Gabonetako hiztegia

OTk0

Gabon gaua noiz den ederki dakit, baina Gabon eguna, esate baterako, ez eta antzik ere. Ez dakit Abenduaren 24ari ala 25ari dagokion.

Eguberri hitzarekin ere ez naiz oso ondo konpontzen, izango da berria eta berandu ikasia delako hitz hori nire hiztegian. Eguberri gaua esan ote liteke? Zenbat aldiz ez ote ditudan nahasi Eguberri eguna eta Urteberri eguna. Haur asko ere halaxe ikusten dut, bi egun horiek nahasten.

Irudipena daukat, txikiagoak ginela, eta eliza eta bere ospakizunak presentago genituen garaian, zalantza txikiagoekin ibiltzen nintzela. Esate baterako, Eguberri egunari, Natibitatea esaten genion eta kito, ez dago arazorik Natibitate gaua esateko. Baina kristau fedea galtzen joan ahala, esango nuke, nahastu egin zaidala Gabonetako hiztegia, eta lagunekin hitzorduren bat egin behar dudan bakoitzean, beharrezkoak direnak baino esplikazio handiagoak ematen ibili behar izaten dudala. Zeruko zigorren bat izango da, igual.

Gabon Zahar noiz den ere badakit ederki, baina nola deitu behar zaio Gabon Zaharra ospatzen den egunari? Gabon Zahar eguna? Nola izan liteke Egun, Gabon dena? Eta horrela.

Probestu nahi nuke ZuZeuko tarte hau jakiteko neu ote naizen era hain lotsagarrian ibiltzen den bakarra ala, aitzitik, ba ote den beste norbait arrastoaren nire alde honetan. Seguru, gainera, badirela beste hitz batzuk ere, neuk ezagutzen ez ditudanak, balitekeen arren hau guztia nire eldarnio partikular bat baizik ez izatea. En fin, Gabon Zoriontsuak denoi. Ala,  Eguberri Zoriontsuak behar du?

Irudia | erotzen | Gilles Chiroleu | Creative Commons By SA

Airetik bizi naiz. Ia.