“Euskodemos”, Euskal Rock Erradikalaren azpitik

Laurogeiko hamarkada hasieran kasete formatuan baino argitaratu ez ziren zortzi talde berreskuratzera dator “Euskodemos (Arqueología en ferrocromo). Rock Underground Vasco 1981-1986” bilduma.

euskodemosLos Extraños (Cancer Moon-eko Jon Zamarriparen taldea), Médanos de Singapur, Fiebre, Lo Del Perro, Revolver, Los Scooters, Los Impecables eta Neon Provos (Los Bichos iruindarren aurrekaria) dira bilduman agertzen diren bandak, guzti guztiak sona lortu zuten Euskal Rock Erradikala deiturikoaren parte izan ziren punk banden itzalean gelditu zirenak. Bilduma Fernando Gegundez bilbotar musika kritikari ezagunak atondu du.

“Euskodemos. Rock Underground Vasco 1981-1986” bilduma Subterfuge Records zigiluaren “Canciones desde la tumba” sailak plazaratuko du, bere garaian 60. hamarkadako garaje doinuak berreskuratzen AEB-etako Crypt Records-ek “Back from the Grave” sailean egin zuen moduan. Lana digipack formatuan argitaratuko da; Josetxo Ezponda (Bicho) berak egindako ilustrazio argitara gabea izango du azala eta hogei orrialdeko liburuxka bat argazki eta taldeei buruzko informazio mardularekin.

“Canciones desde la tumba” sailarekin azken hamarkadetako harribitxi ahaztuak lurpetik ateratzeko asmoa agertu du Subgterfuge-k berrabiarazi duen sailarekin. Plazara atera nahi dituzte “denboraren igarotzeak edo zoritxarrak lurperatutako bandak, inoiz plazaratu ez ziren grabaketak, hautsez betetako maketak, hiru zuzeneko baino eman ez zituzten taldeak eta gerora arrakasta lortuko zutenen hazia izan zirenak; baita talde mitikoen lehen grabaketa edo baztertutako lanak ere”.

Bildumako abesti zerrenda:
01. Neon Provos “La Misteriosa muerte”
02. Neon Provos “Mariposas mecánicas”
03. Revolver “Punkies en el barrio”
04. Revolver “Desconecta”
05. Los Extraños “Palabras”
06. Los Extraños “Yo confieso”
07. Médanos de Singapur “Todas las chicas”
08. Médanos de Singapur “Camúflate”
09. Fiebre “Marianne”
10. Fiebre “El Nativo”
11. Los Scooters “No soy nadie”
12. Los Scooters “Tengo algo para ti”
13. Los Impecables “Me gustas más”
14. Los Impecables “Saca tu perro a pasear”
15. Lo del Perro “Treblinka”
16. Lo del Perro “Saque de tenis”

 

“Ezker Abertzaleak inperialistatzat zuen rock musika”
“Euskodemos” argitaratzearen harira, soinuak hobitik atera dituen arkeologoak, Fernando Gegundez-ek, elkarrizketa bat eskaini dio VICE aldizkariko Iago Fernandez-i, “Beste Euskal Rock Erradikala, argitara” titularrarekin, garaia ezagutzeko adierazpen mamitsuak dakartzana.

Garai haietan, 80. hamarkadan, “erraietatik sortzen zen punk musikak onarpen ikaragarria lortu zuen, gaztetxe eta udaletxe guztien programetan sartzeraino, eta mugimendutik at ziren taldeek Euskal Rock Erradikalaren (RRV) zein publikoaren kultura musikal ezaren kontra egin behar izan zuten”, dio Gegundez-ek. Baina “Euskodemos” bildumak berreskuratzen dituenak RRV-k kaltetutako talde bezala aurkeztea “errazena dela” onartzen duen arren, “zirkuitua ikaragarri hasi eta aipatutako mugimendutik kanpo ziren bandek ere baliatu zuten Euskal Rock Erradikala”, kritikariak aitortzen duenez. “Baziren independentzia zaleak (Duncan Dhu-ko musikari bat baino gehiagok ematen zion bozka Herri Batasunari), paso egin eta mundu paralelo batean bizi zirenak (oraindik ohikoa dena Getxo lako tokietan), baita ´antibaskoak´ ere, horrenbeste politikaz nazka-nazka eginda zirenak”.

“Ezker Abertzaleak inperialistak izatea leporatzen zien rock taldeei”, bilbotar kritikariaren aburuz, “harik eta kalean izan zuten onarpen bistakoarengatik bere baitan hartu zituen arte, Martxa eta Borroka kanpaina sortuta”. Hedabide publikoei dagokienez, “Rock saio sinestezinak izan ziren ETB1 zein ETB2-an (Popazoro eta Katu Kale), baita irratietan ere -astean hogei bat ordu astean rock musikari eskainiak, eta bertako taldeen jardunari-. Horrek gure sortzaileak babesteko kultura bat sortu zuen; egun horren eszena zabal eta aberatsa izatearen abiapuntua”.

fernando gegundezBilbo Handiko rock eszenan oso ezaguna den Gegundez-ek 25 urte ei zituen 1983an. Garai ilun haietan, “saioak nituen bi irrati libretan, gerora “Sintonia” eta “Sintonia Rock” aldizkari bihurtuko ziren fanzinea egin, aretoetako programazioan lagundu… hiperaktibitate itzela genuen, beti ere borondatezkoa, hau da, zaletasun hutsagatik; horregatik zihoan kontua aurrera!”.

Maketen dirdira
Kritikariaren esanetan, “egun ezinezkoa da auto-ekoiztutako lan bat eta maketa bat bereiztea, kasu batzuetan formatu fisikorik ere ez dago”. Baina 80. hamarkadako maketak garrantzia handia zutela uste du; “Nacha Pop-en maketak, esaterako, gerora argitaratu zituzten biniloek baino soinu hobea zuten”. Orokorrean, `movida madrildarra´ deituriko eta Euskal Herriko talde guztiei gertatzen zitzaien kontua ei zen, demoak diskoak baino hobeak izatearena. “Maketan soinua askoz gordin eta zuzenagoa izateaz gain, freskura gordetzen zuen; talde baten hastapena da beti interesgarriena”. Garaiko kantu on asko argitaratu barik gelditu zirela eta, “diskoetxeetako exekutibo bati egokia begitantzen ez zaion abestia bikaina izango da ia beti”, aldarrikatzen du musika adituak.

80. hamarkadan Euskal Herriko taberna askok erakusleihoa bete maketa zuten, “gurean baino gertatzen ez zen fenomenoa”. Barra atzeko orma maketaz eta fanzinez lepo -eta batzuk ikaragarrizko salmentak zituzten gainera!-. Eta azpian, dirua batzeko potea, “guztia taldeentzako. Maketen kopiak taldekideek beraiek egiten zituzten, banan banan grabatu eta azalak tolestuta”. Zinta baten soinu analogikoa harrigarria begitantzen zaio oraindik orain Fernando Gegungez-i. “Nire maketa bildumak soinu dirdiratsua du; ez ditut inolaz ere digitalizatuko!”.

Euskodemos” bilduma atontzeko, orduko taldeen kideak bilatzea izan du lanik nekezena Gegundez-ek. “Asko neurri pentsaezinetaraino aburgesatu direnak eta gaztetako bekatuez ezer jakin gura ez dutenak”. Bajak ere asko dira dagoeneko, eta beste batzuk ezetz mingarria eman ei diote bildumaren parte izateari, “gerora Family izango ziren La Insidia edo El Desvan del Macho bihurtuko ziren Matrona Impudica lakoak”.

Otsailaren 16an argitaratuko duten diskoa hiru egun lehenago aurkeztuko dute Bilboko Power Records disko dendan eta bilduma atontzeaz arduratu den Fernando Gegundez-ek, beste alde batetik, musikari buruzko hitzaldiak antolatu ditu Bizkaiko hiriburuko EHUaren Esperientzia Geletan (nagusi eta jubilatuei zuzenduak), “Geletako ikasle guztiak ez doaz operara” izenburupean. Gegungez berak pop musika izango du mintzagai (otsailaren 17an), Yahve M. de la Cavada-k jazz musika (otsailaren 24an) eta Pedro Elias Igartuak folk musika (martxoaren 3an).

ZUZEUko erredakzio kide