Estreinaldiak: Urtarrilak 24

Estreinaldiak: Urtarrilak 24 –

Estreinaldiak: Urtarrilak 24

Estreinaldiak: Urtarrilak 24

.

Dolittle

Duela zazpi urte emaztea hil zitzaionean, John Dolittle doktore eta albaitari ospetsuak bere burua giltzapetu zuen etxe barruan, lagun bakarrak animali exotikoak zituelarik. Baina erregina gaztea larriki gaixotzen denean, Dolittlek ermitau bizitza utzi beharko du eta sendabide baten bila joango da uharte mitiko batera. Umorea eta kemena berreskuratuz, iraganeko etsaiekin gurutzatzen den heinean, izaki zoragarriak aurkituko ditu bidean.

.

Te quiero, imbécil

Ezkontzeko eskaria luzatu aurretik, neska-lagunak utzi egingo du Marcos. Gainera, lanetik bota dute eta gurasoekin bizitzera itzuliko da. Bere bizitza hondamendia bilakatuko da, baina Marcos egoerari buelta emateko prest dago. Nondik hasi ez daki, ordea. Ondorioz, galdera guztien erantzunak aurkitu daitezken lekura jotzea erabakiko du: Internetera. Youtuber baten aholkuak erabiltzen saiatuko den bitartean, Marcosek ezagun batzuekin topo egingo du, baita duda existentzialekin ere.

.

Dark Waters

Benetako gertakarietan oinarritutako lana da Todd Haynes (Carol, 2015) estatubatuarraren ‘Dark Waters’. Robert Bilott abokatuak ezkutuko sekretu bat argitzea lortuko du, eta horri esker, agerian geratuko da mundu osoan famatua den enpresa boteretsu batek heriotza batzuekin duen lotura. Legegizonak dena arriskatuko du egia jakin dadin, baita bere bizia ere.

.

Kaijû no kodomo (Children of the Sea)

Ruka gurasoak bananduta dituen nerabea da. Aitak herriko akuarioan egiten du lan, eta horregatik, alabak denbora asko igaroko du berarekin, bertan bizi diren itsas espezie kopuru izugarriarekin liluratuta. Ezustean, familian arazoak dituzten Umi eta Sora izeneko bi mutil iritsiko dira akuariora, eta haiek ezagutu ahala, berak bezala, ozeanoarekin lotura berezia dutela ohartuko da Ruka. Zoritxarrez, badirudi neska gaztearen bi lagun berrien boterea akuarioaren eta herritarren interesen erdian jarriko dela.

.

Ema

Ema dantzari gazteak Gastónekin duen harremanari bukaera emango dio Polo semea zaintzeko gai ez direla ikusita adopzioan ematea erabaki ondoren. Valparaisoko kaleetan barrena ibiliko da Ema maitale berrien bila, sentitzen duen errua arindu nahian, baina baita galdutakoa berreskuratu nahian ere.

Pablo Larraín (Jackie, 2016) zuzendari txiletarraren azken lana da, Veneziako zinema jaialdian aurkeztu eta kritika onak jaso zituena.

.

Om det oändliga (About Endlessness)

Gizaki orok bere bizitzan zehar igarotzen dituen garai ezberdinak aurkeztuko ditu istorio laburren bidez, ekialdeko ipuin tradizionalen antzera. Elkarren artean loturarik ez duten kontaketekin osatu du zuzendariak gidoia, eta zuzendariak bere ibilbidean egin dituen beste lanen ukitu pertsonala eta berezia dauka: erabiliko duen tonu hotz, serio eta estatikoagatik nabarmenduko da.

.

Nan Fang Che Zhan De Ju Hui (The Wild Goose Lake)

Kartzelatik atera berri den gansterra da Zhou Zenong. Gaizkile-taldeen arteko liskar baten ondoren ihesi joango da, zaurituta, polizia eta bandetako kideak atzetik dituela. Ihesaldian, Liu Aiai prostitutarekin egingo du topo, baina ez dago garbi honek lagundu egingo dion ala aukera duen bezain pronto salduko ote duen. Thriller itxurako lan honetan gaur egungo Txinaren argazkia egin nahi izan du Diao Yinan zuzendari eta gidoigileak.

 .

Dem Horizont so nah

Tim Trachte zuzendari alemanaren film erromantiko honetako protagonista nagusia Jessica gaztea da. Ez du aparteko arazorik bere bizitzan, eta aurretik etorkizun oparoa duela dirudi. Gau batean, Danny ezagutuko du, bere ametsetako gizon paregabea. Hasiera batean txundituta utziko badu ere, pixkanaka-pixkanaka Jessica konturatuko da Dannyk plantak besterik ez dituela egiten eta ez dela berak uste duen bezalakoa. Itxurakeriaren mende dagoen gizarte honetan, biek ikasi beharko dute aurreiritzi eta bazterketari aurre egiten, denbora aurka izango badute ere.

.

Gospod postoi, imeto i’ e Petrunija (God Exists, Her Name Is Petrunya)

Mazedoniako herri txiki batean ohitura bera dute urtero: apaiz ortodoxoak gurutze bat botako du uretara herriko gizonek bilatu eta aurkitzen saia daitezen. Oraingoan baina, Petrunijak aurkituko du gurutzea, baina emakumearen ausardiak ondorio larriak izango ditu: gizon guztiak aurka jarriko zaizkio. Petrunijak ez du kikiltzeko asmorik izango, ezta gurutzea itzultzeko intentziorik ere, bere ustez meritu osoz irabazi baitu lehiaketa.

Teona Strugar Mitevska zuzendari feminista mazedoniarrak benetako gertakari batean oinarritu du bere, eta Europako Parlamentuaren Lux saria jaso du.

.

Cholitas

Mendiko espedizio batera doazen bost emakume indigena boliviarren istorioa du ardatz: Lidia, Liita, Dora, Rlena eta Ceciliarena. Amerikako mendi garaiena(Aconcagua) igoko dute beraien soineko tradizionalak daramatzatela. Mendian gora, aske, zoriontsu eta bizi sentituko dira emakume ausart eta inspiragarri hauek, eta tradizioa mantentzen eta naturarekin bat egiten irakatsiko diote ikusleari.

Estreinaldiak: Urtarrilak 24

Euskal pantailaren gunea