Flexo argia, hogei urtez piztuta

Flexo argia, hogei urte piztuta

Pixar Animation Studios sonatuek hogei urte bete dituzte, 1995ean “Toy Story” argitaratu eta ordura arteko animaziozko filmeen mundua iraulita.

Bi minutu eskaseko bideo honetan hogei urtetan Pixar-ek egin dituen film ezagunenetako pasarteak erakusten dira, Andrew Stanton zinemagilearen berbaldi batetik hartutako esaldi esanguratsuenekin eta Michael Giacchinok “Up” filmerako egindako musika piezarekin batera. Muntaia Kees van Dijkhuizen jr.-ek egina da.

Pixar etxeko kide, besteak beste “Toy Story” idatzi eta “Finding Nemo” zein “Wall-E” zuzendu ditu Stantonek. “Denok maite ditugu istorioak, horretarako jaio ginen”, dio zinemagileak arestian aipatutako berbaldian. “Istorioek esaten digute nortzuk garen”.

Hasieran, istorio batek izan zitzakeen baliabide ikusezinak arrazoitu eta aztertzea lortu aurretik, instintuz, bihozkadaka lan egiten zuen gazte talde bat omen zen Pixar. Animazioa ordura arte ez bezala egin nahi zuten; ezagutzen zenarekin alderatuta, ohikoa zenaren modu guztiz ezberdinean.

“Oraindik ez genuen inolako eraginik, eta horregatik, arau zerrenda bat genuen (Pixar-en), isilpean gordetzen genuena, geuretzat baino ez zena”:

  • Kantarik EZ!
  • “Nahi dut” unerik EZ!
  • Herrixka zoriontsurik EZ!
  • Maitasun istoriorik EZ!

.

Istorioek denboraren mugak zeharkatzen dituzte, gure eta besteen arteko antzekotasunak agertzen dizkigute, errealak edo alegiazkoak izan, eta esperimentatzea ahalbidetzen digute. Bikainek, gainera, harridura sortzen dute. Eta horixe da osagai magikoa, guztiz zintzoa den harridura xaloa, artifizialki eragin edo sorrarazi ezinezkoa dena”.

 

Animazio estudioak

“Toy Story” filmak munduan ezagutzera eman zuen Pixar etxea 1979an sortu zen, eta Steve Jobs-en eskuetatik igaro ondoren Walt Disney-k erosi zuen 2006an.

Animaziozko Film Onenari Oscar Saria, 2001a geroztik ematen dena, zazpi aldiz irabazi du Pixar etxeak, eta Film Onenari Oscar Saria eskuratzeko inoiz izendatuak izan diren hiru animaziozko pelikuletatik bi Pixar-ek egin ditu.

Orain arte hamasei film luze sortu ditu Pixar-ek:

  • “Toy Story” (1995).
  • “A Bug’s Life” (1998).
  • “Toy Story 2” (1999).
  • “Monsters, Inc.” (2001).
  • “Finding Nemo” (2003).
  • “The Incredibles” (2004).
  • “Cars” (2006).
  • “Ratatouille” (2007).
  • “WALL-E” (2008).
  • “Up” (2009).
  • “Toy Story 3” (2010).
  • “Cars 2” (2011).
  • “Brave” (2012).
  • “Monsters University” (2013).
  • “Inside Out” eta “The Good Dinosaur” (2015).

 

Ikusi duzu inoiz bateren bat? Gustatu zaizu?

Flexo argia, hogei urtez piztuta

 

animazioa, Pixar, Walt Disney, zinema

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude