Etxera bidean jartzeko gomendioa

Etxera bidean jartzeko gomendioa –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

Aste honetako artikuluaren gaia pentsatuta neukan, baina ia azken momentuan aldatzea erabaki nuen. Lehenengo gaia denon ahotan dabilen horietako bat zen, baina interes handikoa, jakina, betiko moduan (jarri zuek emotikonoa). Interesgarria bai, baina maiztuegia, beharbada. Sari batek piztu dit gai berriaren ideia, eman berri den premio batek.

Gaurkoan lagun batek idatzitako liburu baten gainean hitz egingo dizuet. Nepotismoa lirudike, baina Euskadi sariak bermatzen du ez diodala koiperik emango adiskideari, ondo merezitakoa dela, alegia. Egia da batzuetan ez garela objektiboak estimatzen dugun jendearekin, eta estimu horrek askotan pentsamendua lausotzen digula. Baina ez da kasua.

Etxera bidean jartzeko gomendioaEtxera bidean da liburua, eta Juan Carlos Etxegoien Xamar da laguna. Euskadi saria eman diote, entsegu alorrean. Lerro honetan batek baino gehiagok laga dio artikulua irakurtzeari saiakera berba leitzeaz bat, izua sortzen duelako publiko zabalaren artean, saiorik ia inoiz irakurri ez duten seinale. Are gutxiago Xamarrena; izan ere, txikitik diharduelako egileak, bizipen propioak kontatzen, pasadizo txikiak, inongo arrandiarik gabe; bera den bezalakoa.

Garraldako (Nafarroa) historia kontatzen da liburuan, baita idazlearena berarena ere. Aezkoako herri horretako euskara galtzearen eta berreskuratzearen prozesuaz ere mintzo da Etxegoien. Sarritan, haurtzaroko oroitzapen moduan gauzatu du paperean, irakurleari gaztetako esperientziak eta aurkikuntzak kontatuz.

Egongo da irakurlerik liburua kostunbristatzat hartuko duenik, baina guztiz kontrara dela esango nuke, bizi-esperientzia konkretu batzuetatik orokortasuna inferitu litekeelako, gure hizkuntza eta herriaren historia narratzen duela txikitik, eta erraz-erraz handira pasatu ahal dugula. Ni neu ere identifikatuta sentitu naiz pasarte batzuetan nahiz eta Xamar Pirinioetakoa izan, eta nire herria zuloan egon Gipuzkoan; nahiz eta urte gutxi batzuetako aldea izan, biok bizi izan dugu hizkuntzaren berreskuratze prozesua, eta gure moduan, baita beste askok ere. Hori da liburuaren mamia, hain zuzen. Horrek ematen dio, hein baten, unibertsaltasuna. Eslogan ekologista famatuari, Globalean pentsatu, lokalean ekin-i, buelta eman dio idazleak oraingoan: lokalean gertatzen dena, globalean ere gertatzen da.

Hor dago gakoa; gure historia pertsonaletatik jauzi egitea, historia global bat sortzeko. Gure huts eta galtzeen historia, zer gertatu zen jakiteko, eta kaltea konpontzeko zer egin litekeen eta nola eragin genezakeen ikusteko. Atzeak erakutsi behar digulako aurreak nola dantzatu.

Pentsatzen dut gure osteko belaunaldiei ez diegula behar beste (eta behar bezain ondo) kontatu zein hondamen sufritu genuen, zenbat kostatu den orain dugun apurtxoa edukitzea. Hain zuzen, bide horren berri emateak galtzadak zabaltzeko aukera emango ligukeela uste dut. Horregatik da hain garrantzitsua. Eta guztiaren gainetik etxea metafora gisa, gure gutasunaren sinbolo bihurtuta. Horrela planifika genezake zer egingo dugun apurtuta eta hondamen zorian daukagun etxe hori berreraikitzeko. Noiz jarriko garen eta nola egingo dugun bidea, etxera bidea.

Gehituko nuke oso atsegina dela irakurtzeko, eta aezkera apur bat ikasteko ere balio duela. Liburu ederra, berba baten. Beraz, irakur ezazue, merezi du eta.

Xamar, zorionak, bitan!

Etxera bidean jartzeko gomendioa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.