Euskaltzale baten galderak liburumortu baten aurrean

Euskaltzale baten galderak liburumortu baten aurrean –

Joxerra Garziak, euskarazko kultur ekoizpenaren kontsumoari buruz Elkar etxeak plazaratutako txostenaz, Berria egunkarian.

Manchester, 1900. urtea: oinetako fabrika bateko bi saltzaile Afrikara bidali dituzte, han zapatak salduz negoziorik egin ote daitekeen egiaztatzera. Handik hilabetera edo, saltzaileetako batek honako telegrama hau igorri dio Manchesterreko bere nagusiari: «Egoera etsipengarria. Stop. Hemen inork ez du zapatarik nahi». Beste saltzaileak, aldiz, hauxe dio: «Sekulako mauka. Stop. Oinetako premia latza, eta oinetakorik ez».

Euskal herritarrek liburuak eta musika kontsumitzeko dituzten ohiturei buruzko azterlana egin berri du, Elkar Fundazioaren mandatuz, Siadeco Ikerketa Elkarteak. Martxoaren 15ean eman ziren ezagutzera ikerketa horren emaitzak, eta, berehala izan ziren erreakzioei erreparatuta, esango nuke euskarazko hedabideek, oro har, oinetako saltzaile ezkorraren bidea hautatu dutela: «Euskaldunen erdiek baino gehiagok ez dute euskal kultura kontsumitzen» (BERRIA), «Euskal herritar guztien %6k baino ez du euskal libururik irakurtzen» (Zuzeu). Gainerakoetan, espainiar nazionalistek malko zuri ugari, eta euskal nazionalisten artean etsipena nagusi, zenbait kasutan burlaize errez adierazia: «Erdaraz (eta dohainik), eskerrik asko» (Gara).

Euskaltzale baten galderak liburumortu baten aurreanNik dakidala, oinetako saltzaile baikorraren bidetik abiatu den bakarra Elkar Fundazioko Joxemari Sors izan da: «Euskarazko ekoizpenak badu merkatua handitzeko aukera, euskaldunek euskaraz gehiago irakurtzea lortzen badugu».

Eskertzekoa iruditzen zait Sorsen ikuspegia, ezkorretik lehendik ere ederki gizenduta gaude eta. Koxka bakarra ikusten diot: azken helburua lortzeko (hots, euskarazko ekoizpenen merkatua handitzeko) proposatzen duena (euskaldunek euskaraz gehiago irakurtzea) ez ote den, berez, azken helburua bera baino zailago.

Sorsen diagnostikoak honako galdera honetara garamatza: zergatik ez dute euskaldunek euskaraz gehiago irakurtzen? Siadecoren txosten zabalean iruzkina merezi lukeen beste hamaika kontu badago ere, gainerako guztiak bazter utzi eta arestiko galdera horren hari muturrari tiraka osatuko dut hemendik aurrerakoa.

Txostenak dioenez, hamar euskaldunetik lauk «euskaraz irakurtzeko erraztasunik eza» aipatzen du euskaraz liburu gehiago ez irakurtzeko arrazoitzat, eta hori da, alde handiz, arrazoirik aipatuena (irakurtzeko ohitura liburu formatura mugatzen du txostenak —paperezko zein digitalera—, eta horixe du herrenik nabarmenenetakoa).

Erantzun horiek ikusita, ez dirudi arazoa euskarazko liburuen eskaintzan dagoenik, irakurleen gaitasun-jarreretan baizik. Alde horretatik, beste galdera zabalago baten baitan kokatu beharra dago gure lehen galdera hori: euskararen kasuan, zergatik da urtetik urtera handiagoa ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala? Hots: zergatik dira gero eta gehiago euskaraz jakinda euskaraz hitz egiten ez dutenak?

Alorrez alorreko neurriak hartzea komeni da, jakina, baina ez dut uste neurriokin konpon daitekeenik arazoa, hain baita zabal eta sakona.

Hezkuntza sistema eta hedabideak (aldez edo moldez gure esku daudenak, behintzat), horiexek dira euskarazko irakurle potentzialen «irakurtzeko zailtasunak» gainditu eta hiztun atzenduak atzera berriz hiztun bizi bihurtzeko ditugun tresna nagusiak. Hori lortuko badugu, ordea, gauza asko aldatu beharko ditugu, bai D ereduan bai euskarazko hedabideetan (batzuetan gehiago beste batzuetan baino): aurren-aurrena, zuzen-jatortasunaren morrontzatik askatu eta irizpide nagusitzat egokitasuna (eraginkortasuna) hartu behar genuke, teorian onartua behingoz praktikara eramanda.

Herri honek onar ez dezakeen luxua da eskolaren egiteko garrantzitsuena «zintzaizkiokete» eta «zeniezadake» bezalako puzzleak osatzen ikastea izatea, edota Gaztea bezalako irrati batek gazte hizkeraren ardura (ere) bere gain ez hartzea. D ereduari eta euskarazko hedabideei, euskaraz aritzeaz gain, euskarazko tradizioaren transmisioa bermatzea dagokie. On Kixote Mantxakoa edo Cyrano Bergerakekoa ezagutzea ondo dago, baina Peru Abarka, Bettiri Sanz edota Milia Lasturkoak haiek bezain etxeko behar lukete izan.

Albokoen aldean txiki garela onartu, eta gure txikian gauzak komeni zaigun bezala egiten hasi beharra daukagu, homologazio konplexuak behin betirako uxatuta. Bestela, urtean behin Durangora erromes joan eta autoestimu-txutea hartuta ere, Frantzia eta Espainiaren sukurtsal huts izango gara, eta haiek bedeinkatutako idazleen obrak izango dira, euskaraz ere, salduenak.

Euskaltzale baten galderak liburumortu baten aurrean  Euskaltzale baten galderak liburumortu baten aurrean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.