FoodTopia

Basque Culinay Centerreko ikasle batzuek, FoodTopia izeneko eskaintza egin dute gaur eguerdian. Funtsean, kalejakien inguruan eginiko errekreazio esperimental bat izan da, streetfood delako horretatik abiatuta. Bikaina iruditu zait, benetan.

FoodTopia

Behin baino gehiagotan galdetu izan diot nire buruari ba ote duen zentzurik BCC bezalako muntaketa batek eta, batez ere, ukan ote dezakeen etorkizunik sukaldaritza akademiartzeko ahalegin horrek. Iruditzen zait ez dagoela aski ikasgairik lau urteko klase ordu guztiak betetzeko, ezer gutxi baitago idatzita eta zer esanik ez araututa. Oraindik ez dakit zein den nire zalantza horrentzat erantzun zuzena eta nekez asmatuko dut nik bihar-etzitan gertatuko dena, baina gaur hango ikasle taldetxo bati ikusitakoak, adiskidetu egin nau egitasmoarekin.

Hirugarren mailako dozena bat ikaslek, FoodTopia izena jarri diote ariketa esperimental bati. Kuzina eta zerbitzua, biak ala biak, zituenez helburu, kontuak bi ardatz nagusi izan ditu, alde batetik hirietako kalejanarian oinarritutako proposamenak asmatzea eta, bestetik, BCCko egoitza kale bilakatzea, kale-musika eta guzti.

Zerbitzatu dituzten hamar plateretatik gehienak, eskuekin jateko modukoak ziren, baina ez dut hemen horietako jaki bakoitzaz mintzatu nahi, zein baino zein baitzen ahorako hobea. Azpimarratu nahi nukeena esperientzia bera da, ikasketak alde praktikoan ezartzeko era hori eta  ikasleek erakutsi duten bozkarioa. Bistan da bokazionala dela sukaldari eta zerbitzari izateko kontu hori, bestenaz ezin uler daiteke eta.

Denak ziren 20 urte ingurukoak, gehieneak kanpokoak, baina baita ere bertakoak. Kalean ikusitako jakien aitzakian, euren herrietatik ekarritako erak ere ikusi ditugu, esate baterako, bat egiten dute gure taloak eta Mexikoko takoak jaki berri bat asmatzeko orduan.

Takloa

(Takloa)

Umorea ere ez da falta izan, foiegrasez eginiko saltxitxa moduko bat brioche gainean ekarri digutenean: lehenengo haginkadan dayola moduko bat bihurturik, han bota ditu barnean zeramatzan saltsa guztiak, kalean hotdog edo kebab bat jaten denean bezalatsu…

Brioche gaineko hotdoga(Brioche gaineko hotdoga)

Bai, jolasa bai, ikasteko balio duen jolas horietakoa, sukaldarien gaztetasunaz ohartzeko ere balio duena. Erreparatu hemen azpiko desertari, txokolatea da, bai, UPS! jarri diote izena, bai, baina zer besterik ikusten duzu bertan? Zerk inspiratu du halako gauza bat, zerk piztu du jolasa?

IMG_3045

(Txokolatezko izozkia, maracuya aparrarekin)

Kirtenak maracuya frutaz egina dirudi, baina postrearen inspirazioa egileek eurek agertu dute: “UPS! postrea, haur bati parkean izozkia lurrera erorita ikustearekin sortu da”. Eta antzerako, dena. Aspaldian hartutako mojito apartsu bikainenetako bat ere atera dute, amaiera aldera.

IMG_3044

(Mojito apartsua)

Pentsatzen jarri naiz, denborak atzera egin ahal baleza, agian neu ere ibiliko nintzela gazte hauen tartean halako saltsetan sartuta.

Gehienetan janedan kontuez aritzen naiz, baina inor ez badago begira, lokatzatan etzaten naiz gustura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude