Gastronomiaren bitsa

5347187584_c2ab1ed90e_gastronomia

Gastronomiaren gorakada, eraldaketa eta dinamikotasuna ageri-agerikoa da azken hamarkadetan.  Gure eguneroko hitz jarioan barneratua, ahoz aho darabilkiguna, eskola, unibertsitate, kongresu, bilgune eta komunikabideetan nonahi topatzen duguna. Egun gastronomia bezala ezagutzen den hori, nobleziaren mesedetan sortutako sukaldaritzaren artea dugu. Klase burgeseraino hedatzeko lanean aritu ziren garaiko letretan jantziak eta elikadurarekin zerikusia zuten  ofizioetako arituak. Letrak eta elikadura ditugu aintzindari beraz.  Ez zuten berehalakoan aritu haiek,  gastronomiak gaur egun duen presentzia soziala eta mediatikoa izatera helduko zenaren aurreikuspenik egin ahal izango. Ez horixe.

Elikatzea ekintza soziala eta kulturala ere bada. Jendartean, lagun artean edota familian elikagaiak partekatzeko joera eta ohitura dugu. Egungo  pattern edo patroiak haratago doaz, modu berriak sortu dira. Gure otorduak edota jakiak konpartitzeko  sare sozialetan barreiatzen diren argazkiak, errezetak (tradizionalak eta berritzaileak)  edota bideoak ditugu horren adierazgarri. Sukaldari profesional zein amateurrentzat, erabiltzaile ororentzat, baliabide ugari eskaintzen ditu sareak. Elikadura kultura  birtuala bihurtu zaigu. Liburu formatuko errezeta bilduma tradizional zein berritzaileak  eta telebista saioak, gastronomiaren kontzeptualizazio berri bati bide eman diote.  Gastrosphere, virtual foodies, instafood, food porn, food marketing, foodscape, culinary, gastrosophie  kontzeptuak gastroturismoa, gastroteka, enogastronomia edota gastroekonomia bezalako hitzekin, ofizio eta elkargune berriekin ari da gastronomiaren mundu paraleloa osatzen.  Norabide lausoa eta abiadura handiegian.

Elikadura eta gastronomiaren informazioaren gaindosia eta exhibizionismoa bizi dugun garai honetan,  belaunaldi arteko  elikadura kulturaren transmisioa sare sozialen baitan dago, transmisioa tradizionalaren etenari jarraipena emanez. Elikadura gaietan sekula baino jakitun bihurtzen ari da norbanakoa,  aldi berean baina, gure  kontsumitzaile praktikak bestelakorik dio. Badugu nondik hasia…

Gastronomia, elikagai eta elikadura kultura, jendartea, tradizioa eta tendentzia berrien behatzailea