriaren parte direnak: Lehoi Erregeako eszena bat Axularren Geroko esaldi bat sartuta, Gartxoten filmetik The Doorsera, Chernobyl telesaila…

B– Guk beste erreferentzia batzuk beti sartu ditugu bertsotara, eta pentsatu genuen alderantziz ere egin genezakeela. Hau da, bizitza bat beste erreferentzia batzuekin kontatzen badugu? Jolas bezala planteatu dugu, alderantzizko ariketa gisa. Gu elikatu gaituen iruditeriari ere tokia egin nahi genion.

U– Eta, gero, dena ez da hain planifikatua. Gidoia egiten ari ginela Chernobyl telesaila tokatu zen telebistan, eta guretzat izugarrizko erreferentzia bat ez den arren, ba, parean tokatu zen eta kito.

B– Gehiena gu bion arteko jolas bat izan da.

Bidea da borroka komikiaz gozatzeko gure belaunaldikoa izan behar da? Bertsozalea izan behar da, edo ez?

B– Guk garbi genuen komiki hau bertso mundutik egingo genuela, baina ez zela espresuki bertso munduarentzat. Protagonista bertsolaria da, hori da bere militantzia espazioa, baina bueno, izan zitekeen beste edozein esparru ere, eta, ziurrenik, kontatzen dena ez zen hainbeste aldatuko. Gure belaunaldiko jendeari irekita dagoen zerbait da.

Alaia Martini entzun nion behin galdetu ziotela ea bertsoak norentzat pentsatzen zituen, eta norentzat egiten zuen umorea. Esaten baduzu zure buruarentzat egiten duzula, artista minoritariotzat hartuko zaituzte, eta esaten baduzu entzuleria gustura egoteko moduko umorea egiten duzula, mainstream bat zarela esango dizute. Alaiak tarteko zerbait zioen: “Nik niri grazia egiten didan umorea egiten dut, baina badakit niri grazia egiten badit publikoan egongo dela jendea mundua nire antzeko tokitik begiratzen duena, eta grazia egingo diola”.

Komiki hau ere antzeko zerbait da. Gure belaunaldia eta gure mundua nola ikusten dugun kontatzen saiatu gara. Gertukoei interesatuko zaie, eta urrutitik begiratzen gaituztenei gutxienez interesantea irudituko zaiela uste dut. Beraz, ez dugu komikia itxiko hartzaile zehatz batentzat dela esanez.

 

Argazkiak: Conny Beireuther

Bidea da borroka  Bidea da borroka  Bidea da borroka Bidea da borroka  Bidea da borroka  Bidea da borroka Bidea da borroka  Bidea da borroka Bidea da borroka Bidea da borroka

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

2 pentsamendu “Gaztelumendi anaiak: ‘Bidea da borroka’ komikia”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2021-09-17 12:48

    Oso interesgarria.

    Kritika txiki bat: komiki edo istorio grafiko bat iragartzen ari zarete. Argazki guztietatik, liburu-alearen irudi bakarra dago, urrutitik, liburua zabalduta, ezin igarri zer dakarren. Erosle potentzialok ez dakigu liburuak nolako azala duen. Elkarrizketa luzea irakurrita, ezin jakin ilustrazioak ederraj, erdipurdikoak ala txarrak diren.
    Adibidez, Black is Beltza ez nuen erosi, marrazkiak izugarri itsusiak iruditu zitzaizkidan eta…

  • Kaixo, Amonamantangorri,

    Komikia urte amaieraldera aurkeztuko da, eta aurkezpenean publikatuko da azala. Dena den aurreratu dira zenbait irudi, hemen ez daudenak:

    – Bertsolari aldizkariaren udaberriko eta udako aleetan bina orri agertzen dira (oraindik ez daude online ikusgai)

    – Unai Gaztelumendik txio bat zabaldu du aste honetan, eta bertan komikiko orri asko ikusi daitezke, nahiz eta ez dauden koloreztatuta: https://twitter.com/ugaztelu/status/1438064838241046529/photo/1

    Sentitzen dut hemendik zerbait gehiago eskaini ezin izana. Esandakoa, Bertsolari aldizkariaren udaberriko (121 alea) edo udako (122 alea) zenbakiak inguratzen badituzu bertan ikusi ahalko duzu lagin txiki bat.

    Mila esker iruzkinagatik, ondo izan