Galtzagorri Elkartearen urteurreneko azken traka

Aurten, Galtzagorri Elkarteak 25 urte bete ditu eta orain arte hainbat jarduera antolatu ditugu urteurrenaren aitzakian. Baina elkartea 1990eko urriaren 24an sortu zen eta datorren hilabeterako antolatu ditugu ekitaldirik handienak: urriaren 17an goizez eta arratsaldez Ipuin kontalarien maratoia, San Telmo Museoan; eta urriaren 25ean Ilustratzaileen enkaten dramatizatua, Metrokoadrokak aurkeztua, 11:00etan Arteko galerian, eta arratsaldean, 16:00etatik aurrera, urteurreneko festa ospakizuna San Telmo Museoan.

2015aren zati handi bat eman dugu urtemuga hau ospatzeko ekintzak bideratzen: gure logoa pajaritaz apaindu zuen Elena Odriozolak lehenengo; Maria Goikoak Batbirulau APPa kaleratu genuen ondoren; eta Galtzagorriren historia biltzen duen Behinolaren zenbaki monografikoa plazaratu dugu orain gutxi.

Baina orain iritsi da “azken trakaren” unea: orain arte sekretupean gorde dugun eta datorren urrian burutuko dugun ospakizunen egitarau SORPRESA argitzeko unea.

 

Hiru ekintza prestatu ditugu, honakoak:

1. IPUIN KONTALARIEN MARATOIA. URRIAREN 17an. DONOSTIAKO SAN TELMO MUSEOAN. 10:00etatik 20:00etara. Gor-mutuentzako itzulpenekin egingo dira saio guztiak. Sarrera dohainik izango da baina ez galdu zure aukera, leku mugatua izango da-eta.

2. ILUSTRAZIOEN ENKANTE DRAMATIZATUA METROKOADROKA Sormen Laborategiak aurkeztuta. URRIAREN 25ean. DONOSTIAKO ARTEKO arte-galerian. Goizeko 11:00etan. Izena ematea komeni da, urriaren 7a baino lehen.

3. HAUR LIBURUAREN FESTA. URRIAREN 25ean, DONOSTIAKO SAN TELMO MUSEOAN. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera: kafea, Galtzagorri-tarta eta Galtzagorriren 25 urteko ikus-entzunezkoa emango dugu lehen aldiz. Festara sartzeko, ezinbestekoa izango da haur liburu bat ekartzea, bertan besteekin partekatzeko. Asistentzia konfirmatzea eskatzen dizuegu, urriaren 7a baino lehen.

Galtzagorri Elkartearen urteurreneko azken traka

Ipuin kontalarien maratoia

Urriaren 17a ipuinez beteko dugu. Goizeko hamarretan hasi eta iluntzeko 19:00ak
arte 7 kontalari ariko dira bata bestearen artean, San Telmo Museoan. 10:00etatik 12:00etara 3 saio izango dira: Oihana Etxegibelen Afrikako ipuinak, 6-9 urte bitartekoentzat; Josu Jimenez Maiaren Kamishibai saioa, 2-8 urte bitartekoentzat; eta Pello Añorgaren poesia kontaldia 6-10 urte bitartekoentzat.

Ondoren, 16:00etan hasita, Beatriz Egizabal & Kontu Kantoi taldearen eskutik, kontaketa ilustratua, 6-8 urtekoentzat. Jarraian, Rai Bueno kontalariaren saioa 8 urtetik gorakoentzat. 18:00etan, berriz, Clowntu Kontari Itziar Saenz de Ojer eta Bazen Behin Clown-en eskutik. 10-14 urte bitartekoentzat. Eta bukatzeko, gazteen artean, gantxo gehien duen kontalaria: Joxemari Carrere Nork dio  beldurra? Izu istorioak saioarekin, 14 urtetik gorakoentzat.

Saio guztiak dohainik izango dira, baina lekuak mugatuak izango direnez, saioa hasi baino ordu laurden lehenago bertaratzea komeniko da.

 

Enkante dramatizatua

Urriaren 25a festa giroan pasatu nahi dugu, Galtzagorri Elkartea duela 25 urte urriaren 24an sortu baitzen. Goizetik hasiko gara, hortaz. Donostiako Gros auzoan dagoen Arteko arte-galerian subasta edo ENKANTE DRAMATIZATU ETA SOLIDARIOA egingo dugu, Metrokoadroka sormen laborategiko kideek aurkeztuta. Bertan biltzen den dirua IBBYk Silent books egitasmoaren baitan, Italiako Lampedusa uhartera iristen diren etorkinentzat martxan jarri duen liburutegira bideratuko da.

Subasta solidario horretan Galtzagorrik Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen Marraz(i)Oak topaketetan Euskal Herriko hainbat ilustratzailek egindako lanak aterako dira enkantera, baita topaketa horien gidari izan diren Elena Odriozola, Ignasi Blanch eta Harkaitz Canoren lanak ere.

Enkantera aterako diren beste lanen ilustratzaileak honakoak izango dira: Aitziber Alonso, Maite Azkargorta, Ainara Azpiazu “Axpi”, Idoia Beratarbide, Maite Caballero, Begoña Durruty, Unai Fernandez, Maite Gurrutxaga, Iñaki Martiarena “Mattin”, Lorena Martinez, Josean Morlesin, Nagore Txintxurreta eta Araitz Urbeltz.

 

Urtemuga festa

Urriaren 25eko arratsaldean ospatuko dugu Galtzagorri-tarta eta guzti elkartearen urtemuga festa. Leku elegantea aukeratu dugu, gainera: San Telmo Museoa. Bertara gonbidatu nahi zaitugu Galtzagorriko kideekin batera elkarteak urte hauetan egindako lanaren zertzelada nagusiak bilduko dituen ikus-entzunezkoa ikustera. Festa gozo horretarako sarrerarik ez dugu banatuko, baina tarta zatirik gabe geratu nahi ez baduzu komeni zaizu aurrez jakinaraztea, urriaren 7a baino lehen, Galtzagorri Elkartera deituz (943471487) edo idatziz (galtzagorri@galtzagorri.org).

Sarrera doan izango da, baina bakoitzak Haur eta Gazte Literaturako liburu bat ekarri beharko du sarrera gisa, gero beste gonbidatuekin partekatu ahal izateko. Hartara, eguraldiaz hitz egin beharrean, literatuaz hitz egiteko aitzakia izango dugu.

Jarduera hauek antolatzeko, lan handia egin dugu aurten Galtzagorrin. Egitarau erakargarria prestatu nahi izan dugu, denok elkarrekin mende laurden hau ospatzeko, eta parte hartzera gonbidatzen zaitugu!

Galtzagorri Elkartearen urteurreneko azken traka

Galtzagorri, haur literatura, ipuin kontalaria, liburuak, urteurrena

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude