Euskal sortzaile ugari ariko dira Edinburgoko jaialdietan (#scotlandgoesbasque)

Euskal sortzaile ugari ariko dira Edinburgoko jaialdietan –

Fringe arte eszenikoen jaialdiaren baitan, gaur hasi eta aste honetan zehar ikusgai izango dira Tio Teronen Semeen FreshCool, Krego-Martin Danza, Akira Yoshida eta HQPCk osatutako Basque Showcase eta Atlantik 1050; eta hilabete osoan ikusgai da 2Theatre taldearen Interbeing: Stories From a Current War.

Guztira 48 izango dira #ScotlandGoesBasque programari esker Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan esku hartuko duten euskal artistak.

Edinburgo honezkero murgilduta dago bere udako jaialdietan eta horien baitan, abuztuaren 1tik 25era bitartean, Etxepare Euskal Institutuaren #ScotlandGoesBasque programari esker, arte eszenikoen eta letren alorretako 48 euskal sortzaile izango dira Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan euren lana aurkezteko. Egunotan arte eszenikoen eta literaturaren hiriburu den Edinburgon izateak aukera emango die euskal artistei han bildutako bertako zein atzerriko ikusleei euren lana aurkezteaz gain, nazioarteko profesional ugarirekin harremanak garatzeko.

Gaurtik abuztuaren 18ra bitartean bereziki nabarmena izango da euskal sortzaileen presentzia Edinburgon, epe horretan izango baitira euskal artisten emanaldi gehienak. Eskoziar hiriburura bidaia egingo dutenak dira, batetik, Fringe jaialdian ariko diren 2Theatre antzerki konpainia, Tio Teronen Semeak, Krego-Martin Danza, Akira Yoshida, Proyecto Colectivo HQPC eta Atlantik 1050 ikuskizunean esku hartuko duten dantzari eta musikariak; eta, bestetik, Edinburgh International Book Festival jaialdian esku hartuko duten Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte idazleak eta Joseba Etxegoien eta Eñaut Elorrieta musikariak.

Edinburgh Festival Fringe, arte eszenikoen mundu mailako jaialdirik handiena hastearekin batera, abuztuaren 1ean estreinatu zuen 2Theatre bilbotar antzerki konpainiak Interbeing: Stories From a Current War antzezlana. Abuztuaren 25era bitartean izango da ikusgai Assembly Rooms aretoan (https://www.assemblyfestival.com/whats-on/interbeing-stories-from-a-current-war).

Bihar, abuztuaren 7 asteazkenean, Tio Teronen Semeak taldeak FreshCool kaleko ikuskizuna aurkeztuko du Royal Mile Mercat Stage eszenatokian. Orotariko egoera barregarri eta absurdoak biltzen dituen ikuskizun hori abuztuaren 10 larunbatera bitartean egunero izango da ikusgai.

Abuztuaren 8 ostegunean, aldiz, Basque Showcase estreinatuko da Dance Basen, Eskoziako Dantza Zentro Nazionalean. Muntaia horretan Fringerako espreski moldatutako hiru ikuskizunen laginak bata bestearen ondoren, erakustaldi bakarrean aurkeztuko dituzte beste horrenbeste konpainiek: Krego-Martín Danza konpainiak bere (Non) Comfort Zone aurkeztuko du, Akira Yoshidak Home eta Proyecto Colectivo HQPCk, berriz, Habrá que ponerse cachas. Basque Showcase abuztuaren 11ra arte izango da ikusgai Dance Base-n.

Abuztuaren 9 ostiralean, Atlantik 1050, euskal zein eskoziar dantza tradizionalen ikuskizunaren erabateko estreinaldia izango da Edinburgoko kaleetan. Etxepare Euskal Institutuak, Errenteriako Atlantikaldia jaialdiak eta Dance Base-ek, Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak sustatu eta eskoziar zein euskal sortzaileen elkarlanetik sortutako ikuskizun horretan eskoziar zein euskal dantzariak ariko dira eta ostiralean bertan hiru gune ezberdinetan aurkeztuko dute Atlantik 1050.

Abuztuaren 10 larunbatarekin hasiko da Edinburgh International Book Festival jaialdia, letren nazioarteko hitzordu gailena, eta hilaren 18ra bitartean euskal literatura gonbidatu berezia izango da horretan. Larunbatetik aurrera, beraz, Fringe arte eszenikoen jaialdian ez ezik, Book Festival-en ere izango dira euskal sortzaileak. Hartara, eguerdian Dance Base-n Basque Showcase ikusgai den bitartean, Book Festival-en programazioan, Iban Zalduak eta James Robertson idazle eskoziarrak Txekhov vs. Shakespeare egitasmoan sortutako gutun-bilduma biltzen duen liburua aurkeztuko dute, Garden Theatre delakoan. Eta arratsaldean, berriz, Harkaitz Canok bere Twist nobelaren inguruan hitz egingo du Jumoke Verissimo poeta nigeriarrarekin, Book Festival-en Writer’s Retreat gunean; ondoren, Tio Teronen Semeen azken emanaldia izango da Royal Mile Mercat Stage-n, Fringe jaialdian.

Abuztuaren 11 igandean, eguerdian, Basque Showcase eszenaratuko dute azkenekoz eta, aldi berean, Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra Zinzi Clemmons estatubatuar idazlearekin ariko da solasaldian. Arratsaldean, Book Festival-en programazioaren baitan, Harkaitz Canok, Danele Sarriugartek eta Joseba Etxegoienek Wine and Words: A taste of Basque culture saioan hartuko dute parte; eta iluntzean, halaber, Uxue Alberdik, Danele Sarriugartek eta Eñaut Elorrietak Scotland Goes Bertsolaritza! emanaldia aurkeztuko dute Unbound zikloan.

Abuztuaren 12 astelehenean, arratsaldez, Uxue Alberdi Indigenous Voices zikloan izango da, Ciara MacLaverty poetarekin eta Rachel Newton kantari eta harpistarekin batera, Throwing Voices aurkezteko.

Ondoren, abuztuaren 17 larunbatean Bernardo Atxaga izango da Edinburgh International Book Festival jaialdian: Indigenous Voices zikloan, bere lanen itzultzaile Margaret Jull Costarekin batera Nevadako egunak bere eleberriaren inguruan hausnartuko du.

Eta abuztuaren 18 igandean Eider Rodriguezek itxiko du euskal sortzaileen esku hartzea Book Festival-en. Goizean, Ten at Ten zikloaren baitako irakurketa saioan izango da eta, ondoren, itzulpenaren inguruko maisu eskola emango du Margaret Jull Costarekin batera.

Euskal sortzaile ugari ariko dira Edinburgoko jaialdietan (#scotlandgoesbasque)

EUSKAL SORTZAILEAK EDINBURGON

Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival.

Abuztuak 1-11 / 13-19 / 21-25

15:30etan: 2Theatre: Interbeing. Stories from a current war. Assembly Rooms (Ball Room). Edinburgh Festival Fringe

Abuztuak 7, asteazkena

13:45etan: Tio Teronen Semeak: FreshCool. Royal Mile Mercat Stage. Edinburgh Festival Fringe

Abuztuak 8, osteguna

11:15etan: Tio Teronen Semeak: Fresh Cool. Royal Mile Mercat Stage. Edinburgh Festival Fringe

12:15etan: Basque Showcase: Akira Yoshida (Home); Krego-Martin Danza ((Non) Comfort Zone) eta Proyecto Colectivo HQPC (Habrá que ponerse cachas). Dance Base. Edinburgh Festival Fringe

Abuztuak 9, ostirala

12:15etan: Basque Showcase: Akira Yoshida (Home); Krego-Martin Danza ((Non) Comfort Zone) eta Proyecto Colectivo HQPC (Habrá que ponerse cachas). Dance Base. Edinburgh Festival Fringe

16:15etan: Tio Teronen Semeak: FreshCool. Royal Mile Mercat Stage. Edinburgh Festival Fringe

Egunean zehar, 3 une ezberdinetan: Atlantik 1050. Edinburgoko kaleetan. Edinburgh Festival Fringe

Abuztuak 10, larunbata

12:15etan: Basque Showcase: Akira Yoshida (Home); Krego-Martin Danza ((Non) Comfort Zone) eta Proyecto Colectivo HQPC (Habrá que ponerse cachas). Dance Base. Edinburgh Festival Fringe

12:30etan: Iban Zaldua & James Robertson: Identity and language exchange. Chejov Vs Shakespeare. Garden Theatre. Edinburgh International Book Festival

15:30etan: Harkaitz Cano & Jumoke Verissimo: The Bonds That Break Us. Writer’s Retreat. Edinburgh International Book Festival

16:15etan: Tio Teronen Semeak: FreshCool. Royal Mile Mercat Stage. Edinburgh Festival Fringe

Abuztuak 11, igandea

12:15etan: Basque Showcase: Akira Yoshida (Home); Krego-Martin Danza ((Non) Comfort Zone) eta Proyecto Colectivo HQPC (Habrá que ponerse cachas). Dance Base. Edinburgh Festival Fringe

12:15etan: Miren Agur Meabe & Zinzi Clemmons: Living, Loving and Loss. Baillie Gifford Corner Theatre. Edinburgh International Book Festival

18:00etan: Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte, Joseba Etxegoien: Wine and Words. A taste of Basque culture. The Spiegeltent. Edinburgh International Book Festival

21:00etan: Uxue Alberdi, Danele Sarriugarte, Eñaut Elorrieta: Unbound: Scotland Goes Bertsolaritza! The Spiegeltent. Edinburgh International Book Festival

Abuztuak 12, astelehena

18:00etan: Uxue Alberdi, Chiara Maclaverty & Rachel Newton: Throwing voices. The Spiegeltent. Edinburgh International Book Festival

Abuztuak 17, larunbata

19:00etan: Bernardo Atxaga & Margaret Jull Costa: Sin City Through Basque Eyes. Baillie Gifford Corner Theatre. Edinburgh International Book Festival

Abuztuak 18, igandea

10:00etan: Eider Rodriguez: Ten at Ten. Writer’s Retreat. Edinburgh International Book Festival

14:00etan: Eider Rodriguez & Margaret Jull Costa: Translation Workshop. Kimpton Charlotte Square Hotel. Edinburgh International Book Festival

Euskal sortzaile ugari ariko dira Edinburgoko jaialdietan Euskal sortzaile ugari ariko dira Edinburgoko jaialdietan