Euskal liburu digitalen basamortua

(Cc-by-sa: Joxe Aranzabal. Faroa). Azken aldian kezkatuta nabil euskal liburu digitalen egoeraz. Susa salbu, euskal argitaletxe gehienek garesti eta formatu itxian saltzen dituzte liburuak sarean. Gainerako hizkuntza handietan, berriz, aukera oso zabala da: bertan aurki daitezke liburu garestiak, erdi prezioan, merkeak eta, asko eta asko, doan jaisteko moduan.Etxea liburuz beteta daukat, denak erosita. Ikasle nintzela, berriz, poltsikoan dirurik ez, eta ostu egin nuen liburu bat baino gehiago. Gutxi izan ziren, egia esan, zeren sekulako lotsa pasatzen bainuen hori egiten nuen bakoitzean. Aldiz, ikasketak amaitu eta lanean hasi bezain laster, hasi nintzen liburuak erosten zintzo-zintzo, etxea bete arte ia.Gaur egun ere, gazte asko ari dira liburuak jaisten (euskaraz ez, gure hizkuntzan ia ezer ez baitago eskuragai, salbu eta Susak jarri duena), besteak beste dirurik ez daukatelako. Baina seguru nago bihar-etzi erosle finak izango direla horiek ere, ohitzen badira euskaraz irakurtzen. Horregatik, gero eta zentzu handiagoa ikusten diot Susaren estrategiari, ziurtatzen baitie eskaintza bat gaur egun dirurik ez daukaten gazteei.

Aitortu beharra dut gaur egun liburutegi sare ona dugula Euskal Herrian, gure gaztarokoa baino dezente hobea bai. Hala ere, gazte askok Interneten bilatzen dute bazka. Bertan ez badute ezer erakargarririk aurkitzen, alde egingo dute betiko euskal letretatik. Ez da onartuzkoa Gurebook dendak eskatzea 14,14€ Bilbao-New York-Bilbao liburuaren formatu digitaleagatik paperean 19,33€ balio duenean (Amazonek, gainera, 6,17€ kobratzen du liburu horrengatik Kindlerako bertsioan). Estrategia horiek hil egingo dute euskarazko liburu digitala.

Euskal argitaratzaileek estrategia irekiak sortu beharko lituzkete, gazteak (eta ez hain gazteak) erakartzeko. Bat izan liteke Susak plazaratutakoa (formatu digitalean prezioak merke jarri, eta gero bezeroak erabaki dezala ordaindu ala ez liburu batengatik). Beste bat, sustapen kanpainak abiaraztea, zeinen arabera paperezko liburu bat erosten duenak aukera izan lezake liburu horren kopia digitala jaisteko, doan.

Ulertzen dut hitz hauek ezinegona sortzea euskal idazle eta argitaratzaileengan, baina paradigma berri batean sartzen ari gara (pentsatu zelako aldaketa ekarri zuen Gutenbergek bere garaian, hankaz gora jarri zuenean monasterio eta jauntxo gutxi batzuen monopolioa liburuak argitaratzeko), eta euskal liburu digitalak ez badaude sarean modu onean eskuragai, beste hizkuntza batzuetan gertatzen den bezala (garesti, erdi prezioan, merke eta doan), ez dugu euskal libururik aurkituko gure irakurgailu eta tableta digitaletan.

ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Euskal liburu digitalen basamortua”-ri buruz

  • megaupload itxi zuten arte, bazen zerbait…
    http://esporak.blogspot.com.es/

  • Susaren eskaintza oso ona da, baina hortik aparte gutxi dago. Adibidez, Patricia Highsmith-en “Poliki, poliki haizetan” eskuratu nahi dut. Erosteko aukerarik ez dut aurkitu inon, Esporak blog horretan bazegoen, Megauploaden soilik… Gero esango dute euskaraz ez dela irakurtzen… baina liburu elektronikoen moda aspaldi pasa zen, eta oraindik horrela gabiltza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude