ETB1, mariatxiak eta euskal musika

ETB1, mariatxiak eta euskal musika –

Duela zenbait urte, ETBk iragarri zuen larunbat arratsetan “Oholtzan” saioa programatuko zuela. Itxura batean, eskaintza interesgarria: Euskal Herriko kontzertu edo antzerkien ikusteko mentura zegoela pentsatu genuen. Berehala ohartu ginen usteak erdi ustel gelditu zirela. Mariatxiak bihurtu dira ETB1eko larunbateko programazioaren ikur, anitzen etsipenerako.

ETB1, mariatxiak eta euskal musika

Euskarazko telebista publiko gisa, ETBren betekizuna izan behar luke inguruko kultura hegemonikoek itotzen duten euskal kultura babestea. Gisa horretan, programazio orduak betetzeagatik egiten den programazio hori antzua da euskal musikarentzat edo euskal antzerkiarentzat; baina, batez ere, telebistatik desagertuta egotea kaltegarri ere izan daiteke. Euskal musikak eta antzerkiak behar du tokia hedabideetan.

Jakinik euskal musikari eta kantari anitz badagoela gaur egun, gazteak, aspaldikoak edo desagertutako taldeak edo zendutako kantariak, penagarria eta deitoragarria da telebistan ez dezaten tokirik izan, eta haien ordez mariatxiak edukitzea, behin eta berriz. Komunikabideek funtsezko papera betetzen dute gizarte baten eraketan. Ez dira eragile bakarrak, baina eragin handia daukate herri baten egituraketan edo desegituraketan: zein informazio ematen den edo ez, zein mapa erakusten den, nongo berriak ematen diren, zein balio transmititzen den… Bistan da, zabaltzen den kultura ereduak ere eragina dauka.

Horra proposamen bat: “Oholtzan” saioan programatzea euskal kantari eta musikarien kontzertuak, euskal antzerkiak, eta artista horiekin egindako elkarrizketak. Kontzertuak eta antzerkiak izan daitezke oraingoak edo artxibokoak. “Hitzetik Hortzera” saioak, Bertsozale Elkartearen partaidetzan, bertsolaritzari leiho bat eskaintzen dion gisan, edo “Sautrela” saioak literaturari, euskal musikari eta antzerkiari eman dakioke toki duin bat. Lan egin lezake, adibidez, Badok.eus atariarekin edota Euskal Herriko AntzerkiZale Elkartearekin (EHAZE).

“Bai, baina”-rik ez! Arazoek beti badituzte aterabideak. Telebista publikoak zerbitzu hori eskaini behar du. Arriskuan dagoen gure hizkuntza eta kultura babestu behar ditu. Erakunde publikoek sustatu eta lagundu behar dute horrelako programazio bat.

Eneko Bidegain – Mondragon Unibertsitatea

ETB1, mariatxiak eta euskal musika

Zer duzu buruan “ETB1, mariatxiak eta euskal musika”-ri buruz

  • asko legoke hitzegitea kultura hejemonikoei buruz edo zergaitik popa eta rocka sustatzen diren bertako musika adierazle bakar eta zergaititk onartzen dugun euskalduntzat hizkera nahaspilatuetan egindakoa (euskera, gaztelera, inglelesa)munduko guaiena bailitz.
    Euskal hedabideetan ba dira beste hegemonia, lagunkeri eta hainbat kontu EITBz gain sorkuntza eta orijinalitatea itotzen dutenak, kokatuak dauden dinosaurioen mesedetan, kultura azpiratua euskal kultura bezala ulertzen dutenak.