Euskal Literatura ez dabil

Mzk4Mw==

Euskal literatura (orokorrean) aspergarria da. Ni neu aspertzen nau. Euskarara jauzi egin nahi duenen batek gomendio eskatzen didanean, pentsatzen hasi eta euskaratutako libururen bat etorri ohi zait gogora (azken biak, “Larrua hotz” eta “Lagun armatua”, zehatz-mehatz); bestela, “klasikoren bat” gomendatu behar diot: Lertxundi, Saizarbitoria, Atxaga… Euskal literaturak (orokorrean) aspetzen nau eta aspertuta nago betiko liburuak gomendatzen. Eskerrak gero eta itzulpen hobeak ditigun!

Euskal literatura (orokorrean) urruna eta handinahia da. Tema handia hartu dugu demontrezko homologazioarekin, kanpoan nola egin, guk halaxe. Hala balitz, gaitz erdi, baina tamalez kanpotik hartutako ereduak gaitz berak kutsatuta ekarri ditugu, homologazio birusak jota, alegia. Globalizazioak inposaturiko endogamia kulturala ote. Egin dezagun denok autofikzio liburu bat bigarren pertsonan kontatua (noiz pluralean noiz singularrean, arrazoi logikorik gabe), New Yorkeko edo Londresko kaleetan girotua (baina hiriaren izena aipatu gabe) eta hogeita hamabi urteko BBK neska-mutil pijo eta sexualitate definitu gabekoa protagonista duena, hitz asko batu baina ezer gutxi kontatzeko. Ene, Pasaiako portua baino leku literariagorik ez dago! Euskal gizartearen konplexutasuna harrobi agortezina da idazteko, eta oraindik apenas ekin diogu auto-disekzioari. Berandu bagabiltza, disekzioa egingo digute guri, behin hilda.

Euskal liburugintzan literatura jaun eta jabe da, eta hori ez dago gaizki, baina zenbat aldiz ikusi dudan penaz interesatzen zaizkidan beste gai batzuei buruz erdaraz irakurri behar dudala ezinbestez! Liburu dibulgatiboez ari naiz, biografiez, argazkigitzari buruzkoak, arkitekturari buruzkoak, botanikari buruzkoak (izan ere, baratza jarri nahi nuen balkoian, eta azkenean erdaraz jarri behar izan nuen)… Horrelako liburuek garrantzi handia dute irakurleak osatzeko, hezitzeko, liburugintzan korpusa eratzeko. Ez dut esan nahi erdaraz irakurtzea txarra denik, noski; esan nahi dut erdaraz behartuta irakurtzea ez dudala gustuko, hala nola ez dudan gustuko erdaraz behartuta hitz egitea. Gaur egun ezinezkoa da euskaraz bizitzea, baina errua ez da besteena bakarrik.

Euskal literaturan dena da luxuzko edizioa. Badakit, itsusia da kultura garestia dela salatzea, baina azken bideojokoa eskuratzeko berrogei euro ordaintzeko prest ez dagoen gazte batek (16 urtetik 35era arteko batek, adibidez) nekez ordainduko ditu hogei euro liburu baten truke, militantziak jota ere (demagun BBK pijoaren istorioak itsuki erakartzen duela). Zenbat irakurle berri uxatu ote ditu liburuaren prezioak? Proposamena inor ez kaltetzeko (ez badira inprentak): gutxitu edizio gastuak.

Eta ustel kiratsa estaltzeko lurrina garestia da oso, baina hori gau luze baterako utziko dut.

Irudia | Liburu artean galduta cc-by-sa Or Hiltch | Or Hiltch | Creative Commons By SA
euskal literatura
Gonzalo Etxague

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

4 pentsamendu “Euskal Literatura ez dabil”-ri buruz

  • Iñakito Garay 2010-12-08 00:00

    Arraioa Etxague jauna, asko interesatu zaizkit zuk esan dituzunak. Nik neuk zuk baino plazer handiagoa hartu izan dut gure letretan, baina ulertzen dut zure irudipena. Orain espero dut hemen dabilen hainbeste idazle, editore eta enparauren artetik baten batek erantzungo dizula nik baino ganora handiagoarekin, izan ere Durangoko Azokaren egun hauetan ZuZeuk discotequea baitirudi hainbeste liburu, eta hainbeste editorialen neoi-argitxoekin, denak klixkaka bazterretatik. Zain geratzen naiz, beraz.

  • Ados orokorrean. Hala ere, itzulpengintza ere gaitz berberak kutsaturik ikusten dut neurri handi batean; itzulpen literarioez ari naiz, ez adminisnistrazioaren testu hermetikoez edo euskararen hizkuntza-paisaia negargarriaz… Kontua da hemen homologazio-grina askotan mugatzen dela erdaraz (eta erdaraz gaztelaniaz da, ze, hain postmoderno izaki, zenbatek irakurtzen dute gaztelaniaz beste hizkuntza batez?) arrakasta izan duten zenbait liburu itzultzera… lauzpabots urteko atzerapenarekin. Itzulgaietan oso gustu konkretu eta zehatzak nabari dira, gehiegitan modaren araberakoak, baina inolako plangintzarik ez. Gehitu horri euskal kulturak hain maite duen simulakroa: gaztelaniatiko itzulpenak, hain zuzen. Non irakurtzen dira, ba, Zuberoako baserrietan? Gaur oso xaloa iruditiko zaigu Jokin Zaitegi baten ekimena, idazle greziarrak edo Shakespeare euskaratzeari ekion zionean bakardade gorrienean, baina bulkada kultural horretatik zeozer berreskuratu behar genuke, gurdia idien aurrean jarriko ez badugu, behintzat.

  • Amonamantangorri 2010-12-08 22:40

    Neronek ere aitortzen dut, noizbait euskal liburu bat gomendatzeko eskatu izan didatenean tonto aurpegiarekin sabaira begira gelditu naizela, zer esan ez dakidala, eta ez ugaritasunagatik prezisamente. Hala ere, azkenean beti bururatzen zaizu izenen bat: dena ez da basamortua. Epalza, Cano, Saizarbitoria…

    Errua nork duen? Nik ez dakit zer izan zen lehenago, oiloa ala arrautza. Euskaldunek Diario Vasco eta Marca irakurri eta Salvame ikusten baitute telebistan, horrexegatik ez dago euskal industria kulturalik eta pulamentuzko produkziorik, ala bestela, produkzio eskasa, aspergarria edo elitistegia dela eta jendeak ez du euskal kultura kontsumitu nahi? Ez da galdera erretorikoa.

  • Gonzalo Etxague

    […] This post was mentioned on Twitter by Alber Vazquez, zuzeu. zuzeu said: Euskal Literatura ez dabil: https://zuzeu.eus/?p=19992 […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude