Estreinaldiak badatoz!

Estreinaldiak badatoz! –

Estreinaldiak: Maiatzak 4

Estreinaldiak badatoz!

Egileak: Julen Yusta

Lucky

Filmak 90 urte dituen agure baten bidaia espirituala azalduko digu. Bere inguruko kideek baino bizitza luzeagoa izan ondoren, bizitzako bere azkenengotan ikusiko du bere burua Lucky (Harry Dean Stanton) protagonistak. Amaiera gertu sentitze horrek, autoaurkikuntzara bideratuko du gizona, argialdia helburu.

Nazioarteko aitorpena jaso eta gero iritsiko da filma gure pantailetara. Izendapenak pilatu ditu hainbat jaialditan, eta saritua izan da ere beste zenbaitetan:  Opera Prima onenaren saria, Soinu Banda Onenari saria eta Aktore Onenari saria tarteko. Bereziki estimatua izan da azken hau, izan ere, Harry Dean Stanton aktoreari berari egindako omenaldia da lana. Haren esentzia eta urteetan ezaugarritu duten nolakotasunak ageri dira John Carroll Lynch estatubatuarraren film honetan.

Mi querida cofradia

30 urte baino gehiago eman ditu Carmenek bere herriko kofradiarengatik dena ematen. Bere ametsa gurtza taldeko ‘arreba gorena’ izatea da, baina egungo egituran ez dago onartua emakumeek pisuzko kargurik edukitzerik. Erabakitzeko unea iritsiko da, eta Ignacio kidea izango da kofradeek bozka bidez aukeraturikoa. Zorigaiztoko istripu baten ondorioz, Carmenek konorterik gabe utziko du Ignacio, eta bere etxean ezkutatuko du. Nola azaldu bestela bere errugabetasuna…

Roman J. Israel, Esq.

Roman J. Israel abokatua Los Angelesko sistema penalaren alde ezkutu eta ezezagunean kokatuko da. Izan ere, defentsa abokatu idealista eta bokaziozkoaren papera jokatuko du Denzel Washington aktoreak. Giza eskubideen defentsan ikurra izan den bere mentore baten heriotzak, hankaz gora jarriko du bere bizitza egun batetik bestera. Mentore honen ikasle izan den George Piercek (Colin Farrel) bere enpresan kontratatuko du orduan, eta bertan berdintasunaren aldeko militante porrokatua den emakume gaztea ezagutuko du. Emakumearekin egingo duen laguntasunak, jasoko diren gertakizun batzuekin batera, orain arte ezagutu dituen ekintza eta militantzia moldeak erroz aldatuko ditu.

Nekez topa dezakegu Denzel Washington erraldoiak bikainki betetzen ez duen paperik, eta oraingoan ere nabarmentzekoa da estatubatuarraren lana. Bada, urteko sari garrantzitsu guztietarako izendapena ekarri dio: Oscar Saria, Urrezko Globoa eta Aktoreen Sindikatuarena, besteak beste.

12 strong

2001eko irailaren 11ean jazotako gertakariei erantzun gisa, Afganistanen sartuko dira ZIA – Inteligentzia Agentzia Zentraleko zein indar berezietako eragile batzuk, indar talibanak txikitzeko asmotan.

Gidoik gabeko beste film bat.  Inperialismo amerikarraren beste zantzu bat. Beste bat.

Rebel in the Rye

Sortzaile txalotua, miretsia, baina aldi berean saiheskorra izan zen J.D. Salinger idazlearen biografia pantailaratua dugu hau. Nazioarteko ospea irabazi zuen estatubatuarrak The Catcher in the Rye eleberria kaleratu ostean.

Besteak beste, Kevin Spacey aktorearen lan txukunaz gozatu ahalko dugu, askorentzat errealitatetik behar baino gehiago aldentzen den kontakizun honetan.

Blockers

Iritsi da kurtso amaiera, eta horrekin batera, ikasturte amaierako dantzaldia. Etorriko denaren jakitun, beren alabek gradu amaierako dantza gauean sexu harremanak edukitzea ekidin nahiko duten guraso talde baten istorioa kontatuko du filmak.

Estereotipo ugariri eutsiko dio, arreta puntu nagusi bezala mundu mailan ezaguna den John Cena aktore, abeslari eta borrokalariaren parte hartzea iragarri duen film honek.

Midnight Sun

2006an estreinatutako izen berdineko film japoniarrean oinarrituta dago. 17 urte dituen Katie gaztea da bi filmen protagonista. Gaixotasun arraro batek neska etxean geratzera behartzen du, eguzki printza txikienak ere eragin mortala izan baitezake beregan. Egun batean, Charlie ezagutuko du, eta oztopoz adina maitasunez beteriko uda pasako dute elkarrekin.

Super Troopers 2

Liskarrak hasi dira AEBko eta Kanadako mugetan. Superpoliziak (Mac, Thorny, Foster, Rabbit eta Farva), liskar eremuetako errepideetan patruila postuak jartzera deituak izan dira berriro ere. Superpolizien jarraipena, lehen filmeko bost pertsonaia berdinekin.

estreinaldiak

Zinearen inguruan gehiago jakiteko, zatoz ZINEAra!

Estreinaldiak badatoz!

Euskal pantailaren gunea