‘Euskal zine industriaren belaunaldi berria’ Durangon

Durangoko Azokaren 50. edizioa abenduaren 4tik 8ra luzatuko da, eta Zinea.eus atariko lagunok ere bertan izango gara: hilaren 6an, 12:00etan, euskal zine industriaren belaunaldi berriari buruzko mahai-ingurua antolatuko dugu Irudienea gunean. Lara Izagirre zinegilea, Irune Gurtubai ekoizlea, Joseba Usabiaga aktorea eta Miren Manias ikerlaria gonbidatuko ditugu bertara, eta ikus-entzuleen laguntzaz, solasean ariko gara 12:00etatik aurrera. Gonbidatuta zaudete! 

Euskal zine industriaren belaunaldi berria Durangon

Euskal zine industriari buruz hari garela, “belaunaldi” hitza maiz darabilgun terminoa da. Urrutira joan gabe, hortxe ditugu 70eko eta 80ko belaunaldia (Imanol Uribe, Montxo Armendariz eta Victor Ericerekin, besteak beste); 90eko belaunaldia (Julio Medem, Enrique Urbizu eta Elena Taberna, tartean) eta 2000ko belaunaldia (hala nola, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Asier Altuna eta Borja Cobeagarekin). Garaian garaiko zinema egiteko moduak, instituzioetatik jasotako baliabideak, jorratutako gaiak, ikus-entzuleen joerak, eta beste hainbat alderdi bereizi, baina baita ulertzeko ere, erabiltzen da belaunaldien kontzeptua.

Bada, berriki igaro den 63. Donostia Zinemaldian, belaunaldi berri baten etorreraren lekuko izan gara. Belaunaldi berri horretako kide dira, besteak beste, Lara Izagirre zinegile zornotzarra eta Irune Gurtubai ekoizle elorriotarra. Lehenak Un otoño sin Berlin bere lehen film luzea (aurretik hainbat labur eta dokumental bat osatu ditu) aurkeztu zuen Euskal Zinemaren Galan, eta Irene Escolar aktoreak Irizar Sariaren epaimahaikideen partetik aipamen berezia eskuratu zuen. Bigarrenak, aldiz, Ben Sharrockek zinegilearekin batera ekoitzitako Pikadero filma Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen, eta Zuricheko zinema jaialdian Kritikaren saria eskuratu berri du.

Zinegilearen eta ekoizlearen figura bezain garrantzitsua da aktorearena. Eta kolektibo inportante horren ordezkari izango dugu gurean Joseba Usabiaga aktore tolosarra. Goenkale telesailean urte luzez ibili da, baita antzerkian ere. Baina berriki igaro den Zinemaldian Pikadero filmeko aktore nagusia izan da Barbara Goenagarekin batera.

Miren Manias ikerlari oñatiarrak, aldiz, kanpotik aztertu du azken urteetako euskal zinemagintzaren bilakaera. Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen, eta hori amaitu ostean, lau urteko ikerketan murgildu zen. Iragan ekainean aurkeztu zuen Euskarazko zinemaren produkzioa eta finantziazioa: 11 film luzeren azterketa ekonomikoa izeneko tesia, eta 2005az geroztik, gure industriaren nondik norakoen inguruko datu oso interesgarriak eskuratu ditu.

Zita

Bada, 30 urteen bueltan diren lau gonbidatuak eta gu geu, Zinea.eus atariko kudeatzaileak, Durangoko Azokako Irudienean izango gara abenduaren 6an, igandea, 12:00etan. Bertan esango direnak entzuteko irrikatan bazaude, apuntatu zita egutegian!

‘Euskal zine industriaren belaunaldi berria’ Durangon

Euskal pantailaren gunea