Kritika zinematografikoa: “Everything, everywhere, all the time”

Kritika zinematografikoa: “Everything, everywhere, all the time”-

Kritika zinematografikoa: "Memoria"

Kritika zinematografikoa: "Everything, everywhere,all the time"

Zuzendaria: Dan Kwan, Daniel Scheinert

Urtea: 2022

Herrialdea: AEB

-‘Errealismo modala edo errealismo kapitalista?’-

‘Daniels bikotea’ ezizenaz ezagutzera eman diren bi zuzendarien azken komediak Everything, Everywhere, All the Time (“dena, leku guztietan, uneoro”) du izena. Iaz Stuart Jeffries idazleak postmodernitateari buruz argitaratu zuen entseguaren izan berbera jarri diote: Everything, All the time, Everywhere: How We Became Postmodern. Hasiera batean, behintzat, kasualitate hutsa dela pentsa genezake. Izan ere, Daniels bikotearen filmak gaitzat multibertsoaren hipotesi zientifikoa du, gureaz aparte beste horrenbeste unibertso existitzen denaren hipotesia, alegia (mekanika kuantikoaren paradoxak argitzeko egin den saiakera teoriko bat). Bada, Michio Kaku zein Stephen Hawkingen taillako fisikariek defendatu dituzten ideia horiek zientzia-fikzioaren mundura ere pasatu dira azken urteotan. Besteak beste, unibertso paralelo guztiz ezberdinen imajinarioak Rick and Mortyko ‘kable inter-dimentsionala’ren surrealismo umoretsua eskaini digu, baita Marvelek berea egin duen multibertsoaren logika berria ere —logika falta, hobeto esanda, aitzakia horrekin justifikatzen baitituzte etengabeko deus ex machinak, aktore ezberdinek pertsonaia bera interpretatzearen kontraesanak, etab.—.

Hein batean, Everything, Everywhere, All the Timek aipatutako bi ezaugarriak elkartzen ditu: alde batetik, umore absurdo dosi nabarmena du, eta bestetik, superheroi istorio bat, Matrix eta Kill Billen arteko nahaste bitxia. Jada Kill Billen, Tarantinori horrenbeste gustatzen zaion genero-nahasketa eta erreferentzia-bonbardaketa harekin, estetika postmodernoa agerikoa bazen, Daniels zinemagileek planteamendu horiek muturreraino daramatzate. Beraz, horrelaxe begiztatu dezakegu Jeffriesen liburuaren eta filmaren izenburuen elkargunea. Izan ere, postmodernitatearen teorikoek dioten bezala, ezin daiteke gure garaiko industria kulturala ulertu kapitalismo globalaren logika kontuan izan gabe: sistemaren diskurtsoak dioenez, edozer gauza kontsumitu dezakezu, edozein momentutan, eta munduko edozein lekutan. Hala, neoliberalismoaren ahalguztiduntasun ideologikoa planteamendu estetiko  postmodernoak gorpuzten du: Wong Kar Wai, komedia, familia-drama, Rattatouille, arte martzialak, Iñarritu, The Goonies… edozein produktu kultural, edozein garaikoa eta edonongoa, den-dena nahaste maximalista zoro berean aurkeztuta.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika zinematografikoa: "Memoria"

-Kritika zinematografikoa: ‘EVERTYTHING, EVERYWHERE, ALL THE TIME’-

Euskal pantailaren gunea