Sautrela 410: Gaizka Zabarte, Holokaustoa literaturan eta Kapitain Frakasa

Aste honetako saioan Gaizka Zabarte izango dugu gurekin bere bigarrengo nobelarekin. Lehena, Zaharrak ez zuen hil nahi, 2011n argitaratu zuen berrogeita hamarrak jada pasata zituen Zabartek. Hala ere, ez genuen hasiberri bat aspalditik ibilia zelako literatur kontuetan, Ttu-Ttuá aldizkarian adibidez. Jende desegokia du izenburu nobela berriak, eta Desegokituen Elkartea izenekoaren eta Peter Zuazo idazlearen gorabeherak kontatzen dizkigu. Bilbon kokatutako kontakizuna, gizarteak normaltzat jotzen ez dituen zenbait lagun dira protagonista, zeinak jardunaldi batzuetarako gonbidatzen duten Zuazo idazle ohia. Eleberriaren inguruan jardungo gara Zabarterekin solasean.

Erreportajean, Auschwitz-en liberazioaren 70. urteurrena baliatuko dugu Holokaustoa eta literaturaren harremanean sakontzeko. Nola irudikatu du literaturak Holokaustoa? Nola kontatu ia kontagaitza dirudien izugarrikeria hori? Horretarako, Holokaustoko literaturaren bi idazle handienetakoetan oinarrituko gara, Imre Kertész eta Primo Levi-rengan, eta haiek euskarara itzuli dituztenekin solastatu: Urtzi Urrutikoetxea eta Mikel Irurtia hurrenez hurren.

Azkenik, Beñat Sarasolak Anjel Lertxundiren nobela bat izango du hizpide, Kapitain Frakasa. 1991ean argitaratua, huraxe izan zen Otto Pette handia publikatu aurreko lana.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Gaizka Zabarte

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen

anjel lertxundi jende desegokia, gaizka zabarte, imre kertesz, kapitain frakasa, primo levi, Sautrela

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude