Euskal PEN Idazluma 2010 bi banatuko dira Durangoko Azokan

Mahai-inguruaren amaieran, Laura Mintegi idazle eta Euskal PENeko lehendakariak “Euskal PEN Idazlumak 2010” emango dizkie bi hizlariei, lehena Azadiya Welat egunkariko kazetariei helarazteko eta bigarrena Egin egunkariko Jabier Salutregi eta Teresa Toda kazetariei eranateko, egun biak kartzelan baitaude.

Azadiya Welat egunkaria

1992an sortu zen Istanbulen Welat aldizkaria eta 2006tik Diyarbakir hirian (Kurdistan) argitaratzen da egunkari gisa. Azadiya Welat da kurdueraz argitaratzen den egunkari bakarra, eta dozenaka aldiz itxiarazi du Turkiako gobernuak. Azken itxialdia joan den abuztuan izan da. Horretaz gain, Azadiya Welat-en eta kurdueraz diharduten beste hedabide batzuetako hogeita hamar kazetari hil dituzte urteotan. Tartean zen Musa Anter, “Welat” aldizkariaren sortzailea, 1992an eraila; 2006an Europako Giza Eskubideen Batzordeak Turkia zigortu zuen hilketaren errudun izateagatik. Erail duten azken langilea Metin Alatas izan da, 2010eko apirilaren 4an Adana hirian. Vedat Kursun zuzendari ohiari 166 urteko kaltzelaldia ezarri diote joan den maiatzean, eta beste 32 kasutan dago auziperatuta. Denetara 535 urteko zigorra betearazi nahi diote. Kursun-en aurreko zuzendaria ere, Ozanc Kilinc, espetxean dago 21 urteko zigorrarekin.

“Egin” 

1977an sortu zen hamar pertsonek milioi bat euro jarri zutelako eta beste 24.000 pertsonek kopuru txikiagoak. Sortu zen egunetik sarritan jasan zituen erasoak ideia independentistak agertzeagatik. Bi kazetari erailak izan ziren Josu Muguruza eta Xabier Galdeano. 1998an egunkariaren itxiera agindu zuen Baltasar Garzon epaileak, ETAren agindupean zegoelako salaketa pean, eta 2006an, zortzi urte beranduago, hasi zen epaiketa kazetarien eta zuzendaritzakoen aurka: Jabier Salutregi eta Teresa Toda zuzendari eta zuzendariordea, eta Jose Luis Elkoro, Jesus Mari Zalakain, Xabier Alegria, Karlos Trenor, Manuel Intxauspe, Isidro Murga, Patxi Murga, Pablo Gorostiaga, Xabi Otero eta Iñaki Zapiain. 2007ko abenduaren 1ean kartzelara eraman zituzten gehienak, eta ordutik daude giltzapean Teresa Toda eta Jesus Mari Zalakain horien artean. Salutregi hilabete batzuetan aske utzi bazuten arte, berriz dago kartzelan. Hasierako zigorrak (10 eta 12 urteen artekoak) jaitsi eta egun 6 eta 8 urteko zigorrak bete behar dituzte, 2015era arte alegia.

Euskal PEN Idazluma

Aurtengoa PEN Idazlumaren seigarren edizioa izango da. 2005ean Joan Mari Torrealdaik jaso zuen, euskal kulturaren alde eta frankismoaren garaiko zentsuraren inguruan egindako lanagatik. 2006an Harold Pinter idazle britaniarra eta Literatura Nobel saridunari eman zitzaion PEN Idazluma. Kasu hartan agerian utzi nahi izan zen Pinterrek literatura txokoratuen alde egindako lana, esaterako Mountain Language antzerkilanean hizkuntza kurdoaren alde egindakoa. 2007an Juan Jose Agirrek jaso zuen beneditarrek Lazkaon duten Artxibategian 1973tik egindako lanagatik. 2008an Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar kazetari kurduek merezi izan zuten Idazluma, eta biak dira Euskal PENeko Honorary Members. Heriotza zigorra jaso zuten Iranen eta kartzelaratuta daude. Beraiek senideak, Leyla Hassanpour arreba eta Hadi Butimar anaia, Gasteizko eta Iruñeako Parlamentuetan hartu zituzten eta Bilbon egin zitzaien omena. 2009an Txomin Peillenek jaso zuen Idazluma, adierazpen askatasunaren aldeko jarrera irmoagatik eta, baita ere, Euskal PEN sortu edo bersortu den hiru aldietan (1951ean, 1987an eta 2004an) bera kide izan delako.

Azadiya Welat egunkariko zuzendaria izango da hitzaldia eskaintzen

Irudia | Azadiya Welat egunkariko zuzendaria izango da hitzaldia eskaintzen | Azadiya Welat | LGPL

Kazetaria, yoga irakaslea, irakurlea, bilatzailea...