Euskararen egoeraren bilakaeraz

Martin Rezola eta Jonjo Agirrek igorritako artikulua:

Eusko Jaurlaritzak EAE, Nafarroa eta Iparraldeko (Euskal Herria zeneko) V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza nagusiak aurkeztu berri ditu. Jaurlaritzaren ordezkariez gain, Nafar gobernuko Euskarabidea, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eta Euskaltzaindia egon ziren aurkezpenean.

Gizarte ekimeneko euskalgintzaren ordezkaririk ez zen izan bertan, ohi denez.

Eta horra lehen galdera:
Zein dira Iparraldeko EEPren eta Nafarroako Gobernuaren Euskarabidearen merituak euskararen normalizazio prozesuan? Euskararen berreskurapena oztopatzeak edo gutxiesteak saria merezi du?

Inkestari berari ezer kendu barik ere, faltan botatzen dugu kontestu soziokulturalaren argazkia, eta horren faltan, nekez egin daiteke irakurketa osaturik, gure ustez. Adibideak badira:

Seme-alabekiko euskararen transmisioari buruzko datuak ematean, guraso biak elebidunak, biak erdaldunak, ala bikote mistoak diren araberako transmisioaren datuak ematen dira… baina, INEren Zentsuan gertatutako aldaketen ondorioz, ez dakigu zenbat bikote elebidun, zenbat misto eta zenbat erdaldun dauden, eta datu hori ezinbestekoa litzateke, transmisioa zein neurritan ematen ari den jakiteko, eta horretan eragiteko neurriak zehaztu ahal izateko.

Elebidunen erdiak gune erdaldunetan bizi direlarik, euskara erabiltzeko erabilera-eremuak, eta ondorioz, aukerak ere urriak direla esaten digu Inkestak.  Egia berdaderoa da hori. Izan ere, elebidun gutxi dituzte inguruan euskara praktikatzeko, irakurtzeko hedabide bakarren bat euskaraz, hamaika erdarazkoen azpian; hamaika telebista kate erdaldun eta bakarra, kaskartua, euskaraz; ehunka bideo-joko erdaraz eta bakan batzuk euskaraz, interneten are okerrago…

Miraria da gune erdaldunduetako zenbait elebidunek euskaraz jarduteko grina agertzea oraindik ere, borondate eta gogo handia behar dira eta.

Inkestatik kanpo gelditzen den adin-tartea (5 eta 16 urte artekoa) pisu handikoa da euskararentzat, Ikastolei eta D ereduari esker adin-tarterik elebidunena delako… eskolatik alde egiten duten arte. Gizarteak desegingo du sarri, hiri eta herri erdaldunduetan, ikastetxeetan zintzo-zintzo aurrera eramandako lana. Gainera, eredu hiru-eledunari esker, horien euskalduntasun maila ere kaskartuz joango da arian-arian, bestelako eragile erdaratzaileen lana erraztuz.

Dena den, gazteen adin-tartean ez da beharrezko geroaldiko adizkiak erabiltzea, dagoeneko ikusten ari baikara gazteen hizkuntz dimisioa nola gauzatzen ari den, behin neska-mutilen aurpegi eta hanketan granoak eta bixarrak hazi orduko.

Elebidunok euskara sarriago ez erabiltzeko arrazoiak zein dira? Aztertu dira?

Izan ere, datuok zenbait komunikabidetan aurkeztu diren gisan, ematen du euskara ez dugula behar beste erabiltzen erabili nahi ez dugulako, euskararekiko atxikimendu nahikorik ez dugulako, berez, nolabait esateko. Baina hori ez da horrela.
Elebidun askok euskara erabiltzeari eusten dio sekulako grina eta borondatea erakutsiz
, aurkako baldintza guztien gainetik, botere-eragile nagusien euskararekiko axolagabekeriaren gainetik ere, adibidez.

Elebidunek euskara gehiago ez erabiltzeko arrazoi objektiboak daude, eta horiek aztertu eta zuzentzeko neurriak hartzea ezinbestekoa eta premiazkoa da.

Azterketa hori errazteko lagungarri izan daitekeelakoan, horra hipotesi xalo batzuk:
Elebidun askok ez dute euskara erabiltzen edo gutxi erabiltzen dute…

1. Gizarte erdaldunean murgilduta bizi direlarik, euskaraz aritzeko aukera gutxi dituztelako.

2. Erdaraz euskaraz baino errazago moldatzen direlako (gero eta gehiago dira, kontestu soziokultural erdaldunaren indarrak bultzatuta).
3. Gaztelania hizkuntza nagusi eta euskara menpeko hizkuntza gisa erabiltzen dituztelako botere-eragile gehienek… euskara erabiltzen dutenetan.
4. Hedabide, liburu, telebista eta irrati kate, interneteko eta teknologia berrietako tresna gehien-gehienak erdaraz direlako.
5. Nafarroan edota Iparraldean, euskararen erabilera bera estigmatizatuta dagoelako.
6. Alderdi politiko “konstituzionalistek”, batzuek besteek baino gehiago baina denek ere, euskararen normalizazioari oztopoa oztopoaren gainean jartzen diotelako.
7. Alderdi politiko abertzale gehienek, euskara liturgietarako erabiltzen dutelako, modu sinbolikoan-ia, ohiko jarduna erdaraz garatzen dutelarik…

Jarrai genezake hipotesiak luzatzen, baina botatakoak aztertzen nahikoa lan badagoela iruditzen zaigu. Nahikoa lan eta batez ere, premia handia.

Euskararen normalizazioak politika ausartagoak behar dituela uste dugu. Areago Nafarroan eta Iparraldean, bietan ala bietan oso kinka larrian baitago.

Martin Rezola eta Jonjo Agirre

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

8 pentsamendu “Euskararen egoeraren bilakaeraz”-ri buruz

  • Nekatuta nago hainbesteko negatibitateaz, ez dago daturik inon, ezta udalerri mailan ere, erukutsi daitekeen eta euskaldun sufrituaren akuilu izan daitekeenik? horrela agonia elikatu besterik ez dugu egiten, sutsuak epelduz eta epelak hoztuz.

  • Egoera ezkutatuz edo mozorrotuz elikatzen da agonia. Egoera hau iraularaztea badago, baina horretarako politika eraginkorrak jarri behar lirateke abian, lege aldaketak barne.
    Bestela gainbehera dultzifikatu batean jarraituko dugu EAEn, eta desagertzeko bidean Nafarroan eta Iparraldean.
    Egoerari aurre egin behar zaio. Optimismo suizidaren arriskuez ohartarazi guntuen aspaldi Txepetxek.

  • Arrazoi duzu, Irala, maizegi ahaztu egiten zaigu “alderdi positiboak” aldarrikatzea, eta alderdi ilunekin gelditzen gara. Hori egia da. Baina gaur egurra ematea tokatzen zen, zer egingo diogu ba, albisteak horrela etorri dira-eta asteon. Gainera, hizkuntza-politikaren gorazarrea egiteko nahikoa entzuten dugu administrazioaren aldetik, dena ondo-ondo doala eta abar. Nire iritziz ez da behar beste neutralizatzen onkeriazko diskurtso faltsu hori.

    Oreka puntu bat bilatu beharko genuke, egoera beltza dela onartuta ere inoiz baino baliabide eta egokiera interesgarrien aurrean gaudela onartzeko. Baina joko-arauak zein diren argi edukita, kartak markatu gabe.

    Duela hilabete, honako pasarte hau irakurri nizun ZuZeun bertan, Araba Euskaraz jaiaren harira. Bat nator hor esan zenituenekin, baina berba horiek ere ez dira poztasunari atea zabaltzeko modukoak, ala?:

    «Heldua da arazoari heltzeko ordua, ezin da gehiago itxaron (…) Zertarako balio du euskalduntzeak? Zertarako balio dute alderdi abertzaleen erdarazko deklarazioek? Zertarako balio dute media abertzale edarazkoak? Zertarako euskararen aldeko aldarri hutsalek? Zertarako makrojaiek? Zertarako megaikastolek? Noiz egingo dugu gogoeta? Irlandatze prozesu linguistiko bete-betean sartu gara?
    (…) Inon irabazi dugu kalearen zati bat hainbeste ahaleginen ostean?»

  • Ni neu, neurri batean, bat nator Iralarekin. Nekatuta (eta apur bat nazkatuta) nago beti mezu ezkor eta ilun hori zabaltzearekin. Egia da hirigune eta inguru erdaldunetan elebidun asko bizi garela jada, eta euskaraz bizitzeko borondatea eduki behar dugula, baina ez gara “heroiak”. Uste dut sarritan euskaldunok, guk geuk jartzen ditugula harriak bidean. Eta gainera erabat barneratuta dauzkagu muga linguistikoak…

  • Irala auzoaren ondo-ondoan dagoen ikastola batean ikasi du zazpi urteko alabak gaztelera, primeran gainera, esango nuke, duen adinerako. Ikastola horretan(kontuan hartu inguruko euskaldunenetakoa dela) sartzen bazara, gela barruan eztakit, baina, pasilloetan oso euskara gutxi entzungo duzu eta behin haur hezkuntza pasatako umeei gutxiago. Pentsa, kafetxoa hartzera doazen iraksle asko ta asko oso erdara garbian entzuten ditugu…)

    Taberna edo denda batera sartu eta euskaraz hasitakoan ohituta nengoen aurrekoak eduki zitzakeen era askotako erreakzioekin. Orain, horri gehitu alabaren aurpegia(ama martzianoa da) eta komentarioa: zertan hasi zara euskeraz, ba eztakizu ba eztuela jakingo…)

    Eguna joan eguna etorri hau bizi baduzu baikortasunerako toki txiki-txikia gelditzen zait niri

  • Martin, pozten eta harritzen nau nire esan xumearen hain segimentu zorrotza egiteak, benetan harrigarria batzuen artxiborako errraztasuna. Dena den, ez dut uste kontraesanik dagoenik, ohartzen bazara galdera marken eta eskakizun-erregu moduan igortzen dut azkenekoa: “Inon irabazi dugu kalearen zati bat?”: Kontua da nik nire ikasleak akuilatzeko berri horien (benetakoen jakina)behar larria daukadala, pentsa ez dezaten euskararenak egin duela eta ez dagoela zertan ikasten edo ikasitakoa aberasten nekatu.Eta halako berriak EGON BADAUDE, nahiz eta ados nagoen KONPONBIDEA OROKORRA BEHAR DUELA, baina bitartean poz poxi bat merezi dugu, gogor eta era saiatuan lan eginda gero. Berriak honelakoak izan daitezke: Urolaldean, Azpeitian, kale erabilera %86an dabil, zoazte San Inazio egunean eta gozatu; edo Gasteizen Kafe Antzoki bat zabalduko dute laster euskaltzaleen bultzadari esker; edo Laudion erabilera %9an jartzea lortu dute (3tik igota) (Argia aldizkaritik); edo…BAI; BAI,GUDA TXIKIAK DIRA, BAINA ZEIN POZIK AIPATZEN DUGUN ORREAGAKO BATAILARENA, NAHIZ ETA, BETI, DIREN ETA EZ DIREN GUDA GUZTIAK GALDU DITUGUN.

  • Beharbada ez dugu ondo zehaztu azaldu nahi genuena.
    Egoerari buelta ematea badago, baina ez oraingo martxan. Eta udal mordoxka bat eta foru aldundi batek salbu, beste administrazioen diskurtsoak estali egiten du, nahita edo nahi gabe, errealitatearen parte handi bat, eta are okerrago dena, hiztunen lepo uzten du erabileraren ardura, hiztunek oro har horretarako ez baldintzarik ez tresnarik ez dutelarik. Balditza eta tresna horiek egokitzea eta eskura jartzea administrazio publikoen lana eta ardura dira. Eta euren partea bete barik ez dago opilari buelta ematerik. Guda txikiak irabazten ditugu han-hemenka, bai, zenbait herritarren eta administrazio gutxi batzuen lanari esker, baina guda txiki horiek irabaztea ez da nahikoa, euskararen biziraupena bermatzeko. Euskarak osasuna berreskuratuko badu, diagnostiko egoki bat egin beharko da lehenik, ez ala?

  • Bai, ados, baina hori gertatu bitartean eta hori gerta dadin ahaleginak eginda ere, emazkidazu gozoki ttiki horiek ere, nire lan jardunean (mortua zeharkatzean) ito ez nadin, hori ere behar-beharrezkoa dut eta.