Ezpata ala errota

Ezpata ala errota –

Euskal Gaizkileak podcastak Euskal Herrian gertatutako krimenak fikzionatu eta narrazio moldean zabaltzen ditu, eta bere osagai garrantzitsuenetako bat hizpide den krimenari buruzko kantua da. Kasu askotan belaunaldiz belaunaldi iritsi dira guregana abesti horiek; beste batzuetan bertso paperak ailegatu dira, eta guk musikatu; gainontzekoetan ez da ez bata eta ez bestea iritsi, eta horrelakoetan kantuak sortzeko eskatu diegu zenbait musikariri.

Santxikorrota, Bardeetan libre” Euskal Gaizkileak serieko hamabigarren eta (oraingoz) azken atala da. XV. mendean Cascanten bizi zen Santxo gaztearen historia kontatzen da, nola igaro zen Queiles ibaiko errotari izatetik Bardeetako bidelapur sonatuena izatera.

Ez zaigu Santxikorrotari buruzko kanturik iritsi gaur arte, eta beraz, abestia sortzeko eskatu genien Ibai Osinaga eta Amets Aranguren musikariei. Aranguren letraz arduratu zen, eta Osinaga ahotsaz eta gitarraz. Hemen duzue ondu duten fruitua:

EZPATA ALA ERROTA

Nafarroako Erriberan zen
jaioa Santxo gaztea
zerbaitengatik toka zitzaion
bere herria uztea

Bardeetan Ermandadearen
beroa gertu sumatu
eta herriaren sostengua
hark zuen bereganatu

Soberan zuenari ostuta
txiroari lagundurik
bere bizitza eten zuen hark
daga bihotzean sarturik

Santxikorrota, santxikorrota
aberatsei ezpata, behartsuei errota

Kondaira batek duen egia
eta gezurra eskutan
zaila da jakitea non koka
ze alde edo bandotan

Santxoren gogo eta arimak
segitu dute bizirik
Erriberako lurretan barna
Luciok lekukoa harturik

Santxikorrota, santxikorrota
aberatsei ezpata, behartsuei errota

Ezpata ala errota
Amets Aranguren eta Ibai Osinaga TTAP aldizkariak egindako elkarrizketan

Amets Aranguren (saxofoia, pianoa, koruak) eta Ibai Osinaga (ahotsa, gitarra) Ibil Bedi musika taldeko kideak dira. 2018 urtean Nafarroan sorturiko musika talde bat da Ibil Bedi, Irunberri, Erriberri, Zangoza eta Iruñeko bost lagunek osatzen dute taldea eta jotzen dituzten instrumentuak gitarra, baxua, biolina, saxoa, bateria, teklatua eta ahotsak dira. Haien lehenengo diskoak «Berandu baina garaiz» du izena eta 2019ko ekainean argitaratu zuten.

Urte bereko bukaeran abesti bikoitz bat atera zuten: «Bide Zuzena-Teilaturantz», bideoklip eta guzti. Taldearen bigarren lanaren izenburua «Beltxarga Beltza» da, 2021an argitaratua, hamaika abestiz osatua.

Ibil bedi taldearen abestiak gai anitzezkoak dira: maitasuna, dudak, sorpresak, galerak eta bizipenak. Musikalki pop-a da estilo nagusia, baina beste estilo batzuk hauteman daitezke.

euskal gaizkileak seriea

Ezpata ala errota

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude