Euskal Zine Bilerako sari nagusia: Izibene Oñederraren “Lursaguak”

Euskal Zine Bilerako sari nagusia eskuratu du Izibene Oñederraren “Lursaguak” filmak –

Euskal Zine Bileraren 42. edizio itxi berri da Lekeition. Guztira 20 film izan dira lehian, azaroaren 25etik 28ra bitarte. Eta hauexek jaso dituzte sari nagusiak: Izibene Oñederraren “Lursaguak” (Film Onenari Saria), Mikele Landaren “Heldu” (Zuzendaritza Onenari Saria) eta Josu Martinezen “Anti” (Gidoi Onenari Saria).

“Milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala birrintzen ari diren garaian bizi garela erakusten digun animaziozko filma” da Oñederraren “Lursaguak”, Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria eskuratu dituena. Landaren “Heldu”, bere aldetik, “arraun egitean entzuten diren soinuetatik sortutako pentsamenduetan barneratzen den lana da”, Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro erdietsi dituena. Bukatzeko, Martinezen “Anti” filma “euskaraz hitz egitea debekatu dioten herri baten nortasuna goraipatzen duen kontakizuna” dugu, Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro irabazi dituena.

Kepa Errasti, Lara Izagirre eta Igor Rezola izan dira epaimahaia osatu duten kideak, ikus-entzunezko sektorean esperientzia zabalekoak hirurak ere.

.

Ikusleen saria

Astean zehar publikoak emandako botoen bidez, Azkue ikastolako ikasleek eginiko “Ouija” filma izan da garaipena lortu duena, eta beraz, Ikusleen Saria Lekeition bertan gelditu da; Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria beraientzat.

Euskal Zine Bilerako sari nagusia eskuratu du Izibene Oñederraren "Lursaguak" filmakEuskaltzaleen Topaguneak bi urterik behin ematen duen Benito Ansola beka 5. edizioa bete du gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoiztu ditzaten bidea zabalduz. Aurten hiru proiektu aurre-aukeratu dira, eta Amancay Gaztañaga eta Lara Izagirrek osatutako epaimahaiak Oier Fuentesen “Emisio etenak” proiektua aukeratu dute beka eman eta filma garatzeko laguntza eskainiz.

Gainontzean, 42. Zine Bilerak Juanmi Gutierrez zuzendariaren ibilbidea omendu du, errenteriar zinemagile zenduak film labur eta dokumentalgintzan ekarpen oparoa egin baitio euskal zinemagintzari. Bere azken lana, “Denbora aldakorra”, Lekeition aurkeztu da primizian. Eta (H)emen elkartearekin elkarlanean, Profesionalen III. topaketak antolatu dira, non ikus-entzunezkoen musikagintzan lan egin duten emakumeen arteko mahai-ingurua burutu den.

Guzti honekin, eta egunez egun zinemara hurbildu diren herritarrekin, ikusle gehien izan dituen Zine Bileretako bat izan da aurtengo edizioa.

Euskal Zine Bilerako sari nagusia eskuratu du Izibene Oñederraren “Lursaguak” filmak