Zer helduko da gaur zinemetara?

zinema estreinaldiak >

Estreinaldiak: Martxoak 24

zinema estreinaldiak

EGILEA: MAIALEN GOÑI

 

En man som heter Ove (Un hombre llamado Ove)

Hannes Holm suediarraren lan berrienak komedia onenaren saria eskuratu zuen Europako Zinemaren Sarietan, eta ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onenaren Oscarra jasotzeko hautagaia izan da. 59 urteko Ove da filmeko protagonista, bizitzen jarraitzeko arrazoirik aurkitzen ez duen agure marmartia. Bere buruaz beste egiten ahaleginduko da, baina soka hautsi egingo zaio, eta egunerokoarekin jarraitu beste erremediorik ez du izango. Egun batean, baina, familia gazte bat etorriko da auzora, eta Overen ikuspegia aldatzen hasiko da, iraganeko oroitzapenak berpiztuz.

 

Rara

Txiletik, ostera, iragan Donostia Zinemaldian Sebastiane Latino saria jaso zuen Rara helduko zaigu, Pepa San Martínek gidatutako drama. Gertaera errealetan oinarritutako filma da, Txilen jazotako homofobia kasu ezagun bat ardatz duena. Baina istorioa hamahiru urteko Sararen begietatik kontatuko digu. Izan ere, Sararen gurasoak banandu egin dira, eta amak maitasun harreman bat hasiko du beste emakume batekin. Sararentzat ez da arraroa izango, baina aita ez da gustura sentituko, eta alaben kustodia eskatuko du epaitegietan, lesbiana bikote batekin bizitzea haurrentzat kaltegarria dela argudiatuta.

 

El bar

Alex de la Iglesia zinegile bilbotarraren berriena da El bar, Berlinalen lehenik, eta Malagako Zinemaldian berriki, estreinatu duten filma. Madril erdiguneko taberna batean kokatuta dago, eta goizeko bederatzietan, kafe bat hartzera joango diren hainbat pertsona izango dira filmeko protagonistak. Haietako batek presa izango du, eta tabernatik irtetean, buruan tirokatuko dute. Une horretatik aurrera, barruan geratuko diren bezeroek eta tabernariek, sekulakoak biziko dituzte bertatik irteteko.

 

Une histoire de fou (Una historia de locos)

80ko hamarkadako Parisen girotutako drama. Robert Guédiguian zinegile frantziarrak gidatu ditu Ariane Ascaride, Syrus Shahidi, Grégoire Leprince-Ringuet eta Simon Abkarian aktoreak, terrorismoa eta kulpa sentimendua ardatz dituen filma osatzeko. Jatorri armeniarra duen Aram gazte marseillarrak Turkiak Parisen duen enbaxadorearen kotxea lehertaraziko du. Bertatik igarotzen ari zen txirrindularia zauritu egingo da, eta Aramen amak ospiralera joatea erabakiko du, errudun sentituko delako. 2015eko Seminci jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten filma.

 

Southpaw

Jake Gyllenhaal eta Rachel McAdams Hollywoodeko izarrek emaztearen mesedetan borrokan jarraitzea erabakiko duen boxeolariaren istorioa kontatuko digute, Antoine Fuqua zinegile ezagunaren aginduetara. Filma 2015ean estreinatu zuten AEBetan, eta gurera gaur helduko da.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

Euskal pantailaren gunea