Gartxot (hezur eta haragizkoa)

gartxot

Aurreko batean Pakito Ganbelaik idatzi zuen etxe honetan hezur eta haragizko Popeyeren inguruan, eta bistan da marrazki biziduna arras ezagunagoa dela egiazkoa izan zitekeenarekin alderatuta. Gaurkoan niri ere antzeko ariketa bat egitea otu zait Gartxoten figura profitatuz. Aski sona lortu du Asisko eta inguruan izan dituen adiskideek egindako marrazki bizidunak. Ez da harritzekoa, lan bikaina baita. Geure amatxi zaharrek ahoz-aho, Arturo Campionek paperean eta Benito Lertxundik casettean utzitako lanaren segida bikaina da filma.

Baina Itzaltzuko Gartxot aski ezaguna denez, beste bardo batez mintzatu nahi nuke, beste Gartxot batez. Segur naiz askok badakizuela dagoenekoz nor den, baina euskal ghettoan ezaguna izan arren ez da sobera famatua, eta beti egoten da horrelakoetan lehen aldiz gaiaren inguruko sorpresa atsegina jasotzen duen nor edo nor. Izan bitez beretzat lerro hauek.

gartxot18 urte nituenean, mutil gehienak bezala, gida baimena atera behar horretan tematu nintzen; ez dakit zer gertatzen zaigun hori horrela izan ezean, ez-gauza sentitzen garen edo zer demonio. Kontua da sosak behar nituela afera honi aurre egiteko, eta Donostiako alde zaharrean amaitu nuela uda batez, lan ziztrin batean soldata mizkin baten jabe. Zortzi orduko lanaldia egunean, ordua bost euroren truk; beraz, adiskideok, 40€ egunean. Hori da auto-eskolan praktika ordu batek balio duena.

Baina guzti horrek izan zuen bere alde atsegina, eta ez lantokiari edo jabeari esker. Askotan entzuten nuen kanpoan ahots ezti bat alde zaharreko kaleak zeharkatzen, izkinak gure ama hizkuntzan iraultzen, txanpon baten truke urrea banatuz.

Gartxot du izena, Leitzaranen bizi omen da, eta ez dakit oraindik ere Iruñea edo Donostiako karriketatik ibiltzen ote den kantuan. Aspaldi honetan ez baduzue topatu, edo aurretik ez bazenuten ezagutzen, hemen duzue bere diskoa, “Mahatsatik Sagarrara”

gartxot