Filosofia eta bertsolaritza (I)

Filosofia eta bertsolaritza (I) –

Bertsolari aldizkariaren udaberriko alean atera da “Filosofia eta bertsolaritza”.

Hauxe kantatu zuen Aitor Etxebarriazarragak Bizkaiko azkeneko finalean, Miribillan, hasierako agurrean, eta gogo biziz txalotuko zukeen Chamfort moralistak:

Nik neure bertsoa dakart,

eta helburua argi:

gozaraztea zuei,

eta nire buruari.

Chamforten ustez, Etxebarriazarragak adierazitakoak, edozein bertso-saio edo jarduera artistikoren helburu ez ezik, giza bizitzarena ere izan behar luke, etikaren muina baita. Chamfortek, hitzez hitz: “Gozatu eta gozarazi, zure burua edo beste inor kaltetu gabe, horra hor, nire ustez, moralaren funtsa”. Harrigarria da zenbat pasabide dagoen bertsolaritzaren eta filosofiaren artean. Nerea Ibarzabalen tankeran esateko, filosofiaren ahala ere konjuratu beharra dago bertsolaritzaren mesedetan; hasiak zaizkigu honezkero bertsotan Simone de Beauvoirren lau bihotzak.

.

Legatza eta behia

Filosofia eta bertsolaritza (I)90eko hamarraldian Jon Lopategi etortzen zitzaigun Bermeoko Institutura bertsotan irakastera. Behin batean, hipotesi interesgarri hauxe jakinarazi zidan, mendiak zergatik eman izan duen itsasoak baino bertsolari gehiago azaltzeko: legatzari bertsotan egin eta ez dizu erantzuten; behiak bai. Eta Nietzschek idatzi zuen filosofoak behiaren antzekoa behar duela, hausnar luze geldoan kontzentratua. Horregatik egongo da apika hainbeste parekotasun eta elkargune filosofiaren eta bertsolaritzaren artean.

Foucault eta Deleuzeren iritziz, filosofiak tresna-kutxa izan behar du, filosofiatik at erabiliak izateko kontzeptuak gorde eta eskaini, filosofiatik kanpo funtzionatu. Bestela, ez du balio. Halatan, saiakera bat argitara emateko edo ez emateko irizpide bat izan liteke ea bertsolariak eta bertso-jartzaileak erabil ote lezaketen, bertatik arrazoiak atera, ea ondo letorkiekeen testuko ideiaren bat. Hala ez balitz, hobe isilik, pedantekeriak joa egongo baita ziur aski.

Filosofia eta bertsolaritza (II)

Filosofia eta bertsolaritza (I)

3 pentsamendu “Filosofia eta bertsolaritza (I)”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-07-17 10:44

    Egun on Markos
    Ez naiz filosofoa (ezta pertsularia ere) baina iduritzen zait filosofiaren defentsa eskasa egiten duzula. Baginuen beharragorik herri honetan!
    Adeitasunez.

  • Arratsalde on, Beñat,

    ea hurrengoan asmatzen dudan; edozein gisaz, esker mila irakurtzeagatik.

    Bide batez, “Erroztamendua” zure serie interesgarriko lehen idazkia ilustratzeko erabili duzun argazkia ez da Simone Weil-ena, baizik eta Simone Veil-ena.

    Agur bero bat

  • Benat Castorene 2022-07-17 18:46

    Eskerrik asko ene umore txarra hola hartu izanagatik. Lasaitu nauzu. Ez nuen hasarretu nahi alainan ditugun filosofia erakasle bakarretariko batekin.
    Ez da posible beti asmatzea. SW aipatzen duzun ber, berak ere ez zuen beti asmatu. Beraz aise pentsatuko dukezu eni dagokidanez!
    Baina kilika naizen pundu bat hunkitu zinuen. Arrazoiz ala erruz beti iduritu zaut filosofia-analfabetoak ginela, Iparraldean behintzat eta horregatik oso txarrak arrazoikatzeko unean. analfabetismo horri egozten dizkiot gure ezgaitasuna politika mailan.
    Enetako SW da arrazoikatzeko maisua eta tronpatzen delarik ere– eta ederki tronpatzen da– bada zerikasia.
    Erroztamendu testuaren testunguru historikoa ere, desberdintasunak desberdintasun oso interegarria du guretako.
    Milesker zuri ere Markos erantzun izanagatik.
    Nahi duzun artio.